HEGO KOREA

Hego Koreako Poliziak «hutsegiteak» aitortu ditu Halloweengo tragediagatik

Poliziak esan du ez zuela uste biktimarik egongo zenik «jendetzaren ondorioz». Seulgo jende oldearen ondorioz hildakoak 154 dira, eta 33 oso larri daude.

Pertsona bat lore sorta bat uzten, gaur, Seulen. EFE
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 31
16:44
Entzun

Seulen 150 lagun baino gehiago hil ziren joan den larunbatean jende olde baten ondorioz, eta Hego Koreako Poliziak gaur aitortu du «hutsegiteak» egon zirela Halloween festarako neurriak hartzerakoan. «Aurreikusita zegoen jende asko bilduko zela han, baina ez genuen uste biktimak egongo zirenik jendetzaren ondorioz», azaldu du buruzagi batek, Yonhap berri agentziak jaso duenez.

Hego Koreako Yongsan barrutian 100.000 bat pertsona bildu ziren larunbatean, eta Polizia indarrak eta hango agintariak jopuntuan daude egotzita ez zituztela behar beste agente mobilizatu oinezkoentzako kale estuetako joan-etorriak kontrolatu ahal izateko. Poliziaren arabera, urtero «antzeko jende kopurua» biltzen da barruti horretan Halloween festaren harira. Gertatutakoa argitzeko egiten ari diren ikerketaren arduradunak adierazi duenez, oraingoz ez du detektatu delitutzat har daitekeen ekintzarik. Izan ere, sare sozialetan eta hedabide batzuetan zabaldutako informazio batzuen arabera, ezbeharra gertatu zen kale estuan zeuden pertsonetako batzuk beste batzuei bultza egiten hasi ziren, eta hipotesi horiek diote horrek eragin zuela jende oldea.

Iturri ofizialek ohar baten bidez jakinarazi zutenez, hildakoak 154 dira guztira; 33 lagun oso larri daude, eta beste 116 zauritu daude. Hildako gehienak identifikatu dituzte, eta horiek 20 eta 36 urte bitartean zituzten. Zendutakoetatik 26 atzerritarrak ziren: Irango bost, Txinako lau, Errusiako lau, Japoniako lau, AEBetako bi eta Uzbekistango, Frantziako, Australiako, Norvegiako, Thailandiako, Austriako, Vietnamgo eta Kazakhstango bana.

Hildakoak omentzeko, Yongsan barrutiko udaletxean eta hiriburukoan aldareak jarri dituzte, eta herritarrak ari dira lore sortak uzten bai horietan, baita oldea gertatu zen lekutik gertuen dagoen metro geltokiaren sarreran ere. Auzoko denda asko itxita egon ziren atzo. Astebeteko dolua izango dute Hego Korean, larunbatera artekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.