Euskal presoak

Aitor Esnaolaren gradu erregresioa salatu dute Legorretan

Euskal presoaren herrikideek «etxera» itzul dadin eskatu dute manifestazio batean, «oztopo judizialak» gainditu. Asteazkenean eraman zuten berriro Martuteneko espetxera (Donostia), Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaitegiak hala aginduta.

Legorretako manifestazioa. JON URBE / FOKU
xabier martin
2022ko azaroaren 4a
20:15
Entzun

Sare Herritarrak deituta, manifestazio bat egin dute Legorretan (Gipuzkoa) Aitor Esnaola euskal presoaren gradu erregresioa eragin duen ebazpena salatzeko. Presoa «etxera» itzultzeko eskatu dute protestara batutakoek, Etxera bidean, oztoporik ez! Aitor etxera lelopean. Legorretako plazan elkartu dira Esnaolaren herrikide ugari, besteak beste, herriko alkate Zelai Amenabarro eta LABeko korrdinatzaile nagusi Garbiñe Aranburu.

Martxoaren amaieran, Sare Herritarreko ordezkari batek azaldu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltza «iraganera itzultzeko» aurkezten ari dela euskal presoen gradu progresioen aurkako helegiteak; «euskal presoen etxera bidean oztopoak jartzeko» dira ebazpen horiek, eta espetxeetako tratamendu batzordeen erabakien aurka egiten dituzte.

Aste honetan, Auzitegi Nazionalaren beste ebazpen bat tarteko, Martuteneko espetxera itzuli behar izan duen bigarren euskal presoa da Esnaola. Etxeratek jakinarazi duenez, Mikel San Argimiroren hirugarren gradua ere atzera bota dute Madrilen, fiskaltzaren eskaerari men eginda. Azken hilabeteetan, Xabier Atristaini, Gorka Martinezi eta Iñaki Bilbao Gaubekari emandako hirugarren graduak ere atzera bota dituzte; ebazpen horiek guztiak Auzitegi Nazionaleko fiskaltzaren eta epaileen joeraren erakusle dira. Aurten, zazpi preso eraman dituzte atzera ere kartzelara, gradu progresioa ukatuta. Gainera, fiskaltzak beste zazpi euskal presoren hirugarren graduen aurkako errekurtsoak jarriak ditu uneotan.

Martutenera berriro

Esnaola asteazkenean eraman zuten berriro Martuteneko espetxera (Donostia), Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaitegiak hala aginduta. Legorretarrak 11 urte baino gehiago egin ditu kartzelan, eta 2020an bete zuen zigorraren erdia. Urte hartako urrian lekualdatu zuten Ocaña I kartzelatik (Espainia, 460 kilometro) Soriara (Espainia, 230 kilometro), eta, iazko apirilean, Euskal Herriratu zuten. Jaurlaritzak maiatzean onartu zion gradu progresioa, Martuteneko tratamendu batzordeak hala proposatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.