Zinema

Nahasian doazen estreinaldiak eta erbestealdiak

Zinebi jaialdiak Agnieszka Holland zinemagile poloniarra omenduko du gaur, Arriaga antzokiko irekiera ekitaldian, eta zinemagintzaren kinkari buruz aritu da zuzendaria Bilbon

Agniezska Holland zinemagilea Bilbon. ARITZ LOIOLA/ FOKU
Inigo Astiz
2022ko azaroaren 11
15:14
Entzun

«Poloniako zinemagileak eta intelligentsia burbuila moduko batean bizi ziren, ez zuten nik ikusten nuen jendea ikusten, eta ikusleak astindu egin nahi nituen». 1981ean estreinatu eta nazioarteko sona eman zion Komieta samotna filmari buruz hizketan hasi (emakume bakarti bat), eta berehala nahasten dira biografia, filmografia eta historia Agnieszka Holland zinemagile poloniarraren kontakizunean (Varsovia, 1948). Haren ibilbidean, eskutik doaz estreinaldiak eta erbestealdiak, debekuak eta sariak, eta hala kontatu ditu Bilbon ere. Poloniako zinemagile handietako bat da, eta lau hamarkada baino gehiagoko ibilbide horregatik eman diote Ohorezko Mikeldi saria aurten, Zinebi Bilboko Film Laburren eta Dokumentalen Nazioarteko Jaialdian. «Norbanakoen askatasunen gainean izan duen begirada konprometituagatik eta Europako historiaren aldaketa handiak islatzeagatik». Polonia komunistan hasi zen lanean, Europa osoa gurutzatu zuen hamar urteko erbestealdian; AEBetara joan zen ondoren; aritu da telesailak sortzen, hiru aldiz izan da Oscar sarietarako hautagai, eta Europako Zinema Akademiako lehendakaria ere bada egun. Zinemagintzaren historia ez ezik, zinemagintzaren etorkizuna ere izan du ahotan horregatik Arriaga antzokian egin duen prentsaurrekoan.

Irauteko kinkan ikusten du zinema Hollandek. «Europako zinemaren historiako garai berezia da; izan ere, pandemiatik atera berri gara, eta zinemagintzaren banaketa, finantzaketa eta proiekzioa erabat aldatu ditu horrek. Ez dakigu zer datorkigun, beraz, eta ez da hori aurrean dugun krisi bakarra, Ukrainako gerra ere hor baitago, eta, herritarrei eragin dien kalteaz gainera, munduan izan duen eragina ere kontuan hartzekoa da. Klima krisia ere hor dago, eta, beraz, ezezaguna zaigun etorkizun bat dugu aurrean. Eta zinema ardura hartzera behartzen dute halakoek, haren egiteko bakarra ez baita publikoa entretenitzea; aurrean ditugun galdera handiak landu behar ditu». Eten labur bat egin du gero, eta itxaropentsu izateko asmoz hasitako azken puntu bat, ondoren, amaitzeko. «Nahi nuke gehitu zerbait dibertigarriagoa, baina ez dakit».

Gerrak eta «gerrilla filmak»

Historia da Hollanden zinemagintzaren konstante nagusietako bat. Bigarren Mundu Gerran emakume judu batek egindako ihesaldia kontatu zuen, esaterako, Bittere Ernte filmean (uzta mikatza) , eta ingelesez besteko film onenaren Oscar sarirako izendapena lortu zuen hari esker. Alemaniatik ihesi joanda, Sobietar Batasunak okupatutako Poloniako sektorera iristen den nerabe judu baten biografia du oinarri Europa, Europa filmak (1990), eta Urrezko Globoa eta gidoi egokiturik onenaren Oscar saria jasotzeko hautagaitza lortu zituen harekin. Eta W ciemnosci (iluntasunean) filmarekin heldu zitzaion hirugarren Oscar sarirako hautagaitza, 2011n, Poloniako juduek alemanen okupazioan bizitakoak kontatzen dituen lan batekin, hain zuzen ere.

Bi lan ditu esku artean orain. Franz Kafka idazleari eskainitako biografia «ia esperimental bat» da bata, eta Bielorrusiaren eta Poloniaren arteko mugako oihanean hiltzen ari diren errefuxiatuei buruzko film bat da bestea: «Gerrilla pelikula bat, aurrekontu txikikoa eta azkar egiteko modukoa».

Eta, kasu horretan ere, begirada historikoa hartu du azalpena ematean. «Politikoki oso gai konplexua da, baina Europaren etorkizuna dago hor jokoan, gotorleku bat bilakatuko ote garen edo krisiari aurre egin ahalko diogun».

