Albistea entzun

Bertsolari Txapelketa Nagusia

Aitor Mendiluzek irabazi du Durangoko finalaurrekoa

726,5 puntu eskuratu ditu Mendiluzek. Bigarren egin du Beñat Gaztelumendik (716,5). Haien atzetik geratu dira Julio Soto (686), Aitor Bizkarra (677,5), Saioa Alkaiza (662) eta Eñaut Martikorena (636).

2.500 bertsozale elkartu dira gaur, Landakon.
2.500 bertsozale elkartu dira gaur, Landakon. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Enzunza Mallona -

2022ko azaroak 12

Aitor Mendiluze Gonzalez gailendu da Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo itzuliko azken finalaurrekoan, Durangon. 726,5 puntu eskuratu ditu andoaindarrak, eta, haren ondotik, honela geratu da sailkapena: Beñat Gaztelumendi (716,5), Julio Soto (686), Aitor Bizkarra (677,5), Saioa Alkaiza (662) eta Eñaut Martikorena (636). 2.000 bertsozale elkartu dira Landako gunean, eta, saio amaieran, sei bertsolari hauek geratu dira bigarren itzulirako aukerarik gabe: Ane Labaka (631,5), Nerea Elustondo (628), Iñaki Apalategi (623), Asier Azpiroz (616,5), Haritz Mujika (615) eta Aitor Etxebarriazarraga (612). Aurrera egin duten bertsolariak, berriz, ez dira hutsetik hasiko: lehen faseko eta bigarren faseko puntuak batuta erabakiko da zein zazpi bertsolari sailkatuko diren final handirako.

Hauek izango dira bigarren itzuliko saioak:

Amurrio (azaroak 19):

- Agin Laburu
- Aitor Bizkarra
- Alaia Martin
- Miren Artetxe
- Oihana Iguaran
- Onintza Enbeita

Baiona (azaroak 26):

- Beñat Gaztelumendi
- Eñaut Martikorena
- Julio Soto
- Nerea Ibarzabal
- Sustrai Colina
- Unai Agirre

Bilbo (abenduak 3):

- Aitor Mendiluze
- Amets Arzallus
- Joanes Illarregi
- Jone Uria
- Maddalen Arzallus
- Saioa Alkaiza

Honela egin du BERRIAk Durangoko saioaren kontakizuna:

Zuzeneko kontakizuna

19:59

Honakoak dira, beraz, bigarren itzulira pasatuko diren bertsolariak:

- Alaia Martin 729,5 puntu
- Aitor Mendiluze 726,5 pt.
- Beñat Gaztelumendi 716,5 pt.
- Joanes Illarregi 711 pt.
- Sustrai Colina 710 pt.
- Oihana Iguaran 688,5 pt.
- Amets Arzallus 688 pt.
- Julio Soto 686 pt.
- Aitor Bizkarra 677,5 pt.
- Agin Laburu 677 pt.
- Nerea Ibarzabal 673 pt.
- Saioa Alkaiza 662 pt.
- Jone Uria 660,5 pt.
- Unai Agirre 652,5 pt.
- Miren Artetxe 644,5 pt.
- Onintza Enbeita 639,5 pt.
- Eñaut Martikorena 636 pt.
- Maddalen Arzallus 635 pt.

Honakoak dira, berriz, bigarren fasera pasatuko ez direnak:
- Ane Labaka 631,5 pt.
- Nerea Elustondo 628 pt.
- Iñaki Apalategi 623 pt.
- Asier Azpiroz 616,5 pt.
- Haritz Mujika 615 pt.
- Aitor Etxebarriazarraga 612 pt.

Sailkatuen zerrenda

19:48

Haren atzetik, honela geratu da sailkapena:

- Beñat Gaztelumendi (716,5 puntu).

