Brasil

Lulak irabazi ditu hauteskundeak Brasilen, botoen %50,9rekin

Presidente hautatuak adierazi du «bakea berrezartzea» eta pobreziaren aurkako borroka izango dituela lehentasun. Bolsonarok ez du emaitzen gaineko adierazpenik egin oraindik, eta ez dago argi onartuko dituen ala ez.

'Lula' da Silva Brasilgo presidente hautatu berria, bart, Sao Paulon, hauteskundeetako bigarren itzuliaren garaipena ospatzen. SEBASTIAO MOREIRA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko urriaren 31
06:11
Entzun

Agintera itzuliko da Luiz Inacio da Silva Lula, Brasilen bart herrialdeko hauteskundeak irabazita, bigarren itzulian. Ezkerreko hautagaiak botoen %50,9 eskuratu ditu, eta ia bi punturen aldea atera dio Jair Bolsonaro jarduneko presidente eta eskuin muturreko hautagaiari —%49,1—. Lehen itzulian gertatu bezala, inkestek iragarritakoa baino alde dezente murritzagoa atera dio Lulak Bolsonarori —bost punturen aldea eman zioten azken inkestek—. 2003 eta 2010 bitartean presidente izandakoak, estatuburu ardura hartuko du berriz urtarrilaren 1ean.

«Demokrazia» aldarrikatu du Lulak garaipena eskuratu eta berehala, Twitterren bota duen txioan.

Emaitza ofizialen berri jaso duenean, jendaurrera atera da Sao Pauloko Paulista etorbidean. Milaka jarraitzaile zituen zain garaipena ospatzen. «Bolsonarok ez nau zoriontzeko deitu oraindik, eta ez dakit nire garaipena aitortuko duen ala ez». Zenbait hedabidek aurreratu dutenez, jarduneko presidenteak ez du adierazpenik egiteko asmorik Brasilen egunak argitu arte [Euskal Herriko eguerdi aldera].

Azken asteetan, bozketa sistemaren aurkako adierazpenak egin ditu, eta zalantzak zabaldu ditu hauteskunde agintarien zilegitasunari buruz ere. Lulak «demokrazia» arriskuan jartzea egotzi dio bere aurkariari, adierazpen horiengatik. Askoren kezka da Bolsonarok bozak galduz gero emaitzak aitortuko dituen ala ez. Giro politikoa oso polarizatua dago Brasilen, eta litekeena da Bolsonarok emaitzak onartzen ez baditu herrialdean ezegonkortasun handia eragitea.

Lularen garaipenaren berri eman du bart, ofizialki, Hauteskunde Auzitegi Gorenak, eta presidente hautatu gisa aitortu dute Kongresuko eta Senatuko buruek nahiz Justizia Auzitegi Goreneko magistratuek ere. Bolsonarok oraindik adierazpenik egin ez badu ere, jarduneko presidentearen hurbileko kide zenbaitek ere onartu dituzte emaitzak; besteakbeste, Damares Alves senatariak eta Silas Malafaia artzain ebanjelikoak. Nazioartean, Lulak berehala zoriondu dute AEBek, Europako Batasunak, Portugalek, Espainiak eta Frantziak.

Tentsio egoerari erreferentzia eginez, brasildar «guztientzako» gobernatuko duela agindu du Lulak, eta «bakea berrezartzea» izango duela lehentasun, eskuin muturraren lau urteko agintaldiaren ostean. «Herrialde hau egoera oso zail batean gobernatzeko nago hemen, baina, herriaren laguntzarekin, irtenbide bat aurkituko dugu, herrialdea modu demokratiko batean bizi dadin berriro ere», adierazi du PT Langileen Alderdiko buruak.


Lularen jarraitzaileak, haren hauteskunde garaipena ospatzen, bart, Sao Paulon (Brasil). FERNANDO BIZERRA / EFE

Lulak gaineratu du bere gobernuak ardatz izango dituela gosearen eta pobreziaren kontrako politikak, Bolsonaroren agintaldian marka guztiak apurtu dituen Amazoniako deforestazioa geldiarazteko neurriak eta atzerri politikan Brasil azken urteetako «bakartzetik» ateratzea.

