SEVILLA 1-2 REALA

Reala haizea alde duela iritsi da etenaldira

Realak irabazi egin dio Sevillari haren zelaian, eta Europako postuetan igaroko du ligako etenaldia. Txuri-urdinek hasi eta gutxira hartu dute aurrea, eta epaileak etxeko bi jokalari kanporatu izanak erraztu egin die garaipenerako bidea

Mikel Merino eta Alexander Sorloth, aurrelariak sartutako gola ospatzen; partidako lehena. JOSE MANUEL VIDAL / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2022ko azaroaren 9a
21:27
Entzun

Realak egin ditu Espainiako Ligako lanak abendura artean. Talde txuri-urdinak sasoi hasiera ederra osatu du, eta sailkapena da horren erakusle: hamalau jardunalditan 26 puntu batuta, Europako postuetan kokatuta dago. Gaur Sevillaren zelaian irabazita osatu du Munduko Koparen aurreko aldia; oraindik sasoiaren zatirik handiena geratzen zaio, baina urrats garrantzitsuak egin ditu lehen hilabeteetan.

Desiragarria zen geldialdira garaipen batekin joatea, eta Realak ez du huts egin. Egiari zor, haizea alde izan du gaurko norgehiagokan. Garaiz egindako gol batek eta epailearen erabakiek erraztu diote garaipena.

Donostiarrentzat jokaleku makurra da Ramon Sanchez-Pizjuan estadioa. Sei urte eta erdi behar izan ditu berriz irabazteko, baina gaur eskura jarri zaio irabaztea. Lehen minutuek traza eskasa izan dute; batez ere, Carlos Fernandezek hasi orduko min hartu duelako.

Ordea, Realak berehala bideratu du garaipena. Su txikian ondutako gola izan da, harik eta Mikel Merinok area ertzean baloia jaso duen arte. Gorputza jiratu du iruindarrak, Alexander Sorlothekin jokatzeko, eta norvegiarrak Bono atezainaren gainetik loratu du baloia. Sasoiari dagokionez, Merinoren bosgarren goleko pasea izan da.

Partidak itxura ona hartu du ordu laurdena igaro orduko, eta egoera are gehiago edertu da epaileak Ivan Rakitic kaleratu duenean. Brais Mendezi egindako sarrera bat VAR-ean berrikusi, eta hasierako txartel horia gorri bilakatu da, 28. minutuan.

Sevillaren zorigaitza areagotu egin da bost minutu geroago, Del Cerro Grande epaileak Tanguy Nianzou kanporatu duenean. Sevillako jokalariak sarrera gogorra egin dio Braisi, eta VAR-aren laguntzaz erabaki du bigarren txartela ere. Erabakiaren egokieraz landa, agerikoa da tresna hori laguntzeko ez ezik, jokaldiak berriz epaitzeko baliatzen dutela. Aritz Elustondori gertatu zitzaion aurreko igandean, eta Sevillakoei gaur.

Realak alde zuen haizea, eta segituan probestu du hori, bigarren gola eginda. Brais Mendezek sartu du, Merinok David Silvari emandako pasea probestuta. Galiziarrak sei gol egin ditu sasoi honetan.

Hortik aurrera, Realak errenta kudeatzen igaro ditu minutuak, baloia alderik alde mugituta. Zirrikituak bilatzen pasatu du denbora, eta jokoak itzaltzera egin du. Hein handi batean, Sevilla izan da aldea murriztu duen taldea. Atsedenaldiaren atarian eta jada galtzekorik gabe, Alex Tellesek egindako erdiraketa bat bikain errematau du Rafa Mirrek. Erosotasunaren gaztelua hondarrezkoa zen.

Zalantza bat markagailuan

Etxekoen golak urratu egin du patxada erabatekoa. Bi goleko aldea beti da oparoa, baina bakarrekoak atea zabaltzen dio zalantzari. Gaur ere hala izan da; nahiz eta, hasiera batean, kezkatzeko arrazoirik izan ez, adi egon behar zuen Realak.

Txuri-urdinak saiatu dira bigarren zatian jokoa moteltzen. Aldaketak ere egin ditu Imanol Alguacilek, oreka bilatuz. Ordea, Sevillaren aldian-aldiko saialdiek estutu egin dituzte bisitariak. Oro har, neurketa kontrolpean izan dute, baina espainiarren gol batek hankaz gora jar zezakeen iluntzea. Saiatu dira, baina nekeak erasanda, ez zdute lortu. Hartara, Reala garaipenaren bidera itzuli da, eta gozotik joan da etenaldira.

Pozik zen Imanol, partida amaieran: «Bi gehiagorekin aritu arren, zaila da hemen irabaztea. Oso gustura nago, 26 puntu ditugulako». Oriotarrak baditu horretarako arrazoiak, sasoiaren lehen zatia ikusita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.