- Julio Soto (686 puntu)

- Aitor Bizkarra (677,5 puntu)

- Saioa Alkaiza (662 puntu)

- Eñaut Martikorena (636 puntu)

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:47

Aitor Mendiluze irabazle

726,5 puntu eskuratu ditu.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:42

Amaren heriotza izan du hizpide Aitor Mendiluzek. Gaur izan da hileta elizkizuna, eta semea ere berarekin joan dela kontatu du: "Etxera iritsi eta/ hunkituta dago bera,/ eta negarra izan da/ azaleratzeko era;/ baina harritu egin da/ begietan du galdera/ nere negarra ikustean/ berearekin batera". Sentimenduetan aditu ez bada ere, negarra, sarritan, lasaitzeko tresna dela onartu du: "Malkoaren minak sarri/ hizketak gozatzen ditu".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:33

Nerabe biren arteko bikote harremana izan du hizpide Aitor Bizkarrak. Elkarrekin maiteminduta egon arren, udako amodio bat baino ez da izan azkenean: "Zu txispa zinen ni gasa/ sua piztea erraza,/ baina udako amodioa zen/ bi neraberen jolasa/ ta ezin izan du udagoienak/ jarri dion froga pasa". Ostiral iluntze batean moztu zuen harremana bikoteak, eta gogor plantak egin arren, gaizki pasatu zuela onartu du bigarren bertsoaldian: "Baina sua zoritxarrez/ gaur hor dago ta bihar ez./ Geure artekoa zeuk eten zendun/ ostiral ilunabarrez,/ ta ni kanpotik gizon plantetan/ baina barrutik negarrez". Sekulako txalo zaparrada jaso du bertsoaldi horren amaieran, eta hirugarrenarekin borobildu du ariketa: "Gaur negarrez nago, maiti,/ zure falta daukat baiki./ Zalantzan nago malkoak kendu/ ta animoa jaiki,/ edo ahula naizela onartu/ ta dena hutsetik eraiki". Lan ederra egin du.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:22

Duela gutxi terapian hasi den gizabanakoaren rola hartu du Julio Sotok. Orain arte, serio aritu dela kontatu du, baina gaurko saioan, negarra atera zaio: "Baina gaur arte beti serio/ enintzen malkotan lehertzen,/ zeren gizonoi kostatzen zaigu/ zaurgarri agertzen". Bere barruko minen inguruan hizketan hasi eta berehala nabaritu du aurrerapausoak ematen hasi dela: "Iruditzen zait begi tartea/ gaur ipintzean lausoa/ eman dudala sendatu nadin/ lehendabiziko pausoa". Psikologoaren erantzunarekin amaitu du bertsoaldia: "Hartzazu nire besarkada ta/ hurrengo astean etorri".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:09

Amonaren heriotzaren inguruan aritu da Eñaut Martikorena. Amonak emandako indarra eta maitasuna izan ditu hizpide hiru bertsoaldietan, eta hunkituta amaitu du ganbarako lana.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:04

Urteen joana izan du hizpide Beñat Gaztelumendik. 35 urteko semea arduratzen da haren zaintza lanak egiteaz, eta haren aurrean egin du negar lehen aldiz: "Ni beti bestek indartzen,/ beti besteak lasaitzen,/ eta gaur konturatu naiz/ ni zeinen hauskorra naizen". Semearen begietan haren islada sentitzen duela kontatu du, eta hala amaitu du bertsoaldia: "Eskua dardarka daukat/ ta azkartu zait taupada,/ ia errukizkoa da/ semearen begirada,/ baina etzaidazu horrela/ begiratu begitara:/ negar egitea indartsu/ izateko modu bat da".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:53

Bikote harreman batean jarri du bere burua Saioa Alkaizak. Aste osoa antsietate atakeekin igaro ostean, haren bikotearengana gerturatu eta negarrez hasi dela kontatu du lehenengo bertsoaldian: "Eta lehenbiziko aldiz/ haren ondoan negarra,/ ta biak sentitu ditut:/ askapena ta indarra". Polimaitasuna dutela kontatu du bigarren bertsoaldian, eta "iraultzaren adibidea" bada ere, prozesua zaila egiten ari zaiola adierazi du: "Plazera zure da baina/ sufrimendua nirea./ Ez dakit daukagun hau den/ horren harreman librea,/ ahazten bazaigu zaintzea/ gure ondoko kidea". Elkarrekin negoziaziora iritsi direla esan du azkenik, eta fin amaitu du bertsoaldia: "Lasaitua hartu dut nik:/ nahi dut harreman lasaia./ Zoriontsua izanen naiz,/ nahiz ta ez ezin horren guai-a".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:42

Hastear da ganbarako ariketa

«Lehen aldiz egin duzu negar haren aurrean. Lasaitua hartu duzu». Hori izango dute bertsolariek hiruna bertso kantatzeko gaia. Saioa Alkaiza Guallar izango da lehenengoa ganbarako lanari ekiten.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:28

