Hego Korea

Seulen gutxienez 146 lagun hil dira jende olde baten ondorioz

Ezbeharra hiriburuko auzo ezagun batean gertatu da, Halloween festaren ospakizunean. 150 pertsona zaurituta daude; horietako 74 ospitalera eraman behar izan dituzte.

Larrialdi zerbitzuak zaurituak artatzen, gaur, Seulen. EFE
ander perez zala
2022ko urriaren 29a
20:35
Entzun

Gutxienez 146 lagun hil eta 150 zauritu dira Seulen, Hego Koreako hiriburuan, Halloween festaren ospakizunean izandako jende olde baten ondorioz, Yonhap albiste agentziak jakinarazi eta Choi Cheon-si suhiltzaileen bozeramaileak baieztatu duenez. Barne Ministerioaren arabera, ezbeharra Itaewon auzoan gertatu da, Hamilton Hotelaren inguruan; une horretan 100.000 pertsona zeuden kalean.

Polizia gertaturikoa ikertzen ari da, eta oraindik ez du informazio askorik eman ezbeharraz; hori bai, ohartarazi du hildakoen kopurua igo daitekeela. Lekuko batek Yonhap agentziari esan dio «bat-batean mundu guztia erori» dela, eta «behean zeudenak zapalduta geratu» direla. Hildako gehienak gazteak dira, 20 urte ingurukoak.

Jende oldea gertatu den kalea aldapa estu bat da, eta Hamilton hoteletik gertu dago. Hego Koreako hedabideen arabera, pertsona ezagun bat taberna batean sartu da, eta hura ikusi dutenean, hainbat lagun argazkiak egiten saiatu dira; orduan gertatu da ezbeharra. Zaurituetako 74 ospitalera eraman behar izan dituzte, eta gainontzekoak kalean bertan artatu dituzte; 140 anbulantzia behar izan dituzte horretarako. Moon Hyun-joo suhiltzaileak esan du egoera oraindik ere «kaotikoa» dela.

Yoon Suk-yeol Hego Koreako presidenteak gobernuaren premiazko bilera batera deitu du, eta larrialdi zerbitzuei agindu die berehala joateko ezbeharra gertatu den auzora; inguruan dauden ospitaleei, berriz, eskatu die zaurituak artatzeko behar adina ohe prestatzeko. Oh Se-hoon Seulgo alkatea Europan da bisita batean, eta erabaki du hori bertan behera utzi eta Hego Koreara itzultzea, hiriburuko udalak jakinarazi duenez.

Halloween festaren ospakizunak azken urteotako handienak dira Hego Korean, duela gutxi kendu baitituzte koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz ezarritako neurriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.