Europako Batasuna
Atzeraldi labur bat eurogunean
Europako Batzordeak iragarri du BPGa txikitu egingo dela aurtengo azken hiruhilekoan eta 2023ko lehenengoan. Inflazioa apaldu egingo da datorren urtean, baina ez asko

Atzeraldia iritsi da eurogunera. Hala diote Europako Batzordearen azken datu ekonomikoek eta datorren urterako egin dituzten aurreikuspenek. «Atzeraldi teknikoa» izango da, hau da, bi hiruhileko segidan uzkurtu egingo da Europako Batasuneko BPG barne produktu gordina: aurtengo azkenekoan eta 2023ko lehenengoan. Herrialde gehienetan izango dute atzeraldi teknikoa, guztiei eragiten baitie kontsumoa eta industriaren ekoizpena apaltzen dituen inflazio handiak. Salbuespenak izango dira, eta horien artean dago Espainia; ez, ordea, Frantzia.
Batzordeak atzo aurkeztutako udazkeneko aurreikuspenen arabera, laburra izango da atzeraldia: udaberrian egonkortu egingo da jarduera ekonomikoa, inflazioaren gorakada apaltzen denean, eta udatik aurrera pixka bat handituko da. Iaz bezala, herrialde turistikoek emaitza hobeak izango dituzte, baina kontuan hartu behar da horiek pairatu zutela gehien koronabirusaren krisia.
2023an, oro har, %0,3 baizik ez dira haziko EBko eta euroguneko ekonomiak, eta izango dira hazkunde negatiboa izango duten estatu kideak ere, horien artean Alemania eta Suedia (-%0,6). Herbehereak %0,6 haziko dira; Frantzia, %0,4; eta Italia, %0,3.
Espainian, atzeraldirik ez
Haren gainetik geratuko da Espainia (%1), eta hura izango da kiderik handienen artean orain atzeraldi teknikoari izkin egingo dion bakarra. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere ez dute atzeraldirik iragarri hurrengo hilabeteetarako, motelaldia dagoeneko gertatzen ari dela onartu badute ere. Desberdintasun horren faktoreen artean Next Generation funtsak daude, milaka milioiren inbertsioak eragingo dituztelako.
Bruselaren arabera, suspertze handiagoa etorriko da 2024. urtean. EBko ekonomia %1,6 da haztekoa urte horretan, eta %1,5, berriz, eurogunekoa. Azken kopuru horretara iritsiko da Frantzia, eta gainetik geratuko da Espainia (+%2).
Kontrako bidea egingo du inflazioak: beherakoa. Izan ere, prezioen igoera apaltzea ezinbesteko baldintza da herritarrek gehiago kontsumitu dezaten eta ekonomia haz dadin. Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak ziurtatu duenez, inflazioa goia jotzear da
—dagoeneko egin du Espainian eta Frantzian eta, hortaz, baita Euskal Herrian ere—, eta poliki bada ere, apaltzen jarraituko du hurrengo urteetan. Eurogunean, esaterako, %8,5era helduko da aurten batez beste, %6,1era jaitsiko da 2023an eta %2,6ra 2024an.
Langabeziaren igoera txikia
Lan merkatuak aurreko krisi batzuetan baino hobeto eutsiko diola uste du Bruselak. Oraingo egoera «inoizko sendoena» da, eta langile falta nabaria da arlo batzuetan, baina eskasia hori desagertzen ari da, eta 2023an langabezia pixka bat handituko dela iragarri du: aurtengo %6,2tik %6,3ra 2023an eta %6,4ra 2024an.
Estatu kideen kontuetan ez du triskantza handirik eragingo atzeraldiak. Inflazio handiak BPG nominala puzten du, prezioak handitzean BPGa ere handitzen delako, eta, horregatik, defizitak eta zorrak ekonomian duten pisua ez da askorik aldatuko.
Eurogunean, %5,1era iritsi zen iaz defizit publikoa, gobernuek gastu publiko handia egin zutelako pandemiaren ondorioen aurka borrokatzeko, eta aurten %3,5era jaitsiko da; 2023an, %3,7ra helduko da, finantzaketaren truke ordaindutako interes tasak handitu egingo direlako eta Europako Batzordeak espero duelako gobernuek neurri gehiago hartzea energia garestiaren kalteak arintzeko.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.