Iran

Irango 227 parlamentarik heriotza zigorra eskatu dute Aminiren hilketa salatu duten manifestarien aurka

Protestak «finantzatzea» egotzi diete sinatzaileek AEBei eta beste herrialde batzuei. Istiluak piztu zirenetik, Poliziak hirurehun zibiletik gora hil ditu, IHR gobernuz kanpoko erakundearen arabera.

Hainbat irandar Mahsa Aminiren argazkiarekin, urriaren 10ean, Irango kontsulatuaren egoitzan, Istanbulen. SEDAT SUNA / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko azaroaren 7a
13:00
Entzun

Irango Parlamentuko 290 diputatuetatik 227k epaitegiei eskatu diete heriotza zigorra ezar diezaietela Mahsa Aminiren hilketa salatzeko protestetan parte hartu duten manifestariei. Halaber, Estatu Islamikoko «talde terroristako» kideekin alderatu dituzte.

Ahmad Amirabadi Farahani parlamentariak irakurri du komunikatua, eta esan du manifestariak mohareb-tzat jotzen dituztela, gerlariaren parekoa, baina baita «Jainkoaren etsaitzat» ere.

Sinatzaileek AEBei eta beste herrialde batzuei egotzi diete protestak «antolatzea eta finantzatzea», baita manifestariei «armak bidaltzea» ere. Adierazi dute, gainera, «zenbait hiltzailek» zibilak eta estatuko indarretako kideak hil dituztela, eta «sufrimendu handia eragin» dutela.

Horiek horrela, 227 diputatuk zera eskatu dute: «Guk, nazio honen ordezkariok, agintariak deitzen ditugu mohareb horiek lehenbailehen atzematera, biziari eta herritarren jabetzari armekin eraso baitiete». Bide horretan, «aparatu judizialari» eskatu diote «modu erabakigarrian jokatzeko istiluen erantzuleak eragin dituzten zenbait politikariren aurka». Horrez gain, estatuko indarren lana txalotu dute, FARS Irango albiste agentziak jaso duenez.

Bestalde, nabarmendu dute AEBak eta Teheranen aurkako beste zenbait estatu «esku hutsik» geratu direla herrialdean, «baita Siriako, Irakeko, Palestinako, Libanoko eta Yemengo gatazketan ere». Hitzaldiaren amaieran, 227 parlamentarik hiru lelo hauek errepikatu dituzte: Heriotza AEBei, Heriotza hipokritei eta Heriotza sediziogileei.

Amini 22 urteko emakumea irailaren 13an atxilotu zuen Poliziak, Teheranen, «janzkera desegokia» eramateagatik. Polizia etxera eraman zuten, «heztera». Gazte kurdua handik hiru egunera hil zen, koman egon ostean. Aminiren aitak salatu zuen bere alabak kolpeen markak zituela hanketan, eta Poliziari egotzi zion haren hilketa. Poliziak ukatu egin du heriotzaren erantzukizuna, eta ziurtatu zuen bihotzekoak jota hil zela Amini. Sendiak nabarmendu du gazteak ez zuela osasun arazorik.

Protestek etenik ez

Aminiren heriotzak protesta jendetsuak piztu ditu Irango ehun hiritan baino gehiagotan. Emakumeek kaleak hartu dituzte. Askok beren hijabak erre edo ilea moztu dute herrialdean indarrean den emakumeentzako janzkera kodea gaitzesteko. Gobernuz kanpoko hainbat erakundek salatu dutenez, manifestariei zuzenean eraso egiteko eta protestak zapaltzeko, Irango Polizia «eskura duen guztiarekin» oldartzen ari zaie. Protestak piztu zirenetik, hirurehun pertsona baino gehiago hil dituzte, IHR Iran Human Rights gobernuz kanpoko erakundearen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.