Debekuak eta sariak

Ezinbestean bizi ditu uztartuta datu biografikoak eta historikoak. Hollandek Bilbon gogoratu duenez, esaterako, atzerrian bere lehen filma aurkezten zebilela ezarri zuten gerra legea Polonian, eta, hala, hamar urteko erbestealdi behartuaren hasierarekin egiten zuen bat Komieta samotna filmaren estreinaldiak, 1981ean. Debekatu egin zuten hura proiektatzea, eta aitaginarrebak asmatu behar izan zuen modua haren kopia bat lapurtzeko eta zinemagile konplizeren batzuen bidez hura herrialdetik ateratzeko. Garai hartako poloniarren miseriak erakutsi nahi zituen zinemagileak, orokorrean, eta kolpe modura heldu zitzaien lana horregatik lagun zituen askori.

Debekatu egin zuten lana sorterrian, baina bizkor mugitu zen modu underground batean, eta sari sorta bat ere jaso zuen. Eta, hain zuzen, biografikoki eta historikoki duen garrantzi horregatik hautatu du lan hori Zinebin proiektatzeko. Bihar emango dute, zehazki, Bilboko Guggenheim museoan, eta zuzendaria Angeles Gonzalez Sinde gidoigile, zinemagile eta Espainiako Kultura ministro ohiarekin arituko da hizketan, emanaldiaren ostean.

Telesailen bizitasuna

Filmak ez ezik, ordea, hainbat telesail ere zuzendu ditu Hollandek, eta Bilbon zehaztu duenez, alor horretara pasatu ziren ibilbide luzeko lehen zinemagileetako bat ere izan zen. The Wire sailean aritu zen lanean, esaterako, eta honela azaldu du jauzi horren zergatia Zinebin. «90eko hamarkadan ohartu nintzen amerikar zinema konbentzionalegia, zuhurregia eta alferregia bilakatu zela, eta energia sortzailea telesail anbiziotsuetarantz mugitu zela, HBO nagusiki. Hor zeuden gaiak, aktoreak, kontakizuna antolatzeko modua... Probatu egin nahi nuela sentitu nuen».

Urteak eman ditu geroztik zinemagintzatik telesailetara eta telesailetatik zinemagintzara saltoka, baina amaitu dela esan du Bilbon. «Ez dut uste gehiago egingo dudanik; batetik, zaharragoa naizelako jadanik, eta ez dudalako hainbeste denborarik, baina, bestetik, telesailak ere, urteekin, gero eta konbentzionalagoak bilakatu direlako, algoritmoaren menpekoago, eta galdu egin dute lehen izan zuten bizitasun hori». Eta muturrera eraman du azalpena gero: «Herrialdeak polarizatuta daude, eta esaten baduzu zerbait polemikoa, ikusleen %50 galduko duzu, eta, beraz, lan ausartak lagundu beharrean, errazagoa da beste detektibe film eskandinaviar bat egitea».

Hizkuntza txikiak

Kritiko azaldu da streaming plataformek zinema aretoetan duten eraginaz. «Pandemiaren aurretik, Poloniako zinemak merkatuaren %30 edo %40 hartzen zuen, eta, orain, bizirauteko borrokatzen ari da. Amerikar zinema da berriz ere arrakastatsuena, eta film poloniarrek oso emaitza txarrak dituzte. Netflixek oso era inteligentean jokatu du, hizkuntza txikien aldeko apustua eginez, eta, beraz, horrekin zinemagintza poloniarra ikusten dutela uste dute, eta lan ikusgarriak ikustera doaz gero zinemara».

Emakumezko zinemagileen egoera ere izan du ahotan Hollandek Bilbon, eta esku hartzearen alde azaldu da. «Duela urte batzuk, AEBetako zinemaren %97 gizonek sortutakoa zen. Europan, %80-%20. Aldaketa hasi da, baina berdintasunik ez dago inondik ere. Ingeniaritza lana ongi datorkigu. Norvegiako Zinemagintza Institutuak, 2020an, erabaki zuen finantzaketa gizonen eta emakumeen artean erdi eta erdi banatzea, eta berehalako eragina izan du horrek. Saritu egin dituzte emakumezkoen lanetako asko. Aukera dagoenean egin egiten baituzu. Normalduz joango da kontua, eta ekonomiak ere sustengatuko du bide hori. Duela hiru urte, AEBetan, adibidez, emakumezko protagonistak zituzten filmek diru poltsa handiagoa izan zuten gizonezko protagonistak zituztenek baino».

Gaur egingo dute Zinebi hasteko festa, Bilboko Arriaga antzokian, eta han emango diote Mikeldi saria Hollandi. Iñigo Salaberria bideogile eta zinemagile hil berria ere omenduko dute, eta haren senideek jasoko dute hari eskainitako Mikeldi saria, kasu horretan. Hilaren 18ra bitartean, 148 film proiektatuko ditu jaialdiak orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.