Reala 1-1 Valentzia

Neurketa ia osoa bat gutxiagorekin jokatu arren, Realak berdindu egin du Valentziaren aurka

Txuri-urdinek hamargarren minutuan hartu dute aurrea, baina Aritz Elustondok 17.ean ikusitako txartel gorriak baldintzatu du partida. Linok 25. minutuan berdindu du.

Martinez Munuera Elustondori txartel gorria erakusten. 17. minutua zen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko azaroaren 6a
18:48
Entzun

Realari bukatzen ari zaio gasolina. Azken asteetan sekulako maratoia egiten ari da Imanol Alguacilen taldea, eta lesioek eta nekeak ez dute barkatzen. Gaur, gainera, ezusteko zailtasun bati egin behar izan diote aurre txuri-urdinek: partida ia osoa jokalari bat gutxiagorekin jokatu dute. Horri ere, ordea, duin egin dio aurre Realak.

1-1 berdindu dute Valentziaren aurka. Hamaikakoak aldaketa batzuk egin ditu Alguacilek, eta berrikuntza nagusia Asier Illarramendi izan da. Mutrikuarrak berak egin du golaren jokaldia: areatik gertu irrist egin du Thierryk, baloia ostu dio Illarrak, eta hark areara bidali duen pasea Hugo Guillamonek desbideratu du sarera. Hamargarren minutua zen.

Gutxi geroago iritsi da, ordea, partida erabat baldintzatu duen jokaldia. Baloi baten lehian, Aritz Elustondok Samu Linoren orkatila zapaldu du. Hasieran txartel horia erakutsi dio Munuera Montero epaileak, baina VAR-ean jokaldia ikusi eta gero, aldageletara bidali du Beasaingoa. Anoetan elkartu diren zaleen txistuak entzun ditu epaileak.

Hortik aurrera, gidoia aldatu egin da: Valentzia egin da baloiaren jabe, eta kontraerasoan bere aukerak baliatzen saiatu da Reala. Bisitariek azkar sartu dute gola: area ertzetik errematatu du Linok, eta, bi jokalariren hanken artetik pasatu eta gero, sarean amaitu du baloiak.

Atsedenaldian aldaketak egin ditu Alguacilek. Magunazelaia, Gorosabel eta Pacheco sartu ditu; horrela, hiru atzelarirekin eta bi albokorekin jokatu du Realak. Ez zaio gaizki atera apustua: Sorlothek izan du bigarren zatiko aukerarik onena, Magunazelaia eta Merinoren arteko jokaldi zoragarri baten ostean. Dena alde zuela, zutoinera bidali du baloia norvegiarrak.

Azkenean, 1-1, berdinketa, eta puntu bat gehiago sailkapen nagusirako. Reala seigarren postuan da, 23 punturekin. Asteazkenean amaituko dute maratoia txuri-urdinek, Sevillaren aurkako norgehiagokarekin.

Reala: Remiro; Elustondo, Zubeldia, Le Normand, Rico; Zubimendi, Illarra (Pacheco, 45'), Merino (Gebara, 82'), Brais Mendez (Gorosabel, 45'); Carlos Fernandez (Magunazelaia, 45') eta Sorloth.

Valentzia: Mamardaxbili; Correia, Paulista (Cenk, 29'), Comert, Gaya; Guillamon (Nico, 62'), Musah (Foulquier, 75'), Almeida; Kluivert (Castillejo, 75'), Lino eta Marcos Andre (Duro, 62').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.