Garraioa

103 metroko kargaontzi hibrido bat uretaratu du Muruetak

Erandioko ontziolan eraiki du 'Mundaka NM' kargaontzia. Bi tankerako motor ditu, diesel bidezkoak eta elektrikoak.

Mundaka NM garraiontzia, Murueta ontziolan. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko azaroaren 11
19:45
Entzun

Murueta ontziolak Mundaka NM kargaontzia uretaratu du Erandioko (Bizkaia) ontziolan. 103 metro luze da ontzia, eta 8.050 metro kubikoko bodega du. Alegia, hiru igerileku olinpiar betetzeko adina ur hartu ahalko luke barnean, eta oraindik beste 500.000 litrorentzako tokia izango luke. Bodega neurtzeko litroak erabili arren, karga lehorra garraiatzeko erabiliko du Murueta Atlantico Alcudia Shipping konpainiak. Ontziak bi tankerako motor izango ditu, diesel bidezkoak eta elektrikoak, eta beharren arabera tartekatuko ditu.

Murueta ontziolak bere ibilbidean eraikitako 327. ontzia da Mundaka NM. Haren uretaratzeak ikusmin handia sortu du, eta azken hilabeteetan Europako armadore asko joan dira haren eraikuntza lanak ikustera. Motorren sistema hibridoa da ikusmin horren muina. Bi sorgailu elektriko nagusi eta laguntzarako beste bi izango ditu, eta horri esker energia kontsumoa optimizatu dezake une oro. Ontziolak teknologia hori erabiliko du hurrengo proiektuetan erabiliko.

Jabeak hurrengo urte hasieran jasoko du ontzia, eta Europako, Afrika iparraldeko eta Itsaso Beltzeko urtean ibiliko du. Mundaka ez da Muruetak aurten uretaratu duen ontzi bakarra. Besteak beste, apirilean Bahia Levante uretaratu zuen, Europan eginiko lehen petroliontzi hibridoa, eta urtarrilean, Tuugaalik arrainontzia. Horrek arraina izoztu eta biltzeko faktoria du barnean, eta jabeak 2023. urtean jasoko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.