Europako Batasuna
Bruselak lau urteko planak negoziatu nahi ditu zorra %60tik behera jaisteko
Egonkortasun Ituna erreformatzeko proposamena aurkeztu du Europako Batzordeak. Zigor arinagoak nahi ditu betetzen ez dutenentzat, baina errazago jartzea.

Egonkortasun Ituna izozkailutik ateratzeko prestatzen ari da Europako Batasuna. 2024an gertatuko da hori, Ukrainako gerra dela medio, zeren EBk ordura arte luzatu baitu COVID-19aren aurkako borrokan eskuak libre izateko arauak ez betetzeko bere buruari emandako eskubidea.
Eraldatuta itzuliko da Egonkortasun Ituna, «garaia aldatu egin baita», Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak onartu duenez. Itun berritua malguagoa izango da, «sinpleagoa», eta estatu kideetako erakundeek zeresan handiagoa izango dute beren kontuak orekatzeko moduak erabakitzeko tresnetan.
Hori da behintzat Europako Batzordearen asmoa. Gaur aurkeztu ditu bere proposamenak, azken hilabeteetan gobernuetako ordezkariekin bilera sorta izan ondoren. Aurrekontuetan zorroztasuna eskatu dutenak entzun ditu, baita arau zorrotzak jartzeak ezertarako balio ez duela esan dutenak ere. Azken hitza estatu horiek berek dute, Batzordearena ez baita eztabaidarako oinarri bat baizik.
Egonkortasun Ituna 1997an hitzartu zuten EBko orduko hamabost kideek eta hurrengo urtean hasi zen indarrean jartzen. Horren bitartez, EBko kideek beren kontu publikoak orekatzeko konpromisoa hartu zuten, bi zenbaki oinarri gisa hartuta: defizit publikoak beti egon beharko du %3tik behera, eta zorrak ezingo du gainditu BPGaren %60ko muga. Alemania eta Frantzia izan ziren defizitaren muga hausten lehenak, eta orduz gero ia guztiek hautsi dituzte noiz edo noiz. Pandemiaren aurretik, defizita beheranzko bidean zegoen herrialde guztietan —askok superabita zuten—, baina COVID-19ak dena aldatu zuen: osasun gastua izugarri handitu zen, eta koronabirusak eragindako krisia gastu publikoaren bidez borrokatzea erabaki zuen EBk.
Espainia eta Frantzia, gaizki
Eurostaten azken datuen arabera, gaur egun EBko 27 kideetatik hamarrek gainditu egiten dute
BPGaren %3ko muga —Espainia (%4,2) eta Frantzia (%3,9) barne—. Zorrari dagokionez, EBk berak BPGaren %86,4ko zorra du, eta hamalau herrialdek dute %60tik gorakoa.
Muga horiek arbitrarioak diren arren, Europako Batzordeak ez aldatzea erabaki du. «Oro har, ongi funtzionatu dute», ziurtatu du Valdis Dombrovskis lehendakariordeak. Baina ez aldatzeko beste arrazoi bat ere badago, pragmatikoagoa: muga horiek ukitzeak itunak aldatzea ekarriko luke, eta hori urte eta neke askoko lana da. Horren ordez, bigarren mailako arauen bitartez erreformatu nahi du Egonkortasun Ituna.<br />Kontu publikoak orekatu behar direla dioen ideiari eutsi dio Bruselak, baina sistema malguago bat proposatu du horretarako, zorra gradualki murrizteko aukera eman beharko lukeen sistema bat.
Hiru taldetan banatu ditu estatuak, haien zorraren neurriaren arabera. Zor handia dutenek lau urte izango dituzte hura beheranzko bide jarraitu eta jasangarri batean jartzeko, eta defizita %3tik behera uzteko. Hiru urteko luzapena eskatu ahal izango dute, erreforma gehiagoren truke. Bruselarekin negoziatu ondoren, gobernuek beren planak aurkeztu beharko dituzte, eta hor zehaztu zer erreforma eta inbertsio egingo dituzten helburua lortzeko. Beste gobernuen oniritzia jaso beharko dute. Talde horretan egongo dira Grezia (%182,1), Italia (%150,2) eta Portugal (%123,4), baina ziur aski baita Espainia (%116,1) eta Frantzia ere (%113,1).
Zor moderatua dutenentzat, epea hiru urtekoa izango da, eta zor txikia dutenek, berriz, defizit publikoak %3tik behera jarraitzen duela ziurtatu beharko dute.
Kontrol gehiago
Malgutasunaren eta gradualtasunaren trukean, Europako Batzordeak indartu egin nahi du zorra murrizteko planak betetzen ez dituzten herrialdeen gaineko kontrola. Zigorrak, berriz, orain indarrean egon bai baina inoiz ezarri ez direnak baino txikiagoak izango dira, baina errazago inposatu ahal izango dira.
Ekonomikoak izango dira —isuna zuzen pagatzea eta funtsak galtzea—, baina baita zigortuaren izen ona zikintzekoak ere: plana betetzen ez duenak Europako Parlamentuan azaldu beharko du zergatik ez duen hala egin, eta, horrekin, merkatuen erantzuna arriskatuko du.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.