Euskal presoak

Aitor Esnaola berriz espetxeratu dute, Auzitegi Nazionalak hirugarren gradua baliogabetuta

Aste honetan atzera botatako bigarren gradu aldaketa da. Esnaolaren eta San Argimiroren gradu erregresioak salatu dituzte Donostian egindako mobilizazioan.

Sare Herritarrak antolatutako manifestazioa, gaur arratsaldean. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko azaroaren 2a
19:13
Entzun

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak atzera bota du Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak Aitor Esnaola preso legorretarrari (Gipuzkoa) emandako hirugarren gradua, eta gaur arratsaldean itzuli da Martuteneko kartzelara (Gipuzkoa). Jakinarazpen hori egin eta gutxira abiatu da Donostian Sare Herritarrak antolatutako manifestazioa. Etxera bidean, oztoporik ez lelopean, Esnaolaren eta Mikel San Argimiro euskal presoen gradu erregresioak salatu dituzte. Sarek adierazi du biek beharrezko baldintzak betetzen dituztela hirugarren graduan mantentzeko.

Esnaolak 11 urte baino gehiago egin ditu preso, eta 2020an bete zuen zigorraren erdia. Urte hartako urrian lekualdatu zuten Ocaña I kartzelatik (Espainia, 460 kilometro) Soriara (Espainia, 230 kilometro), eta iazko apirilean Euskal Herriratu zuten. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak maiatzean onartu zuen haren gradu progresioa, Martuteneko tratamendu batzordeak hala proposatuta. Ordutik, zigorra etxean betetzen ari zen.

Aste honetan arrazoi beragatik Martuteneko espetxera itzuli behar izan duen bigarren euskal presoa da Esnaola. Etxeratek atzo jakinarazi zuen Mikel San Argimiro euskal presoaren hirugarren gradua ere atzera bota duela auzitegi berak, fiskaltzaren eskaerari men eginda. Azken hilabeteetan, Xabier Atristaini, Gorka Martinezi eta Iñaki Bilbao Gaubekari emandako hirugarren graduak ere atzera bota ditu; azken biei Esnaolarekin batera eman zieten hirugarren gradua. Auzitegi Nazionaleko fiskaltzaren eta epaileen joeraren erakusle dira horiek. Izan ere, aurten sei preso eraman dituzte atzera ere kartzelara, gradu progresioa ukatuta. Gainera, fiskaltzak beste zazpi euskal presoren hirugarren graduen aurkako errekurtsoak jarrita ditu uneotan. Hala, Etxeratek «haserrea eta ezinegona» adierazi ditu. Herritarrei, berriz, iragarriko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete.

Azken hitza Madrilen

Jaurlaritzaren ustez, Auzitegi Nazionalaren erabakiak ez du zirrikiturik uzten. «Azken hitza dauka», Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan duenez. Auzitegi Nazionalak San Argimirori hirugarren gradua ukatu eta berriz ere espetxeratu izanagatik egin zituen adierazpenok Zupiriak.

Eledunak adierazi du Jaurlaritzak «irizpide teknikoak eta oinarri juridikoak» erabiltzen dituela hirugarren gradua eskatzeko proposamenak egiteko. Gehitu du ildo beretik segituko duela, beraien ustetan hala dagokionean hirugarren graduetarako proposamenak egiten, justizia errestauratiboa defendatzen dutelako gizarteratzean aurrera egiteko.

Urtea igaro da Jaurlaritzak espetxe eskumena hartu zuenetik, eta harrez geroztik «ia astero» gai horri buruz hitz egin beharra txarretsi du Zupiriak. Gogorarazi du Jaurlaritzak egindako eskaera batzuetan Auzitegi Nazionalak aldeko ebazpena eman izan duela, eta beste batzuetan, kontrakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.