Celta 1-2 Osasuna

Amets betean jarraitzen du Osasunak

Gorritxoek segida eman diote bolada onari, Celtaren zelaian irabazita. Avilak lehen zatian egindako bi golek eman diete garaipena 

enaut agirrebengoa
2022ko azaroaren 5a
22:24
Entzun

Edozein gidoi ondo datorkio oraintxe Osasunari. Liluragarri dabil jokoa lantzeko parada duenean, baina badu bertsio pragmatiko bat ere, hainbesteko distirarik egin gabe neurketak irabazteko balio diona. Hain justu, eraginkortasunaren bidetik irabazi dio gaur Celtari, Balaidosen. Lehen zatian apurtu du partida, Avilaren bi golekin, eta gero, irmoki eutsi dio errentari. Gaurko garaipenak gora begira jarraitzeko balio dio Jagoba Arrasateren taldeari: 23 puntu ditu dagoeneko, hirugarren postuan dagoen Betisek bezainbeste.  

Arrapaladan hasi dute neurketa bi taldeek. Lehiarako gosea zuten: Osasunak jarraipena eman nahi zion goraldiari, eta Celtak zulotik atera nahi zuen, Carlos Carvalhal entrenatzailearen lehen partidan. Coudetekin defentsako arazo larriak ari ziren izaten galiziarrak. Bada, teknikariz aldatu ostean, zaharrak berri: Osasunak zazpigarren minutuan eman dio lehen kolpea. Gorritxoek erregistro asko darabilte zelaian, eta horren erakusgarri izan da Avilak sareratu duen gola. Budimirrek baloi luze bat jaitsi du, gero Barjak barruko pasabidean topatu du Moi, eta haren pasea jaso ostean, zartako batez 0-1ekoa egin du aurrelari argentinarrak. Joko zuzena eta fintasuna uztarturik, markagailuan aurrea hartu du Arrasateren taldeak.   

Nafarren minuturik txarrenak iritsi dira golaren ostean. Estutu egin du Celtak, kemenez. Defentsan oso hauskorra izanagatik, erasoan jo handia dauka. Aspas agertu ahala, sufritu egin dute gorritxoek. Haren erdiraketa bat probestear izan da Galan Aitor Fernandezen aurrean, eta gero, beste abagune on bana izan dute Oscarrek eta Strand Larsenek. Hortik gutxira iritsi da banakoa, etxekoek azkar ateratako falta batean. Lozorroan harrapatu dute Osasuna, eta area barruan gelako azkarrenari, Aspasi iritsi zaio baloia. Ez du barkatu. 18. minutuan, berdinketa indarrean zen berriz ere.  

Erritmo frenetikoan jokaturiko hastapenak fase lasaiago bati eman dio bide. Gutxi iraun du, 27. minutuan gorritxoak berriz ere aurretik jarri baititu Avilak. Esne mamitan dabil argentinarra, eta mamia atera dio Manu Sanchezek egindako erdiraketa luzeari, burukada ikusgarri batez. Jauzi eta jaurti, sekulako indarrez egin du, eta ia area ertzetik bidali du baloia sareetara. Hortik atsedenera bitarte, eroso egon da Osasuna. Partida bere areatik urrun jokatu da.

Haatik, gorantz jo du Celtak aldageletatik bueltan, eta metroak galdu dituzte gorritxoek. Iparra, ordea, ez dute galdu, eta lanerako atorra jantzita, tinko eutsi diete galiziarren ekinaldiei. Gainera, ez diote muzin egin erasoko jokoari. Egiazki, epailearen erabaki oker batek sufriarazi du gehien Iruñeko taldea. Penaltia adierazi dio David Gartziari, baloia eskuarekin ukitzeagatik, baina erabakia atzera bota du errepikapena ikusi ondotik. Azken hatsera arte ahalegindu da Celta binakoa egiten, baina hondarreko minutuetan Aitor Fernandezen eskuekin egin du topo. Hamasei urteren ostean, hiru punturekin irten dira gorritxoak Balaidosetik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.