Israel

Netanyahuren aldeko blokeak gehiengo osoa berreskuratu du, behin-behineko emaitzen arabera

Lehen ministro ohiaren aldeko blokeak 65 eserleku lortu ditu Israelgo hauteskundeetan. Botoen %15,7 zenbatu gabe dago oraindik.

Benjamin Netanyahu, atzo, hauteskundeen emaitzen berri izan osteko mintzaldian. ABIR SULTAN / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko azaroaren 2a
12:36
Entzun

Atzo egin zituzten Israelgo hauteskundeak, eta, behin-behineko emaitzen arabera, Benjamin Netanyahu lehen ministro ohia (1996-99 eta 2009-2021) agintera itzuliko da, hura babesten duen eskuineko blokeak eskuratu baitu Knesseteko —herrialdeko parlamentuko—eserlekuen gehiengoa. Botoen %85,9 zenbatuta, 32 eserleku eskuratu ditu Netanyahuren Likud alderdiak, eta, babesa adierazi dioten gainerako alderdiekin, 65 eserleku ditu bere alde lehen ministro izandakoak —gehiengo osoa eskuratzeko parlamentuko 120 eserlekutik 61 lortu behar dira gutxienez—. Izan ere, Sionismo Erlijiosoa eskuin muturreko koalizioak 14 eserleku lortu ditu; eta Xas eta Tora Judaismo Batua alderdi ultraortodoxoek, berriz, 11 eta 8 eserleku eskuratu dituzte, hurrenez hurren.

Aurkako blokean, Yair Lapid jarduneko gobernuburuaren Yesh Atid alderdi «zentristak» jaso du boto gehien, 24 parlamentarirekin. Netanyahuren aurkakoen artean eserleku gehien eskuratu dituen bigarren indarra Batasun Nazionala koalizioa da, 12 eserlekurekin. Zentro-eskuineko Urdina eta Zuria eta Itxaropen Berria alderdiek osatzen dute. Netanyahuren aurka dauden beste lau alderdik ere eskuratu dute ordezkaritza; besteak beste, Alderdi Laboristak eta Zerrenda Arabiar Batuak. Agintea berreskuratu lezakeen lehen ministro ohiak 55 parlamentari ditu, behin-behineko emaitzen arabera, bere aurka.

Dena den, falta diren botoak zenbatzean, eserlekuen banaketa alda liteke. Izan ere, ganberan sartzeko baldintza da gutxienez botoen %3,25 eskuratzea, eta, langa hori gaindituz gero, lau ordezkari eskuratzen dituzte automatikoki. Meretz alderdi ezkertiarrak eta Balad alderdi arabiarrak ez dute eserlekurik bereganatu oraindik, ez dutelako parlamentuan sartzeko baldintza hori bete oraindik. Ez dabiltza urrun, ordea: Meretzek botoen %3,19 eskuratu du, eta Baladek, berriz, %3,04. Auzo arabiarretako botoak zenbatzea falta da, eta ganberan sartzeko langa gaindi lezakete behin betiko emaitzekin.

Bihar arratsaldean emango dute behin betiko emaitzen berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.