NAFARROAKO EGOERARI BURUZKO EZTABAIDA

Esparza: «PSNk bizkarra eman die bere balioei, Bildurekin ituna egitearren»

Osasungintzaren egoeraz, zergen igoeraz eta euskarari emaniko «diru parrastaz» hitz egin du Navarra Sumako buruak.

jarraia220541.jpg
Ion Orzaiz.
2022ko azaroaren 10a
13:31
Entzun

Apokalipsiaren iragarlearena egin du, beste behin ere. Javier Esparzak, UPNko presidente eta Navarra Sumako buruak, kritika gogorra egin dio Nafarroako Gobernuak legealdi honetan eginiko lanari eta, batez ere, «kezkagarritzat» jo du EH Bilduk duen eragina.

Maria Txibiteren gobernuak eta EH Bilduk aurrekontuen inguruan lortutako akordioa izan du hizpide Esparzak bere hitzaldiaren hasieratik, baina, itunaren edukia aipatu beharrean, ETAren biktimez hitz egin du: «Ez da nahikoa biktimen sufrimendua errespetatzea edo horiei elkartasuna adierazte hutsa, Txibite andrea. Guk gogoan ditugu beti, eta horien alde eginen dugu aurrerantzean ere».

Navarra Sumako buruak aitortu du COVID-19aren izurriak eta Ukrainako gerrak «baldintzatu» egin dutela gobernuaren jarduna, baina gaineratu du Txibitek «haizea alde» izan duela, Espainiako eta Europako diru funtsei eta arauen malgutzeari aipamena eginda: «Espero baino baliabide publiko handiagoak izan dituzue: aurreko legealdian baino 3.900 milioi euro gehiago, eta, hala ere, erkidegoa egoera okerragoan dago, eta ez da lehen bezain lehiakorra».

Ikusi gehiago:Txibite: «Gobernu honek hitza bete du»

Zehazki, Osasun sistemaren «gainbeheraz» hitz egin du Esparzak: «Osasun publikoa hondatu duzue: itxaron zerrendak inoiz baino luzeagoak dira, 38.000 emakume nafarri atzeratu egin diete mamografia, telefono bidezko arta gehiegizkoa da, profesionalek ez dute motibaziorik eta herritarrak haserre daude».

Pobreziak gora egin duela aipatu du UPNko presidenteak: «95.000 nafar daude pobrezian jausteko zorian, eta 22.000, berriz, pobrezia larria pairatzeko arriskuan. Ez dakit nola ez zareten lotsagorritzen».

Zerga politika ere aipatu du Esparzak, eta Gipuzkoan egiten denarekin alderatu du: «Gipuzkoan, familiek askoz gutxiago ordaintzen dute zergetan». Haren esanetan, Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk lortutako akordioa dago horren gibelean: «PSNk uko egin die bere betiko balioei, bizkarra eman die, Bildurekin sinatu duen itunari eusteagatik».

Euskara, Skolae eta Eliza

D eredua, Skolae eta AHTa aipatu ditu Esparzak, Txibitek EH Bilduren aurrean «men» eginiko auzien adibide gisara. «Zuen printzipioetan atzera egin duzue; aurrera, berriz, inposizioarekin lotutako auzi ideologikoetan: Skolae programaren zabaltzean, Eliza Katolikoaren jazarpenean edo ikastetxeetan Erlijio eskolak murrizteko ahaleginean, besteak beste». Horrez gain, Nafarroako Gobernuak euskarari «diru parrastadak» eman dizkiela salatu du koalizio eskuindar espainiazaleko buruak: «Bilduk D eredua inposatu nahi izan du hainbat herritan: Mendigorrian, Larragan... Eta zuek men egin diozue horretan ere. Dirutza eman diozue Euskarabideari ere».

Azpiegiturei buruz, berriz, ezer ez egin izana leporatu dio Txibite lehendakariari: «AHTaren eta Nafarroako ubidearen lanetan, ez duzue lurren metro kubiko bat ere mugitu, aurreko legealdietan UPNk adostu zituen horiek kenduta».

Azken urteetan bezala, aurtengoa Txibiteren agintaldiaren «azken urtea» dela iragarri du Esparzak bere hitzaldiaren bukaeran, eta bere burua jarri du alternatiba gisa. «Erabakigunea Bilbon edo Madrilen izanen ez duen gobernu bat behar dugu», esan du, heldu den urteko hauteskundeei erreferentzia eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.