Hautekundeak AEB-etan

Presoen esklabotzaz bozkatuko dute AEBetako bost estatutan

Alabaman, Louisianan, Oregonen, Tennesseen eta Vermonten epaituak eta zigortuak izan diren presoei eginarazten dizkieten lanei buruz galdetuko diete herritarrei.

Polizia bat, Texasko estatu kartzelan. AARON M. SPRECHER
jon ordonez garmendia
2022ko azaroaren 8a
16:21
Entzun

Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak ez dira izango gaur AEBetan egingo dituzten bozketa bakarrak. Ekitaldi hori baliatuta, galdeketak egingo dira zenbait estatutan. Horietako bostetan esklabotzari buruz galdetuko dute. Izatez, 1863an utzi zuten bertan behera esklabotza AEBetan. Oraindik badirau, ordea, espetxeetan. Estatu gehienetan, epaituak eta zigortuak izan diren presoak lana egitera behartuta daude. Alabaman, Louisianan, Oregonen, Tennesseen eta Vermonten lan horiei buruz galdetuko diete herritarrei.

BBCren arabera, AEBetan 800.000 presok egiten dute lan zentimo batzuen truke edo, zazpi estatutan, ezer kobratu gabe. Preso horietatik %80 beltzak dira, Innocence Project elkarteak salatu duenez. Hainbat ikerlarik argudiatu dute Afrikatik esklabo eraman zituzten pertsonen zapalkuntzan duela jatorria espetxeetako lan sistema horrek: esklabotza kendu zutenean, hainbat estatuk beltzen kontrako jazarpena bermatzeko legeak onartu zituzten, eta, besteak beste, presoak lan egitera behartu zituzten.

157 urte pasatu diren arren, afrikar horien ondorengo diren hainbat preso kotoia biltzera edo bestelako lanak egitera behartzen dituzte, soldatarik jaso gabe, espetxe zigorra betetzen duten bitartean. Curtis Ray Davis II.a preso izandakoak 25 urte pasatu zituen espetxean, Louisianako estatu espetxean. «25 urtez egin nuen lan nire borondatearen kontra arma baten mehatxupean, eta, atera nintzenean, 124 dolarrekin atera nintzen», dio. Orduko hogei dolar zentimo ordaindu zizkioten, harik eta 2019an, indultu bati esker, espetxetik atera zen arte. Preso ohi horrek dio, gainera, herritarrak atxilotzeko arrazoi direla kartzelan derrigorrez egin beharreko lanak.

Denetariko lanak

BBCren arabera, presoek egiten dituzten lanen artean daude espetxearen garbiketa, liburutegiko eta bestelako lanak, eta kanpoko enpresentzakoak: betaurrekoak, matrikulak eta esertzeko bankuak egitea, haragia eta esnea prozesatzea, udan suteak itzaltzea, gobernuko eta enpresa handietako telefono arreta zerbitzuan deiak hartzea, eta hondamendi naturaletako eta kale istiluetako larrialdi planetan parte hartzea. Lan horiek azpikontraten bitartez egiten dituztenez, ez da erraza izaten jakitea zer enpresarentzat ari diren, baina Utahn, esate baterako, Apple, Pepsi-co, American Express, FedEx eta beste etxe batzuentzat aritu izan dira lanean presoak, behartuta.

Espetxeetako esklabotza bertan behera utziz gero, lanbide arteko gutxieneko soldata ordaindu beharko liekete presoei. Lan horiengatik ordaindu beharko liratekeen soldatek estatuei ekarriko lieketen gastua darabilte argudio gisa gaur egungo legeak mantentzearen aldekoek. Gainera, «gizarteratzeko» ere balio duela diote, eta egoki portatzen laguntzen diela.

Presoen esklabotzari buruz bozkatuko duten bost estatu horietan egoera aldatzen bada, epaileek zehaztu beharko dute zer eskubide dituzten presoen hortik aurrera, baina aldaketa ez da berehalakoa izango. Aurretik lege horiek bertan behera utzi dituzten estatuetan, presoek estatuaren kontra jo dute: kasu batzuetan, epaileek atzera bota dituzte presoen eskaerak, baina, beste batzuetan, asteko 20 eta 30 dolar ordaintzen hasi dira, The New York Times-en arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.