Lan gatazkak
Negoziazioak «blokeatzea» egotzi diote Ibermaticako zuzendaritzari
Bigarren greba eguna egin dute gaur informatika enpresa horretan, eta ostegunean dute hirugarrena.

Ibermatican bigarren greba eguna egin dute gaur, eta etzi ere egingo dituzte lanuzteak, biharko bileran zuzendaritzak bere jarrera zeharo aldatzen ez badu.
Astelehenean bildu ziren azkenekoz, eta, sindikatuek berretsi dutenez, bilera batetik bestera «are eskaintza okerragoak» aurkezten ari da. Hau da azkeneko proposamena: aurten, %3ko ordainsari bat ematea urtean 27.000 euro baino gutxiagoko soldatetan, eta %1ekoa besteetan; eta 2023. urterako, soldatak %4 eta %3,2 igotzea, hurrenez hurren. 2024 eta 2025ekoak, berriz, hurrengo urteko irailean negoziatu beharko lituzkete, enpresaren jabe berriarekin.
Sindikatuen arabera, «onartezina» da eskaintza, eta salatu dute zuzendaritzak ez duela hori hobetzeko asmorik eta negoziazioak amaitutzat emateko «mehatxua» egin diela.
Euskal Herritik kanpo
Informazioen teknologietako euskal enpresarik handiena da Ibermatica, eta urte hasieratik ari dira negoziatzen lan hitzarmen berria, baina gertakari batek elkarrizketak baldintzatu ditu: ekainean, Sevillako (Espainia) Ayesa taldeak konpainia erosteko akordioa erdietsi zuen oraingo jabeekin: Madrilgo Pro A Capital arrisku kapitaleko funtsarekin (%55), ONCErekin (%14) eta Kutxabankekin (%11). «Ibermaticaren zuzendaritzaren arabera, gure egoera ez zen ezer aldatuko salmentarekin. Baina orain Ayesak duen kontsultoria hitzarmenera pasatuko garen mehatxua egin digu», salatu dute sindikatuek gaur, ONCEren Bilboko erakinaren aurrean eginiko elkarretaratzean.
Ibematicak Donostian du egoitza, eta bulegoak ditu Zamudion eta Gasteizen. Guztira 1.800 langile ditu Euskal Herrian, baina gehiago ditu kanpoan —4.000 inguru guztira—. Zentro guztiak ordezkatzen dituen batzorde bat ari da zuzendaritzarekin negoziatzen, eta hor CCOO eta UGT sindikatuek dute gehiengoa.
Aurreko astean, proposamen hau igorri zioten zuzendaritzari: aurten, %3ko soldata igoera 27.000 euro baino gutxiagoko soldatetan eta %,2,3ekoa besteetan; 2023rako, %4ko eta %3,2ko igoerak, hurrenez hurren. Eta 2024 eta 2025erako, %4ko igoera lantalde osoarentzat. ELAren iritzian, ez da nahikoa; KPIak izan beharko luke marra gorria.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.