LGTBI-fobia

Pintaketa transfoboak egin dituzte Iruñean, trans legearen harira

Ortzadarraren koloreekin margotutako banku bat pintatu dute, eta 'Stop trans legea' mezua idatzi. Atzo, trans legea «berehala» onartzeko eskatu zuten Euskal Herriko hainbat LGTBI taldek

Pintaketa transfoboa egin duten bankua, Iruñeko Runa parkean. IRUñEKO UDALA
Julen Otaegi Leonet.
2022ko azaroaren 9a
18:48
Entzun

Oraindik ere tramitean da trans legea Espainiako Kongresuan. Gatazkatsua izaten ari da horren onarpena; besteak beste, PSOE trabak jartzen ari baita genero autodeterminazioari dagokionez. Ezinegonez, legea «berehala» onartzeko eskatu zuten Hego Euskal Herriko LGTBI eskubideen aldeko hainbat taldek. Egun bakarra behar izan da lege haren kontrako mezuak kaleetan ikusteko: pintaketa transfoboak egin dituzte Iruñeko Runa parkeko banku batean, ortzadarraren koloreekin margotutako batean. Stop trans legea irakurri daiteke bertan.

Iruñeko Udalak «erabat gaitzetsi» du pintaketa transfoboa, eta «sexu eta genero aniztasuna askatasunean bizitzeko eskubidea» aldarrikatu. Era berean, LGTBI kolektiboko pertsonek hirian pairatzen dituzten erasoen eta LGTBIfobiaren aurka agertu da. «Iruñea hiri plural eta errespetuzkoa izan dadin lagunduko dugu, pertsona guztiek beren bizi proiektua garatu ahal izateko, beren sexu orientazioari, genero adierazpenari edo sexu eta genero identitateari erreparatu gabe».

Tuteran ere bai

Joan den irailean, pintaketa homofoboak egin zituzten Tuterako banku batean —hori ere LGTBI banderaren koloreekin margotuta zen—. Maricones (maritxuak) idatzi zuten bertan. Ekintza ez zen oharkabean pasatu, eta herriko zenbait eragilek sare sozialen bidez adierazpenak egin zituzten, erasoa gaitzesteko. Apirilean ere antzeko pintaketak egin zituzten, Tuteran bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.