GERRA UKRAINAN

Kiev berriro prest dago Moskurekin negoziatzeko, Putin agintean egonda ere

Errusiak eta AEBek beren arma nuklearrez hitz egiteko bildu asmo dute. Bilera azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran egingo dute, Errusiako zenbait hedabidek kaleratu dutenez. Zelenskik «ziurrenik» telematikoki parte hartuko du G20koen bileran.

Ukrainako soldadu batzuk, gaur, Kherson inguruan. EFE
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 8a
14:04
Entzun

Ukrainan partzialki okupatutako lau eskualde anexionatu zituen Errusiak urriko aurreneko egunetan. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea esaten hasi zen inoiz ez zuela Moskurekin negoziatuko Vladimir Putin Errusiako presidente zen bitartean. Betoa jarri zion Kremlineko buruari. Baina neurri batean, behintzat, azken orduetan beto hori kendu dio. Anexioen aurretik zuen jarrera du berriz Kievek, eta adierazi du, atzera, bi baldintza bete beharko direla Moskurekin negoziatzeko: Ukrainaren lurralde osotasuna berrezartzea eta Errusiak tropak ateratzea okupatutako lurretatik.

Hori adierazi du gaur Oleksii Danilov Ukrainako Segurtasun eta Defentsa Nazionalerako Kontseiluko idazkariak txio sorta batean. Bide batez, arma gehiago eskatu ditu: «Aire defentsa modernoa, tankeak, hegazkinak eta irismen luzeko misilak». Mikhailo Podoliak Zelenskiren aholkulariak Ukrainako irrati batean egin dioten elkarrizketa batean zehaztu du Errusiako tropek atera egin behar dutela are 2014an okupatutako lurretatik; alegia, baita Krimeatik ere.

The Washington Post AEBetako egunkariak duela hiru egun kaleratu zuenez, AEBek Ukrainari eskatu diote negoziazioetarako prest ager dadila eta ken diezaiola betoa Putini. Podoliaki horri buruz galdetu diote, eta ukatu egin du Washingtonek hori eskatu dienik. Errusiako TASS berri agentziak jaso duenez, Andrei Rudenko Errusiako Atzerri ministrordeak azpimarratu du Kremlinek ez duela aldez aurreko baldintzarik jartzen hitz egiteko: «Bat eta bakarra da baldintza: Ukrainak borondatea ager dezala».

Eta testuinguru horretan, Errusiak eta AEBek elkarri leporatu izan diote erretorika nuklearra hauspotzea. Kremlinek esana du eskura dituen baliabide guztiak erabiliko dituela bere lurrak defendatzeko, eta Washingtonek erantzun izan dio horren ondorioak «larriak» izango liratekeela. Bada, joan den otsailean Ukrainako inbasioa hasi zenetik aurreneko aldiz, bi herrialdeek beren arma nuklearrez hitz egiteko bildu asmo dute, Errusiako Kommersant eta Izvestia egunkariek gaur kaleratu dutenez.

START Berria itunaren barruan dira batzartzekoak. 2010ean sinatu zuten bi herrialdeek, eta bide ematen die elkarri armak ikuskatzeko. Moskuk eten egin zuen akordioa abuztuan, ez dagoelako konforme inbasioaren ondotik Washingtonek ezarri dizkion zigorrekin. Nolanahi ere, itunari berriro atea irekitzekotan da. Informazioa eman duten Errusiako bi hedabideen arabera, bilera azaro bukaeran edo abendu hasieran egingo dute. START Berriko batzarrak Genevan egin ohi dituzte, Suitzan, baina, Errusiako komunikabideek adierazi dutenez, Kremlinek eremu neutral batean mintzatu nahi du AEBekin. Horregatik, Ekialde Hurbileko herrialderen batean biltzeko asmoa dute.

AEBetako egunkariek azkeneko egunetan argitaratu dutenez, Jake Sullivan AEBetako Segurtasun Nazionalerako aholkulariak Errusiako Segurtasun Kontseiluko idazkari Nikolai Patruxevekin hitz egin du tarteka azkeneko hilabeteotan, eta elkarrizketa horiek tentsioa baretzea izan dute helburu; ez, ordea, su eten bat negoziatzea. Sullivanek berak atzo onartu zuen elkarrizketa horiek izan direla.

Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaile Maria Zakharovak gaur baieztatu du elkarrizketa bide batzuk irekita dauzkatela Washingtonekin. «Harreman puntualak ditugu AEBekin, haien parte hartzea beharrezkoa den gaietan. Prest gaude biontzako onuragarria den edozein motatako elkarrizketetarako», nabarmendu du gaur, Errusiako telebista batean egin dioten elkarrizketa batean. Hori bai, adierazi du elkarrizketa horiek ez dutela zerikusirik «benetako harremanekin».

Barack Obama AEBetako orduko presidenteak eta Dmitri Medvedev Errusiakoak sinatu zuten START Berriaakordioa, 2010ean: batetik, elkarri arma nuklearrak ikuskatzeko baldintzak ezarri zituzten; bestetik, zehaztu zuten potentzia bakoitzak zenbat buru nuklear izango zituen, eta horientzako jaurtigailuak mugatu zituzten.

Khersonen, ukrainarrak gehiago

Errusiak Ukrainan okupatutako Kherson eskualdeko agintari errusiazaleek gaur adierazi dute Ukrainako armadak Errusiakoak baino soldadu gehiago dituela han. Kiril Stremusoven arabera, milaka ukrainar daude eskualdearen kanpoaldean. «Halere, Errusia aurre egiten ari zaie eraso guztiei». Gehitu du espero duela hurrengo egunetan «gertakariak amaitzea».

Bestalde, Zelenskik bi lege proposamen erregistratu ditu parlamentuan, horien bidez gerra egoera eta mobilizazio orokorra beste 90 egunez luzatzeko. Errusiak inbasioa hasi zuen egun berean, otsailaren 24an, ezarri zuen gerra egoera, eta, orduz geroztik, hirutan luzatu du; azkena, abuztuaren 15ean. Luzapen hori hilaren 21ean bukatuko da.

G20koen taldeko herrialdeek datorren asteartean eta asteazkenean Indonesian egingo duten goi bileran parte hartzekoa da Zelenski, «ziurrenik» telematikoki. Ukrainako telebista publikoak eman du horren berri, presidentearen bozeramaile Serhi Nikiforoven hitzak aipatuz. Iragan astean, esan zuen ez zuela parte hartuko munduko potentziarik industrializatuenen bileran, baldin eta Putinek ere parte hartzen bazuen. Putinek, hain zuzen, aste honetan jakinaraziko du zer egingo duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.