ATLETISMOA

Ia 30.000 lagunek eman dute izena Behobia-Donostian

Igandean jokatuko dute Euskal Herriko lasterketarik jendetsuenaren 57. ekitaldia. 29.732 lagunek eman dute izena, eta, proportzioan, inoiz baino gehiago dira emakumezkoak: %28,81

Korrikalariak, iazko ekitaldian. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
2022ko azaroaren 8a
11:58
Entzun

Gozatu da aurtengo Behobia-Donostia herri lasterketaren leloa. Eta asmo horrekin ariko dira milaka eta milaka korrikalari igande goizean: Euskal Herriko lasterketarik jendetsuenaren 57. ekitaldian hartuko dute parte.

Jendetsua izango da aurtengoa ere. Probaren antolatzaile Fortuna kirol elkarteak jakinarazi duenez, ia 30.000 lagunek eman dute izena; 29.732k, hain zuzen ere. Iaz baino ia lau mila gehiago dira; iaz, 25.802k eman zuten izena. Koronabirusaren pandemian jokatutako lehen ekitaldia izan zen, eta horrek eragina izan zuen jende gutxiagok izena eman zezan. Aurten, ordea, osasun egoera askoz hobea denez, kopuruak gora egin du maila guztietan. Muga 30.000 lagunetan dagoenez, berriro dago itxaron zerrenda.

Gizonezkoak dira gehienak berriro: 21.166 (%71,19). Emakumezkoak, berriz, 8.566 dira (%28,81). Halere, gutxigatik ez da inoizko emakumezkoen kopururik handiena; 2019an, 38 gehiagok eman zuten izena. Baina proportzioan, inoiz baino gehiago dira, 2019an %25,77 izan baitziren. Antolatzaileak «oso pozik» daude, haien helburua baita gizonen eta emakumezkoen kopurua parekatzea.

Azken urteetako ohiturari jarraituz, Euskal Herritik kanpokoak dira parte hartzaile gehienak. Espainiakoak (9.387) eta Herrialde Katalanetakoak (7.915) nabarmentzen dira. Hego Euskal Herrikoak, berriz, 9.320 dira —ez dago Ipar Euskal Herrikoen daturik—. Horiez gain, hainbat herrialdetako korrikalariak ariko dira. Antolatzaileen ustez, horrek esan nahi du probak «ospe oso ona» duela.

Lasterketaren ibilbidea azken urteetako bera da: hogei kilometro ditu; Behobian hasiko da, eta Donostiako Bulebarrean amaituko da. Ordutegiak ere iazko berberak dira: esku bizikletakoak irtengo dira lehenbizi, 09:30ean. 66 ariko dira, 26 gidek lagunduta; eta 09:35ean, patinatzaileen txanda izango da. 154 lehiatuko dira.

Silvestre, Latxgar...

Korrikalariei dagokienez, emakumeen proba 09:55ean hasiko da, eta gizonena, 10:00etan. Aurrenekoan, Elena Silvestre eta Mireia Guarner nabarmentzen dira: bigarren eta hirugarren izan ziren iaz —ez da ariko iazko irabazlea: Nuria Lugueros—. Gizonezkoetan, berriz, iazko irabazleak hartuko du parte: Eneko Agirrezabalek. Baina ez da garaipenaren lehian ibiliko. Lesioa izan du, eta, horren ondorioz, geldirik egon da hiru astez. Entrenamendu moduan hartuko du proba, sasoiko jartzeko. 2019ko irabazlea ere ariko da, Txakib Latxgar. Sasoiko dago: Hiru Hondartzetako Krosa, Donostiako 15 Kilometroko Klasikoa eta Euskal Herriko Kros Txapelketa irabazi ditu. Behobia-Donostian lehiatu bezperan Atapuercako (Espainia) krosean ariko da. Jesus Olmos espainiarra ere aurrean ibiliko da: iaz, bigarren izan zen.

Bezperan, Behobia Txikia izango da, Anoetako estadio txikian, 15:00etatik aurrera. 4 eta 13 urte arteko 2.000 haur eta gaztek egingo dute korrika.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.