Hiru zauritu daude Lesarriko tunelaren erortzearen ondorioz

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako Foru Diputatuak adierazi du astelehenera arte tunela itxita egonen dela. Alboko tunelean, bide bat jarri dute noranzko bakoitzean, trafikoa bideratzeko.

Lesarriko tunela, interneten zabaldutako irudia.
Isabel Jaurena.
2022ko azaroaren 11
09:59
Entzun

Maltzaga (Eibar, Gipuzkoa) eta Bergara (Gipuzkoa) artean dagoen Lesarriko tuneleko sabaiaren estaldura erori egin zen atzo arratsaldean, AP-1 autobidean. Luiziak ez zuen autorik harrapatu, baina hiru autok elkar jo zuten. Gainera, hiru pertsona zauritu ziren, baina ez zituzten ospitalera eraman behar izan. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako Foru Diputatuak gaur goizean adierazi duenez, astelehenera arte egonen da tunela itxita, baina, bitartean, alboko tunelean bide bat jarri dute noranzko bakoitzean. Oiarbidek erran du behin-behineko bideak «ongi» funtzionatzen duela orain arte, eta ez dagoela auto ilararik.

Ertzaintzak trafikoa gelditu behar izan zuen Gasteizerako noranzkoan hiru orduz, ingurabide bat ireki zuten arte: Gasteizera zihoazenek Eibarren (Gipuzkoa) autobidetik irten behar zuten, Bergarara (Gipuzkoa) GI-627 errepidetik joan, eta herri horretan berriz ere autobidera sartu. Bitartean, Bidegiko teknikariak gertatutakoa aztertzen hasi ziren, eta errepidea garbitzeko lanei ere ekin zieten. Oiarbidek adierazi duenez, teknikoak jada lanean ari dira gertatutakoa konpontzeko.

Bigarren aldia

Atzokoa ez zen Lesarriko tunela erortzen zen lehenbiziko aldia, orain dela zortzi urte ere erori egin baitzen. Lur jausi baten ondorioz, tunelaren estalduraren bost metro erori ziren, baina ez zuen auto bakar bat ere harrapatu, eta ez zen zauriturik egon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.