Lan gatazkak
Bizkaiko metalgintza, beste greba baterako bidean
FVEMek bere eskaintzan eginiko hobekuntzak ez dira nahikoa izan lan hitzarmenaren korapiloa askatzeko. Langileen ordezkariek ez dute indargabetu azaroaren 28ko asterako greba deialdia

Bizkaiko metalgintza greba dinamika berri baterako bidean da. Sindikatuetako ordezkariek eta FVEM patronalak lan hitzarmena berritzeko negoziazioaren hamabosgarren bilera egin dute gaur, eta ez da akordiorik izan. Patronalak soldata eguneraketari dagozkion bi aldaketa egin ditu: 2025eko soldata igoera %1etik %2ra handitu du, eta 2026an egiteko prest dagoen soldaten berrikuspenaren muga %3ra igo du. Doikuntza horiek tauletan egingo lirateke, ez soldatetan.
Eskaintza horiek ez dituzte gogobete sindikatuak, eta, oraingoz, indarrean dago azaroaren 28tik abenduaren 2ra arteko greba deialdia. Bi aldeak hilaren 15ean bilduko dira berriz.
Iragan asteko grebaren ondoren, ikusmin handia sortu du gaurko bilerak. FVEMen erreakzioa zein izango zen ikusteko zegoen, eta negoziazioan aurrerapauso bat egon zitekeela espero zen. Bilera, baina, ez da ordubetera iritsi.
CCOOk, LABek eta UGTk (ordezkaritzaren %59,5 dute) bihar egingo dute beren analisia, baina hedabideetara bidalitako ohar batean zehaztu dute ez direla lortu «espero zituzten emaitzak».
ELA (ordezkaritzaren %40,5), berriz, argigarriagoa izan da: «Patronalak apenas aurkeztu duen negoziazioa desblokeatzeko hobekuntzarik». ELAk berretsi zuen ez duela baztertzen greba mugagabea deitzea.
FVEM: beste itunetatik oso gertu
FVEMek bileraren bestelako analisia egin du. Patronalak azaldu du eskaintza berriarekin %16rainoko soldata igoerak eskaini dituela —2022an, %6,5; 2023an, %2,5; 2024an, %2; 2025ean, %2; eta beste %3 2026an, baldin eta urte horietako KPIa %13tik gorakoa balitz—, eta «beste herrialde batzuetan sindikatuen gehiengoarekin onartu diren eskaintzetatik oso gertu» dagoela.
Patronalaren arabera, edozein mugimendu egin ahal izateko, sindikatuek bere eskaera batzuk kentzera behartzen dute FVEM, eta hori «xantaia» da, «enpresetako hauteskunde kanpainetara begira eginikoa».
Lan hitzarmena negoziatzeko garaian, soldatak izan ohi dira gatazka handiena, baina kasu honetan pisu handiko beste auzi batzuk daude. Sindikatuek, esaterako, aldi baterako lan enpresen erabilera murriztu nahi dute, eta subrogazio eskubidea azpikontrata askotara zabaldu. Enpresariek, berriz, uste dute baldintza horiek murriztu egiten dutela beren erabaki ahalmena. Bizkaiko metalgintza itunak 52.000 langileri eragiten die, eta Euskal Herrian gehien zabalduta dagoena da.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.