Euskara

Hasi dira euskararen ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko jardunaldiak Gasteizen

Hezkuntzaz, hizkuntzaren transmisioaz eta sozializazioaz, eta helduen euskalduntzeaz ariko dira Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatutako jardunaldietan, bi egunez.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Poitikarako sailburuordea eta Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, gaur goizean, jardunaldien hasieran. EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
2022ko azaroaren 10a
11:55
Entzun

Jauzirako prest lelopean hasi dira Gasteizen euskararen ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko jardunaldiak, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatuta. Hain justu, antolatzaileek uste dute badirela helburu horretarako bidean «jauzia» egiteko baldintzak, eta horretarako «bideak, aukerak, tresnak eta estrategiak» hizpide izango dituzte gaur eta bihar. Hiru gairen bueltan ibiliko dira batez ere: hezkuntza, hizkuntzaren transmisioa eta sozializazioa, eta helduen euskalduntzea.

Atzerriko bi adituren hitzaldiak izan dira goizean. Batetik, Flandriako Ann de Moor irakasleak Flandrian hezkuntza sistemak nederlanderaren berreskurapenean egindako ekarpenaz aritu da. Bestetik, Avel·li Flors Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak hitz egin du, gazteen artean katalanaren erabilera areagotzeko dituzten erronkez.

Hurbilago jarriko dute lupa datozen orduetan. Ikastetxeetako hizkuntza proiektuez jardungo dute Karmele Perez Huheziko irakasleak, Donostiako Aitor ikastolako Julen Etxeberriak, Dimako Ugarana eskolako Zefe Ziarrustak eta Iruñeko Iparralde DBHIko kide Fertxu Izquierdok. Horrez gain, «testuinguru berezietan euskararen presentzia eta erabilera bermatzeko» zer estrategia garatu dituzten azalduko dute Gasteizko Mariturri eskolako, Irungo Belaskoenea eskolako eta Lapuebla de Labarcako Assa ikastolako zuzendariek.

Aisialdiak haur eta gazteen hizkuntza gaitasunetan duen eraginean ere jarriko dute arreta, duela bi urte egin bezalaxe. Maite Asensio Hezten taldeko kideak azalduko du nola eragiten dieten aisialdi antolatuek hizkuntzaren gaitasunari eta jarrerei. Bestalde, ingurune erdaldunetan sortutako «euskarazko arnasguneen» bi esperientzia ere jasoko dituzte: Uda Leku Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko haurrak elkartzen dituen udalekua eta Ebete elkarteak sortutako Ele-meleka proiektua, bigarren hezkuntzako ikasleen hizkuntza sozializazioan laguntzeko egindakoa.

Bihar, berriz, ikasgelatik kanpoko haurren sozializazioaz eta helduen euskalduntzeaz hitz egingo dute, besteak beste. Horrez gain, Kontseiluaren barruan antolatutako euskaltegiek euskaraz ikasteko beharra sustatzeko garatu duten proposamena aurkeztuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.