Osasuna

Justiziak gerarazi egin du Basurtuko bihotz kirurgiaren zerbitzua Gurutzetara eramateko prozesua

Osakidetzaren asmoa zen hil honen 17an gauzatzea prozesua, baina epaile batek kautelazko etetea ebatzi du, urrats hori egiteak «kalteak» eragin ditzakeela ondorioztatuta

arantxa iraola
2022ko azaroaren 7a
17:00
Entzun

Eguna jarria zuen Osakidetzak: hilaren 17an itxi egin nahi zuen Basurtuko erietxeko bihotz kirurgiaren zerbitzua (Bilbo), eta Gurutzetakora (Barakaldo) eraman nahi zuen. Kritika ugari eragin ditu aldaketa hori egiteko asmoak, eta prozesua kautelaz etetea erabaki du orain Gasteizko auzitegi batek, Basurtuko zerbitzuko medikuek abiatutako auzibide baten harira. Ebatzi du prozesuak aurrera jarraitzen badu «kalteak» eragin ditzakeela, osasun profesionalek eta pazienteek pairatuko dituztela ondorioak, eta, horiek horrela, medikuek abiatutako auzibidea argitu bitartean, bederen, gerarazi egin behar dela.

Autoaren arabera, zerbitzua «ixten» badute «existitzeari utziko dio», eta gero hura ezingo da berriz «hutsetik» martxan jarri. Horregatik egin du etete kautelazkoaren alde. Erantsi du, gainera, egun Basurtuko erietxean kardiologia arloan lanean ari diren beharginak beste unitate batzuetan «integratuko» dituztela zerbitzua bertan behera geratzen bada, eta «diziplinan duten gaurkotzea galduko» dutela, «langileak ordenatzeko planik» ez dagoelako. Horiek horrela, autoaren arabera, gero epaia langileen aldekoa bada, «era ekonomikoan konponezinak» izango diren kalteei egin beharko zaie aurre, eta hori saihestu egin behar da.

Osakidetzaren asmoen ondorioz «pazienteek» paira ditzaketen kalteei dagokienez, autoaren arabera egiaztatuta dago ebakuntzak egiteko kardiologia zerbitzurik ez duten erietxeetan bihotzeko pazienteen hilkortasun tasa handiagoa izaten dela, eta hori ere aintzakotzat hartu behar dela. Zerbitzuak bizirik jarraitzeko «beharrak» gailendu behar du autoan jasota dagoenez, «eraginkortasunaren» gainetik.

Hona etetearen alde ebazpenean jasotako beste motiboetako bat: Osakidetzak ez du eman bi zerbitzuek bat egiteko «bateratze akordio arrazoizko eta motibaturik». Helegiterik ezin da jarri auto honen aurka, hainbat iturriren arabera.

«Poza» eta «zuhurtasuna»
Basurtuko erietxetik bihotz kirurgiaren zerbitzua ez kentzeko lanean ari dira Basurto Bizirik plataforman, eta «poza» azaldu dute auto honen harira. «Zuhurtasunez» mintzatu nahi dute, hala ere, kautelazko etete bat baita, eta auzibidearen gaineko epaia oraindik argitzeko baitago.

Osakidetzak eta Osasun Sailak esan dute «harriduraz» hartu dutela ebazpena, eta «alegazioak» aurkeztuko dituztela esan dute. Horien bidez erakutsi nahi dute lekualdatzea egiten bada ere «bermatuta» dagoela pazienteen arta ona. Esan dute bihotzeko kirurgia zerbitzurik ez dela «desagertuko» eta «itxiko», eta «ebidentzia zientifikoan» oinarrituta hartutako erabakia dela zerbitzua Basurtutik kentzea. Ororen gainetik, «kudeaketa asistentzialeko» gai bat dela dela nabarmendu dute, eta Osasun Sailari eta Osakidetzari dagokiela horren gainean erabakitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.