Ezohiko polizia kontrolak

Hauteskundeen bigarren itzulirako bozketa modu baketsuan egin dute Brasilen, baina Poliziaren ezohiko kontrolak salatu dituzte Lularen aldekoek. Hauteskunde agintaritzaren mandatuei uko eginez, trafiko kontrolak ezarri ditu Polizia Federalak hainbat errepidetan; bereziki, Lulak lehen itzulian babesik handiena jaso zuen eremuetan, ipar-ekialdean. Poliziak bozkatzera zihoazen ehunka autobus geldiarazi ditu.

Errepideetako Polizia Federaleko burua atxilotzeko eskatu zuen PT alderdiak, atzo. Hauteskunde Auzitegiko buru Alexandre De Moraesek ez zuen poliziaburua atxilotu, baina kontrolak altxatzeko agindu zuen. Haren esanetan, hautesle guztiak iritsi ziren garaiz beraien bozkalekuetara, atzerapenarekin heldu baziren ere.

Bolsonaro, indartsu hala ere

Brasilgo hurrengo gobernua Lulak gidatuko du, baina Bolsonarok hari oztopoak jartzeko indar handia izango du, bai parlamentuko bi ganberetan, bai eskualdeetan. Brasilgo 27 estatuetatik 13tan aginduko dute eskuin muturreko politikariaren aliatuek. Hamabi estaturen gobernadore karguak izan ziren atzo jokoan, bigarren itzuliarekin batera, eta Bolsonaroren gertukoek horietako lau eskuratu zituzten. Tartean, Sao Pauloko gobernadorearena. Beraz, eskuin muturraren esku geldituko da Brasilgo eskualde jendetsuena —46 milioi biztanle—, industrializaziorik handienekoa eta aberatsena.

Diputatuen Kongresuan eta Senatuan Bolsonaroren Alderdi Liberala izango da talderik indartsuena, eta gehiengoa izango dute eskuineko eta ultraeskuineko indarrek bi ganberetan.


Bolsonaroren jarraitzaileak, hauteskunde emaitzen zain bilduta, bart, Rio de Janeiron (Brasil). ANDRE COELHO / EFE

Ezkerrerako bira Latinoamerikan

Hirugarrenez hartuko du Brasilgo presidente kargua Lulak, 77 urterekin, eta haren itzulerak sakondu egingo du Latinoamerikan azken urteetan gertatu den ezkerrerako bira. Presidente hautatuak kanpainaren amaieran «etorkizuneko Brasili» idatzi zion eskutitzean jaso zuenez, bere helburuetako bat izango da «Latinoamerikako integrazioa» sustatzea «Mercosurren eta bestelako egitasmoen bidez».

Arlo ekonomikoan, Lulak nabarmendu du lehentasun izango duela «33 milioi brasildar gosetik ateratzea eta 100 milioi brasildar baino gehiago pobreziatik erreskatatzea». Uztartu egin nahi ditu «ardura fiskala, soziala eta garapen jasangarria», eta bere lehen neurrietako bat izango da gobernadoreekin plan bat zehaztea geldituta dauden herri lanak martxan jartzeko eta lehentasunezkoak direnak zerrendatzeko. «Inbertsio publikorako eta pribaturako finantzabidea bilatuko dugu barruan eta nazioartean».

Bestalde, langileen eta pentsiodunen eskubideak sendotzeko neurriak iragarri ditu, eta «soldata duinak, enpresen lehiakortasuna eta inbertsioak bermatuta». Gutxieneko soldataren igoera ere agindu du, inflazioaren gainetik. Familia pobreenentzako diru laguntza gehiago onartuko dituela eta «milioika familiaren zorra» berriz negoziatzeko urratsak egingo dituela jaso du Lulak eskutitzean. Hori guztia, zerga erreforma «arduratsu» batek lagunduta, «emergentzia soziala» eta «inbertsio publikoa eta pribatua berriz aktibatzeko beharra» bateragarri egingo dituena.

