Lan gatazka

Vuelingeko tripulazioko langileek greba egin dute, eta hiru hegaldi utzi dituzte bertan behera Bilbon

Bartzelonatik iristekoak ziren bi hegaldi eta Londrestik heltzekoa zen beste bat geratu dira bertan behera gaur. Kanaria Handitik iristekoa zen beste hegaldi bat atzeratu egin dute.

Vuelingeko hegazkin bat, Loiun lurreratzen, artxiboko argazkian. LUIS TEJIDO, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko azaroaren 1a
09:54
Entzun

Vuelingeko eskifaiako langileak grebara deitu ditu gaur Stavla sindikatuak, eta Loiuko aireportuan (Bizkaia) hiru dira jada bertan behera utzi dituzten hegaldiak. Guztira, 38 hegaldi zituen gaur aurreikusiak Vuelingek Loiun: hogei lurreratze eta hemezortzi aireratze. Vuelingek esan du aurreikusitako hegaldien %85 normal dabiltzala, %94ko puntualtasunarekin. Atzo, aldez aurretik zenbait hegaldi bertan behera utzi zituen konpainiak, eta Espainiako Gobernuak %50 eta %80 arteko zerbitzu minimoak ezarri zituen.

Vuelingeko langileek soldata %13,4 igotzea nahi dute inflazioari aurre egiteko. Euskal Herrian soilik Loiuko aireportuan du eragina grebak. Oraingoz, Bartzelonatik 08:15ean eta 10:20ean iristekoak ziren hegaldiak eta Londrestik (Gatwick) 11:30ean iristekoa zena geratu dira bertan behera gaur. Kanaria Handitik iristekoa zen beste batek bi orduko atzerapena izan du. Vuelingek dio bidaiari ia guztiei beste hegaldi batzuk eskaini dizkiela jada, eta laurden batek ez duela erabaki oraindik beste hegaldi bat nahi duen edo dirua itzultzea nahiago duen.

Urtarrilaren 31ra bitartean ostiral, igande eta astelehenero deitu du grebara Stavlak, gaurko egunaz eta beste bost egunez gain: abenduaren 6an, 8an, 24an eta 31n eta urtarrilaren 5en. Vuelingek dio Stavlako ordezkariak 2025era arte %33ko soldata igoera ari direla eskatzen hitzarmen kolektiboa negoziatzeko mahaian, eta abuztuan CCOOrekin %6ko igoera hitzartu zutela. Stavlak, ordea, ez zuen bat egin akordio horrekin, eta hori da sindikatu nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.