HEZKUNTZA AURREKONTUAK

Jaurlaritzak iragarri du 0-2 urte artekoen hezkuntza doakoa izango dela

Hezkuntza Saileko aurrekontuak aurkeztu ditu gaur Bildarratz sailburuak. Irakasle laguntzaileen kopurua handituko duela ere iragarri du.

jarraia220311.jpg
jone arruabarrena
2022ko azaroaren 4a
13:54
Entzun

Haur eskoletarako aurrekontua %8,93 igo dute; guztira, 61 milioiko gastua izango da, eta modua emango du 0-2 urte artekoen hezkuntza doakoa izateko. Gaur eman du horren berri Jokin Bildarratz Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, sail horretarako datorren urteko aurrekontuak aurkeztearekin batera. Behar bereziak dituzten haurrentzako irakasle laguntzaileen kopurua ere handituko du Eusko Jaurlaritzak, 3.570 irakaslera iritsi arte.

Esan duenez, irakasle laguntzaileen kopurua handitzeko, 200 milioiko inbertsioa egingo du Jaurlaritzak. Aurrekontua %10,77 igo dute, koronabirusari aurre egiteko programak desagertu baitira. Guztira, 3.477, 7 milioikoa izango da. Euskara sustatzeko, 9,5 milioi jarri ditu Jaurlaritzak.

Hain zuzen, azaldu du aurrekontuaren zati bat «inklusiorako» baliatuko dutela, inor «atzean» ez geratzeko. Bide horretatik, %6,3 handituko dute pedagogia terapeutikoko irakasle kopurua, eta %7,9 behar bereziak dituzten haurrei laguntzeko irakasle berezituen kopurua. 107 orientatzaile gehiago ere kontratatuko dituzte, eta, horrez gain, 123,3 milioi bideratuko dituzte unibertsitatetik kanporako laguntza ekonomikoetara. 68,2 milioi, berriz, garraiorako eta jantokietarako baliatuko dituzte.

Digitalizazioa

Beste berritasun batzuk ere izango dira, azaldu duenez. Besteak beste, digitalizaziorako erabiliko dute dirua, bi figura berri sortuta: «berrikuntzarako arduradunak» eta «aholkulari digitalak». 975 profesional aritu dira lan horietan, eta Jaurlaritzak 33,6 milioiko aurrekontua jarri du horretarako.

Unibertsitatea

514 milioiko gastua iragarri dute unibertsitateko politiken koordinaziorako eta ikerkuntzarako. Horietatik, 362,9 milioi «EHUren funtzionamendua» bermatzeko erabiliko dituzte. Hain zuzen, 14,6 milioi Bilboko Erizaintza eta Medikuntza fakultaterako izango dira, eta 46 milioi beketarako —joan den urtean baino %3,14 gehiago—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.