Lularen hautagaitza ez dute ezkerreko indarrek soilik eratu. PTko buruak aliantza zabal baten alde egin du Bolsonarori aurre egiteko, eskuineko indarrekin ere akordioak lortuta. Horren adibiderik garbiena da Geraldo Alckmin presidenteorde hautatua. Lularen aurkaria izan zen 2006ko bigarren itzulian.

Atzerriko politikari dagokionez, Brasilek alde askotariko elkarrizketa sustatuko duela aurreratu du; «elkarrizketa Afrikako herrialdeekin, Europako Batasunarekin eta AEBekin, baita BRICSekin ere —Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika—.

Amazoniarentzat arnasa

Brasilgo hauteskundeetan jokoan izan da Amazoniaren etorkizuna ere. Klima larrialdiari aurre egiteko duen garrantziagatik, oihan hura ez suntsitzea ezinbestekotzat dute adituek. Bolsonaro agintean izan den azken lau urteetan, marka guztiak apurtu ditu Amazoniaren deforestazioak. %50 hazi da, eta sekulako goraldia izan dute indigenen hilketek eta Amazoniaren lurren gaineko liskarrek. Brasilgo Ikerketa Espazialen Institutu Nagusiak argitaratutako datuen arabera, joan den irailean 1.455 kilometro koadroko baso eremua galdu zen: 2015etik erregistratutako daturik handiena da.

PTk agindu zuen urteetan, berriz, 2003tik 2016ra —lehenengo Lularekin eta gero Dilma Rousseff presidente ohiarekin—, deforestazioak %72 egin zuen behera. Hauteskunde garaipenaren osteko lehen hitzaldian, Amazonia babesteko neurriak hartuko dituela adierazi du Lulak. «Brasilek eta munduak Amazonia bizirik behar dute». Legez kanpoko jarduera ororen aurka egingo duela hitzeman du. «Frogatuko dugu posible dela aberastasuna sortzea ingurumena suntsitu gabe». Presidente hautatuak esana du ez duela Amazonia «natura babesleku» bilakatuko, eta hura ustiatzen jarraitu nahi duela, «arduraz».


Manifestari bat Bolsonaro irudikatzen, motozerra batekin, Amazoniaren deforestazioa salatzeko. MARCELO SAYAO / EFE

Lularen ibilbide amaiera

Urtearekin batera hasiko duen agintaldia azkena izango da Lularentzat. Presidente hautatuak hitzeman du ez dela berriz aurkeztuko kargurako 2026an. Agintea hartu zuenetik hogei urtera, gorabehera ugariko ibilbidea du PTko buruak. Herritarren %80ko babesarekin amaitu zuen bere bigarren agintaldia 2010ean. Ondo baliatzen jakin zuen gobernuan izan zen tartean Brasilek bizi izan zuen gorakada ekonomikoa —neurri handi batean lehengaien prezio handiek hauspotutakoa—, eta pobrezia nabarmen murriztea lortu zuen aberastasuna banatzeko ezarri zituen politikei esker.

Herritarren artean zuen irudia higatu egin zen 2018an, ustelkeriarekin lotutako auziengatik espetxeratu baitzuten, hain justu, urte bereko bozak irabazteko faboritoa zenean. Justiziak bere hautagaitza indargabetu zuen, eta Bolsonaroren garaipenak eskuin muturreko gobernua ekarri zuen Brasilen lau urterako.

Lulak hogei hilabete egin zituen espetxean Lava Jato Operazioa deituriko auziarengatik. Sergio Moro epaileak onartu zuen auzia. Bolsonarok bozak irabazi ostean, Justizia Ministro izendatu zuen Moro. Brasilgo Auzitegi Gorenak Lularen kontrako auzia baliogabetu zuen 2021eko martxoan, eta alderdikeriagatik zigortu zituen Moro epailea eta Deltan Dallagnol fiskala. Auzia baliogabetzearekin batera, Lulak hauteskundeetara aurkezteko eskubidea berreskuratu zuen. Diktadura garaian metaleko langileen grebak gidatu zituen buruzagi sindikala hirugarrenez izango da presidente, eta agintaldi horretan gidatuko du azkenekoz bere herrialdeko gobernua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.