Nafarroako aurrekontuak

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk aurrekontu akordioa egin dute

Koalizio abertzaleak adierazi du «abstentzio bidez» ahalbidetuko dituela aurrekontuak. Diru sail berriak adostu dituzte, besteak beste, osasungintza, hezkuntza eta euskara alorretan

jarraia220294.jpg
Joxerra Senar - Ion Orzaiz
2022ko azaroaren 4a
09:48
Entzun

Nafarroako Gobernuak 2023ko aurrekontuaren lege proiektua aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan, eta abenduaren amaiera aldera hura aurrera ateratzeko berme nagusia erdietsi du. Legealdiko azken urtean aurrekontuen inguruko hitzarmena lortu du EH Bildurekin.

Irailaren amaieran ekin zioten bi aldeek negoziazioari, eta, asteotan EH Bilduk azpimarratu duenez, gastu eta inbertsio publikoaren inguruko akordioaz gain, zerga neurriak ere kontuan hartuko zituen akordio osoa lortu nahi zuen. Hala, gobernuaren oharrean adierazita dago akordio horretan zergen inguruan ere ados jarri dela koalizio abertzalearekin.

EH Bildu: «Abstentziora joko dugu»

Akordioaren gaineko gogoeta egin du gaur EH Bilduk. Koalizioak Iruñean duen egoitzan egin dute agerraldia Bakartxo Ruiz, Adolfo Araiz eta Laura Aznal legebiltzarkideek. Ruizek adierazi duenez, «abstentzio bidez» ahalbidetuko dituzte, bai aurrekontuak, baita zergen gaineko lege proiektua ere. «Hau izango da legealdiko laugarren aurrekontua eta zortzigarrena, aurreko legealdia kontuan hartuz gero. Hau ez da kasualitatea edo zerbait puntuala, eskuinetik adierazi nahi den bezala. Logika politiko bati erantzun dio», gaineratu du. Negoziazioen nondik norakoak koalizioaren oinarriekin partekatu dituztela esan dute koalizioko bozeramaileek.

EH Bilduk azaldu du hauek ez liratekeela eurek egingo lituzketen aurrekontuak eta negoziazioan gobernuarekin dituzten ezadostasunak eta diferentziak azaleratu direla, baina, hori hala izanik ere, «pozik» azaldu dira hitzartzeko ahalmena erakutsi dutelako. Laura Aznalek azpimarratu du diferentzien gainetik adostasunak lortzeko gai izan direla, eskuinaren politikei alternatiba bat egituratuz. Hurrengo legealdira begira ere, «balioa» duela aipatu du.

Akordioan jasotzen denez, Nafarroako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuen lege aurreproiektuaren barruan, 15 milioi euroren ekarpenak egin ditu koalizio abertzaleak: horietatik 10 milioi euro, gobernuak iragarritako gastu mugaren igoeraren barruan jaso dira, eta beste 5 milioi euroak Osasun Departamentu barruko diru sailen mugimenduen ondorioz jaso dira. Horrez gainera, EH Bilduko arduradunek nabarmendu dute zortzi milioi euroko partida adostu dutela «kostu energetikoari aurre egiteko», 0-3 zikloaren gaineko akordioa jaso dutela aurrekontuetan eta hamar milioi euro gehiago emanen dituztela «langileen lan baldintzak hobetzeko».

Gobernuak eta EH Bilduk sinatutako dokumentuaren hitzaurrean irakur daitekeenez, COVID-19ak eta Ukrainako gerrak eragindako krisiak eta abagune berriak aintzat hartuta, «premiazko neurriak» hartzea hitzartu dute, zerbitzu publikoak eta zaintzarako kalitatezko politikak bermatzeko. Trantsizio energetikoari begirako neurriak ere adostu dituzte. Zerga sistemaren auzian desadostasunak azaldu badituzte ere, aberastasunaren banaketa justu bateranzko bidean akordioak erdietsi dituztela aurreratu dute.

Aurreko urteko akordioan hitzartutako konpromiso batzuk ez direla bete egiaztatu da, eta horiek betetzeko epemuga atzeratu da 2023ko lehen hiruhilekora. Gainera, departamentuek hizkuntz planak urte amaiera baino lehen aurkezteko konpromisoa azaldu du gobernuak.

Erreakzioak

Agintaldiko laugarren aurrekontuak onartzeko itunari buruz gogoeta egin dute parlamentuko taldeek.

PSNk akordioa txalotu du. «Elkarrizketa eta negoziazio prozesu luze baten emaitza da hau, eta segurtasuna, egonkortasuna eta etorkizuna eskainiko dizkio Nafarroari», esan du PSNko bozeramaile Ramon Alzorrizek. Haren aburuz, aurrekontuak onartzeko itunak agerian uzten du «Maria Txibiteren gobernuak nafar gizartearekin duen konpromiso erabatekoa». Adostutako konpromisoen artean, neurri ekonomikoak azpimarratu ditu Alzorrizek: «Jakin badakigu inflazioak eta gastu energetikoaren igoerak eragin handia dutela nafarren poltsikoetan; hori dela eta, akordio honen xedea da klase ertainekoak eta langile klasekoak laguntzea eta babestea».