Amaitu dute lehen tartea Durangoko Landako gunean, eta hamar minutuko atsedenaldi bat egin dute. Publikoa hankak luzatzera doan bitartean, ganbarara eraman dituzte sei bertsolariak.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:26

Lagunak dira Gaztelumendi eta Mendiluze. Azkenaldian gutxitan egoten dira elkarrekin, eta Gaztelumendik lagunari eskatu dio astero hitzordu bat egiteko. Umoretik heldu dio Mendiluzek: "Beñat zergatik bildu nahi dezu,/ eta zertarako?". Biltzea bera arrazoi nahikoa dela esan dio Gaztelumendik, baina ez du Mendiluze konbentzitu: "Behin bil gaitezen ta ondo badoa/ hurrengo bat jarri".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:21

Surflariak dira Alkaiza eta Soto. Lapurtarra da Soto, eta bizkaitarra Alkaiza. Euskal selekzioan parte hartzeko gonbita iritsi zaiola kontatu dio Alkaizak Sotori, eta aukera aprobetxatzeko esan dio lapurtarrak bizkaitarrari. Alkaiza baina, ez dago ados: "Hau ez da euskal selekzioa/ partxetxo bat baizik". Aurrerantzean ere uretan elkartuko direla esan dio Sotok Alkaizari, eta hala amaitu du bertsoaldia Alkaizak: "Tsunamiren bat surfeatuko/ dugu elkarrekin".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:15

Sei puntuko motzean hasi dira bertsolariak. Martikorenak eta Bizkarrak ekin diote ariketari. Bikotea dira bi bertsolariak. Martikorenaren jaioterrian bizi dira egun, baina Bizkarrak esan dio bere jaioterrira bizitzen joatea gustatuko litzaiokeela. Hala abiatu da Bizkarra: "Abañoko bake santurik/ ez dago Hernanin". Ez du Martikorena konbentzitu, baina azken bertsoaldian mesede bat eskatu dio Bizkarrak bikoteari: "Ta egon nahi dut bakean/ Anbotoren itzalpean/ sagardotegi denborada horrek/ iraun bitartean".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:56

Zortziko txikiko lanak bukatuta, puntuka ari dira orain bertsolariak.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:54

Bikotea dira Soto eta Mendiluze. Sotoren urtebetetze eguna da, eta erretzeari uzteko partxeak oparitu dizkio Mendiluzek. Sorpresaz hartu du oparia Sotok: "Lehenbiziko urtean/ musu eta mosu,/ egingo ninduzula/ beti zoriontsu./ Despistatu samarrik/ zabiltza geroz zu,/ partxeari partxea/ ipintzen diozu". Hala erantzun dio Mendiluzek: "Julio, ez zait gustatzen/ hautsontzi gustua".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:49

Pisukideak dira Gaztelumendi eta Bizkarra. Telelanean aritzen da Bizkarra, eta egongelaren erdian pasatzen du eguna ordenagailuarekin. Orain ere zaratarik egin gabe eta isilik egoteko eskatu dio Bizkarrak Gaztelumendiri. Etxeko lanetan laguntzen ez duela aurpegiratu dio Gaztelumendik Bizkarrari, eta hala erantzun dio bigarren horrek: "Hautsa pasatzen duzu/ joan eta etorri,/ lanaren banaketa/ deitzen zaio horri".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:43

Zortziko txikian ari dira kantuan orain bertsolariak. Alkaiza eta Martikorena izan dira lehenengoak ariketa osatzen. Bezeroaren rolean jarri dute Alkaiza, eta tabernariarenean Martikorena. Afaria eskatzen dagoela, Martikorena ikusi du alboko tabernatik ogitartekoak ekartzen. Azalpen eske joan zaio bezeroa tabernariari, eta hala babestu du bere burua Martikorenak: "Sagardotegin ere/ berdin iten dute".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:37

Gizarte hezitzaileak dira Bizkarra eta Mendiluze. Kontziente dira gazte horiek 18 urte bete eta berehala, kale gorrian geratzeko arrisku handia dutela. Zorrotz hasi da Mendiluze: "Arazoa da hemen arauak/ ez daudela gure esku". Mendiluzerekin bat egin du Bizkarrak, eta honakoa gehitu du: "Hitz polit asko ematen zaie/ ta baliabideak ez". Hala amaitu du bertsoaldia Mendiluzek: "Saia gaitezen tresnak ematen/ aukera daukagun arte". Fin aritu dira bi bertsolariak.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:30

