Lan gatazkak
Bizkaiko metalgintzako enpresak «irabaziak metatzen» ari direla gogoratu diote FVEMi
CCOOk, LABek eta UGTk ofizialki erregistratu dituzte azaroaren 28tik aurrerako greba egunak. Lan ituna berritzeko aukera on bat alferrik galdu dela iritzi diote.

Ofiziala da: CCOO, LAB, UGT eta ESK sindikatuek astebeteko greba deialdia erregistratu dute azaroaren 28tik aurrera Bizkaiko metalgintzan, eta, bide batez, pixka bat gehiago tenkatu dute korapiloa. Astelehenera arte mehatxu zena errealitate bilakatu da, eta hiru asteko erlojupekoa hasi da hura eragozteko. Deitzaileen arabera, FVEM patronalak «alferrik galdu du» lan hitzarmenaren inguruan akordioa lortzeko aukera bat, haren azken eskaintzak hobekuntza txikiak egiten dituelako erosahalmenaren inguruan, eta akordioko beste esparru batzuk ez ditu ukitu ere egin. Besteak beste, subrogazio eskubidea eta aldi baterako enpresen erabilera.
Sindikatuek «etekinak metatzen» ari diren enpresei egotzi diete eta eredu bezala FVEMeko zuzendaritzan ordezkarien aurtengo mozkinak esan dituzte. Haien arabera, Tecunik 3 milioi euro baino gehiagoren irabaziak ditu, Artechek ia 9 milioi eurorenak, Sidenor taldeak 25 milioi euro baino gehiagorenak, Ormazabal taldeak 11 milioi inguruko irabaziak, eta Elduk 6 milioi eta erdiren irabaziak. Iratxe Azkue LABeko ordezkariak onartu du datu horiekin ez dute ulertzen patronalaren jarrera: «Grebara deitzera behartzen gaituzte. Gatazka gogortu egingo da; FVEMen jarrerak eskatzen duena da».
Patronalak bere aurreko eskaintza hobetu zuen astelehenean, lau urterako KPI igoera aurreikuspena bi puntu hobetuz. Sindikatuentzat, baina, eskaintza horrek ez du erosahalmena bermatzen, eta, era berean, patronalak mantendu egin ditu malgutasunean, gutxieneko bermean eta osagarrietan emaniko atzerapausoak. Aldi baterako enpresen mugan eta azpikontrataturiko langileen kontratuen subrogazioan ere urrun daude jarrerak.
FVEMek esan zuen ez duela ulertzen greba deialdi hau, antzeko baldintzekin itunak berritu direlako beste lurralde batzuetan, eta sindikatuei leporatu zien enpresetako hauteskundeei begira eginiko mugimendua dela. Sindikatuek, baina, gezurra dela esan dute, eta «batasun sindikalak» erakusten duela banakako interesen gainetik daudela; nabarmendu dute ELAk «atea irekia» duela haiekin itzuli nahi badu.
Sindikatuek Jaurlaritza ere gogor kritikatu dute, duela bi asteko grebetako azken egunean Ertzaintzak izandako jarrerarengatik. Bi langile ospitalean artatu behar izan zituztela eta asko jipoitu zituztela salatu dute. Era berean, azaldu dute isun gehiago hasiak direla iristen. Hurrengo greba deialdia hilaren 28an hasiko da, eta abenduaren 2an amaituko, eta piketeekin jarraitzeko asmoa dute. Greba eskubidea errespetatzeko eskatu diote Jaurlaritzari.
Greba mahai gainean dago, baina aurretik bilera bat egingo dute gutxienez, eta litekeena da bakarra ez izatea. Heldu den asteartean dute hitzordua. Aurten dagoeneko hiru eguneko hiru grebaldi egin dituzte; abendukoa, baina, jauzi kualitatiboa litzateke protestetan. Are gehiago kontuan izanda abenduaren 5eko astean bi jai egun daudela Hego Euskal Herrian eta ekoizpen etena asko luzatu daitekeela.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.