0-3 urte arteko haurrak dituzten familientzako 200 euroko laguntzak unibertsalizatuko ditu Jaurlaritzak

2023ko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko dira laguntzak indarrean. Atzerako eraginerako eskubidea izango dute.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua. RAUL BOGAJO
iraia vieira gil
2022ko azaroaren 4a
13:39
Entzun

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur iragarri du Eusko Jaurlaritzak hilean 200 euroko laguntza emango dituela hiru urte baino gutxiago duen seme-alaba bakoitzeko, familiaren errenta aintzat hartu gabe. Maiatzean eman zuen lehen aldiz Iñigo Urkullu lehendakariak laguntza horren berri, baina 100.000 euro baino gutxiagoko errenta zuten familientzat zen soilik. 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko da indarrean laguntza hori, ordura arteko atzerako eraginarekin.

Artolazabalek azaldu duenez, laguntzarekiko aldaketa horrek prestazioen «unibertsalizazioa» eta «eskubide subjektiboa» ahalbidetzen ditu: «Familia guztiek eskuratu ahalko dute diru laguntza hau, haien egoera edozein dela ere». Eusko Jaurlaritzak hori bideratzeko «esfortzu handia» egin duela ere azpimarratu du, eta, ondorioak positiboak izanez gero, laguntza «zabaltzeko» aukera izan daitekeela. Oraingoz, gehienez hiru urte dituzten umeetan jarri dute prestaziorako muga.

Laguntzak, gainera, bateragarriak izango dira 4-7 urte bitarteko familia ugarientzat egun dauden prestazioekin, zerga kenkariarekin eta DSBEak seme-alaba bakoitzeko dituen laguntzekin.

Justizia eta Gizarte gaietako aurrekontu proposamenaren xehetasunak azaldu ditu Artolazabalek legebiltzarrean. Berdintasun Sailean, bereziki Emakunderako diru sailak eman du eztabaidarako. Oposizioak egotzi dio gero eta inbertsio ahulagoa egitea. Emakunde Lehendakaritzaren barruan zegoenean %18rainoko igoera izan zuen. Aurkeztu berri dituztenetan %1ekoa baino ez du izango, baina aurrekontuak oro har %9 igo dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.