Ingeniariak dira Martikorena eta Soto. Ibaia lehengoratzeko proiektu bat egiten ari dira, baina hori lortzeko, balio handiko eraikin bat eraitsi beharko dute. Eraikina ez botatzearen alde agertu da Martikorena; Sotok, berriz, eraikina botatzeko eskatu du: "Nahiz ta etxea erauste horrek/ apurtzen dizun bihotza,/ ingeniariak ez dauka zertan/ izan beti horren hotza".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:25

Hasi dira ariketa puntuagarriak. Alkaizak eta Gaztelumendik egin dute lehen saioa. Aktoreak dira bi bertsolariak, eta azken boladan egindako kastingetan lana lortzeko ezinbesteko baldintza bat bete behar dutela eskatu diete: sare sozialetan aktibo egotea. Alkaizak intsumisoak izan behar direla defendatu du, baina Gaztelumendi ez da ados agertu. Hala amaitu du bertsoaldia Gaztelumendik: "Zuk nahi baduzu zure ekarpena/ egin ezazu kalean./ Nik fokupean jarraituko dut/ ta zuk nire itzalean".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:18

Amaitu dituzte agurrak bertsolariek. Bertso gogoz dira zaleak, eta bero erantzun dio publikoak agur bakoitzari.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:04

Oholtzan dira bertsolariak

Txapelketako sintoniarekin batera, goxo hartu ditu publikoak sei bertsolariak. Ane Ezenarro Beristain arituko da gai jartzaile lanetan. Bertsolariek, berriz, ordena honetan kantatuko dute: Saioa Alkaiza Guallar, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eñaut Martikorena Lizaso, Julio Soto Ezkurdia, Aitor Bizkarra Ruiz eta Aitor Mendiluze Gonzalez.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

16:56

Sei bertsolari hauek arituko dira kantuan: Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Mendiluze Gonzalez, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eñaut Martikorena Lizaso, Julio Soto Ezkurdia eta Saioa Alkaiza Guallar.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

16:51

Hastear da laugarren finalaurrekoa

Saioa hasteko hamar minutu eskasen faltan, ari da betetzen pixkanaka Durangoko Landako gunea. Lehen itzuliko azken saioa izango da gaurkoa, eta amaieran jakinaraziko dute zein bertsolari pasatuko diren hurrengo itzulira.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona


Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ezker-eskuin, Oriol Roch, Robert Treviño eta Bingen Zupiria, atzo, Euskadiko Orkestrak Donostian duen egoitza nagusian. ©JON URBE / FOKU

Artea, gizakia eraldatzeko tresna

Miren Mujika Telleria

«Sona handiko» zuzendariak izango dira Euskadiko Orkestraren 2023-2024ko denboraldian. Denera, 50 kontzertu emango ditu Euskal Herrian. 2024ko otsailean, kontzertu bira bat egingo dute Austrian
Uxue Razkin Ereineko editorea eta Jon Alonso idazle, itzultzaile eta liburuko hitzaurrearen autorea. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

'Hamabost egun Urgainen' nobela beltza argitaratu dute berriro

Iraia Vieira Gil

Gaur egungo irakurleek uler dezaten kaleratu dute Jose Antonio Loidiren lanaren bertsio berria. Jon Alonsok idatzi du hitzaurrea

Getxoko hiru espaziotan daude ikusgai erakusketak. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Getxophoto jaialdiak etena aldarrikatuko du, gaurtik hilaren 25era bitartean

Erredakzioa

Hainbat herrialdetako 22 sortzailek beren lanak erakutsiko dituzte beste horrenbeste erakusketatan. Aire zabalean ikusi ahalko dira gehienak
Eztena jaialdiaren antolatzaile taldeko zenbait kide, gaur, Donostian. ©Maialen Andres / Foku

Eztena antzerki jaialdia kaletartuta eta gaztetuta dator

Andoni Imaz

Ekainaren 9an, 10ean eta 11n egingo dute Eztena antzerki jaialdia, Errenterian. Kalea kontzeptuaren inguruan osatu dute egitaraua.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.