Lularen garaipena

Bolsonarok esan du konstituzioari «leial» izango zaiola

Brasilgo behin-behineko presidente ultrak ez du Lulak hauteskundeetan lortutako garaipena onartu. Hauteskunde Batzordeak errepideak desblokeatzeko eskatu die Bolsonaroren aldekoei. Azken datuen arabera, 267 errepidek moztuta jarraitzen dute 23 estatutan.

Jair Bolsonaro, gaur. EFE
Igor Susaeta - Jon Ordoñez Garmendia
2022ko azaroaren 1a
11:31
Entzun

Jair Bolsonaro Brasilgo behin-behineko presidenteak 44 ordu behar izan ditu joan den igandeko hauteskundeez mintzatzeko. Agerraldia egin du Brasilian, eta ez du aitortu Luiz Inacio da Silva Lulak lortutako garaipena. Pare bat minutuz hitz egin du, eta esan du konstituzioari «leial» izango zaiola; hau da, interpretatu daiteke ez duela emaitza inpugnatzeko asmorik. Bitartean, bere hainbat jarraitzaile herrialdeko errepideak blokeatzen ari dira. Ez die eskatu protesta eteteko.

Hauteskunde batzordeak errepideak libre uzteko agindu du, gaur. Errepideetako Polizia Federalak emandako datuen arabera, Brasilgo 27 estatutatik 23tan 300 bat errepide blokeatu dituzte; 267 errepidetan barrikadei eusten zieten behin-behineko presidente ultraren jarraitzaileek. Sare sozialetan zabaldutako bideoetan ikus daitekeenez, «armadak esku hartu arte» eutsiko diete mobilizazioei, eta «komunismoaren itzulera saihestea» dute helburu.

Alexandre de Moraes hauteskunde batzordeko presidenteak egindako agerraldian erakutsi duen bideo batean ikus daitekeenez, errepideetako Poliziaren babesa zuten errepidea mozten ari zirenek. Poliziak jakinarazi du hiru kasu identifikatu zituela, eta horiek ikertzen ari zela.
Brasilgo Garraio Konfederazio Nazionalak eta Paulo Gonet fiskal nagusiaren albokoak ere kritikatu egin zuten Bolsonaren aldeko garraiolarien jarrera.

Lulak azaldu du, bestalde, trantsizio prozesua egiterakoan, Geraldo Alckmin presidenteordeak koordinatuko duela bere taldea Bolsonaren gobernuarekin.

Ikusi gehiago:Lulak %89 gutxituko du Amazoniako deforestazioa, ikerketa baten arabera

Dagoeneko nazioarteko eragile nagusiek zoriondu dute Lula. Joe Biden AEBetako presidenteak Brasilgo erakundeen sendotasuna azpimarratu du, eta Txinak zoriondu egin du Lula garaipenagatik.Alberto Fernandez Argentinako presidentea Brasilera joan da Lula agurtzera. Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak adostu du jada Lularekin bi herrialdeen arteko lankidetza berreskuratzea. Peruko Gobernuak ere adierazi du horretarako asmoa. Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidentea «poz-pozik» agertu da Lularen garaipenagatik, eta Europako Sindikatuen Konfederazioak ere garaipena ospatu du.

Ikusi gehiago:Aurrenekoz, Latinoamerikako bost potentzia ekonomiko nagusiek ezkerreko gobernuak izango dituzte aldi berean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.