Kazetaritza sariak

Maider Galardi F. Agirrek «euskarazko kazetaritza feminista» aldarrikatu du

‘Berria FM’ podcastari Kazetaritza Digitala eta Narratiba Berriak saria eman diote Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak, Bilbon. Saritu askok Pablo Gonzalez kazetaria askatzeko eskatu dute.

Maider Galardi F. Agirre. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
2022ko azaroaren 8a
20:23
Entzun

«Hau ez litzateke posible izango BERRIAk azken urteetan egin duen norabidetza feministarik gabe, eta bide horretan aitzindariak eta erreferenteak izan direnak gogoan eduki nahi ditut». Hala esan du saria jaso berritan Maider Galardi F. Agirrek gaur, Bilbon, Euskal Kazetaritza Sariak banatzeko ekitaldian. «Kazetaritza feminista egitea kalitatezko kazetaritza egitea da». Berria FM podcastean egindako lanari esker, Kazetaritza Digitala eta Narratiba Berriak kategorian saritu dute Galardi Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak.

Berria FM euskarazko egunkariak hilean behin sareratzen duen podcast feminista da. Galardik egunkariko lantaldeari eskerrak eman dizkio Bilboko ekitaldian: «Duela hiru urte abiatu genuen bide hau, podcastak gurera iritsi berri zirenean, eta apustua egin genuen formatu berriaren alde, gure baliabide guztiez gain gogo eta indar handia jarrita». Proiektuan bidelagun dituenak aipatu zituen kazetari eta esatariak: «Editore lana egin didan lantaldea, Lara Madinabeitia Berria Telebistako kidea, Bea Egizabal eta Intza Alkain umoregileak, eta Araiz Mesanza ilustratzailea».

Bazterreko ahotsei ere eskerrak eman dizkie Galardik. Eta gogoan izan du Pablo Gonzalez kazetaria. Hain zuzen ere, Gonzalezen hitzak haren emazte Oihana Goirienaren hitzetan entzun dira ekitaldian, Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell saria Gonzalezi eman baitiote. «Asko eskertzen dut sari hau, baina egiazki ez nuke saria jaso nahiko, ez bainago aurreko sarituen mailan». Gonzalezek Poloniako espetxean idatzitako hitzak irakurri ditu Goirienak. «Bizi garen krisiaren erdian, prentsa eta adierazpen askatasuna defendatzen jarraitzen dut. Eskerrik asko denoi». Otsailaren 28tik dago kazetaria preso Polonian, eta Goirienak gogoratu du zortzi hilabete daramatzala inkomunikaturik. «Kazetarien lana funtsezkoa da gure gizartean, baina haien lana ezin da egon beti susmopean», esan du Goirienak.

Martin Ugalde zena gogoan
Beste sari batzuk ere banatu dituzte gaurko ekitaldian. Hala, Martin Ugalde zenari Ohorezko Saria eman diote. Haren seme Unai Ugalde eskertuta mintzatu da. Idazlea, kazetaria, politikaria eta makina bat proiektutan aritutako euskaltzalea izan zen Ugalde, eta Euskaldunon Egunkaria-ren sorreran parte hartu zuen. Irene Larrazak zera esan du: «Guztiok gara Ugalderen lanaren onuradunak». Ugalderen semeak gogorarazi du bere aitaren «proiektu kutuna» Euskaldunon Egunkaria izan zela. «Martinek gaur saria jasoko balu, helduko lioke gaur egungo egoerari, eta lankideak gogoraraziko lituzke. Euskarazko kazetaritzak pauso berriak eman behar ditu, euskarazko kazetaritzak bere izaera propioa baitu».

Euskal Kazetariak saria Luis Rodriguez Aizpeoleak jaso du. «Pozten nau sariaren pluraltasunak. Kazetariek kazetariei emandako saria da. Berriki hil diren Ander Landaburu eta Patxo Unzueta kazetariak gogoratu nahi ditut, baita Ramon Gorriaran ere», adierazi du. «Eskatu nahi dut Pablo Gonzalez ahal den bizkorren etxera itzultzeko».

Juantxu Rodriguez Fotokazetaritza saria Maite Bartolomerentzat izan da. Ibilbide Osoaren saria Florencio Torre Lledo irrati esatariari eman diote —SER irratian eta Radio Euskadin egin du lan urte luzez—. «Pablo Gonzalez etxera bizkor etorri dadila: hemen du zain emaztea», adierazi du Torre Lledok.

EITB ere saritu zuen kazetari elkargoak, «euskal komunikazioaren eta kulturaren alde» egindako 40 urteko lanaren aitortza gisa. Ingurumen kazetaritzako saria Ramon Bustamante irrati esatariak jaso du.

Ekitaldia Xabier Madariagak eta Marta Madrugak aurkeztu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.