GERRA UKRAINAN

Zerealen itunera itzuliko da Putin, frogatzen badu Kievek ez duela «asmo militarrik»

Laborez beteriko hiru zamaontzi atera dira gaur Ukrainako portuetatik, baina bihar ez da bakar bat ere aterako. Turkiak eskatu du laboreen akordioa gatazkatik kanpo uzteko

Zerealez beteriko ontzi bat, abuztuan, Odesatik (Ukraina) ateratzen. EFE
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 1a
18:01
Entzun

Errusiak erabaki zuen larunbatean Ukrainarekin, Turkiarekin eta NBE Nazio Batuen Erakundearekin batera joan den uztailaren 22an sinatutako zerealen esportaziorako akordioa etetea, argudiatuta Kievek Errusiako armadaren ontzi batzuk bonbardatu zituela Sebastopolen, Krimean. Nolanahi ere, Vladimir Putin Errusiako presidenteak nabarmendu nahi izan du gaur ez diola itunari aterik ixten. Bi baldintza jarri ditu horretara itzultzeko, gaur Kremlinek kaleratutako ohar batean arabera. Batetik, ikertzea zerk eragin zuen Sebastopolgo «intzidentea»; eta, bestea, bermeak edukitzea Ukrainak Itsaso Beltzeko korridore humanitarioak «helburu militarrekin» erabili ez ditzan.

Zerealez beteriko hiru zamaontzi gaur Ukrainako portuetatik atera direla jakinarazi du itunaren koordinazio zentroak, baina ordu batzuk geroago iragarri du bihar ez dela ontzirik aterako Ukrainatik. Istanbulen du egoitza organo horrek, eta Turkiako Defentsa ministro Hulusi Akarrek nabarmendu du, hain zuzen, akordioa gatazkatik kanpo utzi behar dela, «ekintza soil-soilik humanitarioa» delako.

Ikusi gehiago: Ukrainako zerealen esportazioari blokeoa kentzeko ituna sinatu dute

Berritzen ez duten bitartean, itunean jasotakoa azaroaren 19ra arte egongo da indarrean. Ankara lan diplomatikoa egiten ari da azken egunotan akordioari eusteko. Akar Defentsa ministroak Errusiako bere homologo Sergei Xoigurekin hitz egin zuen atzo telefonoz, eta gaur Ukrainakoarekin, Oleksii Reznikovekin. Akarrek ohar batean nabarmendu duenez, akordioak «munduko elikadura krisia arindu du neurri handi batean», eta iruditzen zaio erakutsi duela «lankidetzak eta elkarrizketak» arazoak konpontzen dituztela. Mevlut Çavusoglu Atzerri ministroak jakinarazi du, bide batez, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Putinekin eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin hitz egingo duela «arazoak konpontzen ahalegintzeko».

Ikusi gehiago: Errusiak eten egin du Ukrainako zerealen esportaziorako akordioa, Krimeako erasoarengatik

Otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, Kremlinek blokeoa ezarri zion zerealen esportazioari. Baina uztailean atzera hasi ziren horiekgarraiatzen, eta gaur beste hiru zamaontzi atera dira: bi Chornmorskeko portutik, eta bat Yuzhnikotik. Lehen biek 49.000 tona arto eta 22.800 tona gari daramatzate hurrenez hurren, eta Alemaniara eta Libiara bidean dira. Hirugarrenak 12.700 tona irin daramatza, eta Marokorantz doa. Itunaren koordinazio zentroak gaur emandako datuen arabera, Errusiak badaki zamaontzi horiek Itsaso Beltzean nabigatzen ari direla. Organo horrek zehaztu du atzo hamalau ontzik nabigatu zutela korridore humanitariotik; horietako hamabi Istanbulera bidean ziren —han ikuskatzen dituzte ontziak—, eta bi Turkiatik Ukrainarako bidean.

Ikusi gehiago: Putinek esan du Ukrainako laboreak ez direla iristen «herrialde pobreenetara»

Bestalde, Kieveko ur hornidura «guztiz» berrezarri dutela jakinarazi du, gaur, hango alkate Vitali Klitxkok. Errusiako armadak energia azpiegiturei atzo egindako erasoek ia guztiz eten zuten ur hornidura Ukrainako hiriburuan. Klitxkok adierazi du, bide batez, elektrizitate hornidura ere berrezarri dutela. Nolanahi ere, Ukrainako agintariak ari dira azken asteetan mozketak egiten, sarean gainkargak saiheste aldera. Izan ere, azkeneko asteetan Ukrainako energia azpiegiturak bihurtu dira Errusiaren erasoen helburu, eta agintariek eskatu diete herritarrei elektrizitatea «arduraz» kontsumitzeko. Kadri Simson EB Europako Batasunaren energia auzietarako komisarioarekin batzartu da gaur Zelenski, eta esan dio Errusiaren bonbardaketek Ukrainako energia azpiegituraren %40 «larriki» kaltetu dituztela; batez ere, zentral termikoak.

Ikusi gehiago: Ukrainak herritarrei eskatu die elektrizitatea «arduraz» kontsumitzeko

Gerra frontean, Dniper ibaiaren ezkerreko ertzean dauden zibilak ebakuatzen hasi dira, Errusiak Kherson anexionatutako eskualdean duen administrazio militarrak jakinarazi duenez. Azkeneko hamar egunetan ibaiaren eskuineko aldetik 80.000 bat eraman dituzte ezkerrekora, eta azken mugimendua justifikatzeko agintari errusiazaleek adierazi dute Ukrainak «debekatutako gerra moldeak» erabil ditzakeela, eta, gainera, Kherson hiritik gertu dagoen zentral hidroelektriko bati eraso egiteko asmoa duela. Moskuren menpeko administrazioaren esanetan, hori gertatuko balitz urak eskualdea estaliko luke. Kieventzat, baina, ebakuazioak behartutako deportazioak dira, eta gerra krimentzat har daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.