Geroa Baik ere ontzat jo du akordioa, «Nafarroak beharrezko duen egonkortasuna eskaintzen baitu, ziurgabetasun sozial eta ekonomikoagatik oso konplikatua izanen den urte batean». Koalizioak uste du aurrekontuak onartzea garrantzitsua dela beti, «baina oraingoan are gehiago, krisi energetikoak eta Ukrainako gerraren eraginak ondorio larriak izanen baititu Nafarroako agertoki sozioekonomikoan». Aurtengo aurrekontuak, gainera, «2015ean hasitako bideari segida» ematen diola nabarmendu du Geroa Baik ohar batean, «lehentasuna ematen baitiete kohesio sozialari eta zerbitzu publikoei». Are: Uxue Barkos buru duen taldearentzat, «zoriontzeko modukoa da» UPNren agintaldietako aurrekontuak atzean utzi izana: «Zorionez, urrun dira jada urte horiek, zeinetan Nafarroak krisi ekonomiko larri bati aurre egin behar izan baitzion, urte batetik bestera luzatutako aurrekontuekin, UPN ez zelako gai izan beste indar politikoekin ezer adosteko».

Ahal Dugu-k ere «poza» adierazi du akordioagatik. Alderdiko koordinatzaile Begoña Alfarok nabarmendu du «alde handia» dagoela egungo egoeraren eta UPNren agintaldien artean: «Eskuineko politiken ezintasunaren isla izan ziren UPNren agintaldiko azken urteak, eskuineko alderdiak ez baitziren gai izan aurrekontu akordioak lortzeko; orain, berriz, aurrekontuak aurrera ateratzea lortu dugu talde ezberdinen artean; garai zail hauetan nafarrei zor diegun arduragatik». Zehazki, «lehen arreta indartzeko, klima aldaketaren aurkako borroka zabaltzeko eta etxebizitza sozialak sustatzeko konpromisoak» nabarmendu ditu Alfarok, aurrekontu akordioan jasotakoen artean. Hala ere, Ahal Dugu-ko koordinatzaileak esan du «gai garrantzitsu batzuk» ere akordiotik kanpo gelditu direla: besteak beste, etxebizitza alokairuen prezioa mugatzea.

AKORDIOAREN GAKOAK:

Hauek dira gobernuak eta EH Bilduk adostu dituzten zuzenketetako batzuk, arloka:

Osasungintza

Aurrekontuan ezarria zegoen baino 4,9 milioi euro gehiago jarriko ditu Nafarroako Gobernuak Osasun sistema publikoa indartzeko. Zehazki, ia hiru milioi gehiago jarriko dituzte Lehen Arreta indartzeko proiektuetan, eta beste bi milioi, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko ZIUa handitzeko eta Iruñeko, Lizarrako eta Tuterako ospitaleetan arreta espezializatua hobetzeko.

Hezkuntza

Akordio honi esker, gobernuak 2,5 milioi euro gehiago bideratuko ditu ikastetxeetan hobekuntzak egitera. Horrez gain, EH Bilduk eta gobernuko alderdiek adostu dute eskola garraioaren auziari helduko diotela, landaguneetako garraioa hobetzeko. Haur eskolen auziari dagokionez, berriz, kronograma bat zehaztu dute, 0-3 eskolen baldintzak hobetzeko eta ziklo hori kudeatzeko erakunde autonomo bat sortzeko.

D ereduari dagokionez, Hezkuntza Departamentuak konpromisoa hartu du «euskarazko hezkuntza eskaintza handitzeko, egungo lege esparruaren arabera, familien eskaerei erantzuteko, etxetik gertuen duten ikastetxean matrikula egin ahal izateko eta gizarte eta lurralde kohesioa sustatzeko». Helburu horiek aintzat hartuta, D eredua ezarriko dute Lezkairuko, Etxabakoizko eta Larragako ikastetxeetan, 2023-2024ko ikasturterako.

Euskara

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuari dagokionez, diru sail berriak onartu dituzte euskara sustatzeko xedez. Hala, aurrekontuen jatorrizko proiektuan ezarria zegoen baino 200.000 euro gehiago emanen ditu gobernuak euskarazko hedabideen «berrikuntza eta digitalizazioa» sustatzeko; 40.000 euro gehiago, udaletan hizkuntza politikak sustatzeko; eta 500.000 euro gehiago, helduen euskalduntzea laguntzeko.

Zergak

Zergei dagokionez, sozietate zergan kenkari fiskalen azterketa hiru hilabeteren buruan amaitzeko konpromisoa hartu du gobernuak. Etxebizitzaren alokairua helburu duten enpresei hobariak murrizteko beharra ikusten dute, halaber, bi aldeek. Araizek nabarmendu duenez, gutxieneko tasa baten inguruan eztabaidatzeko prest azaldu da gobernua «lehen aldiz». Oinarri likidagarri negatiboak —hots, galerak— dituzten enpresek hurrengo urteetan galerak konpentsatzeko eduki ohi dituzten kreditu fiskalen mugak ere zorroztu egingo dira.

Errenta zergan kenkariak ezarriko dira 35.000 eurora arteko errentei: 18.000 eurora artekoei, 540 eurokoa, eta hortik gora, progresiboki apalduz joango da 35.000 eurora arte. Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren arabera, 297.000 nafarri eragingo die kenkariak eta soilik 2022ko errenta zergari eragingo dio. Ogasunarentzat 65 milioi euro inguruko kostua izango du.

Ondare zergan, hurrengo bi urteetan 3 milioi eurotik gorako ondareei zerga igoko zaie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.