Behobia-Donostia

Nan Oliveras eta Cristina Silva kataluniarrak izan dira azkarrenak Behobia-Donostian

Ia 30.000 lagunek hartu dute parte lasterketan. Chakib Lachgar eta Elena Silvestre izan dira lehen euskal herritarrak. Bi bihotzeko izan dira, eta larrialdi zerbitzuek 125 lagun artatu behar izan dituzte.

Hainbat korrikalari, gaur, Donostiako helmugara iristen. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko azaroaren 13a
14:54
Entzun

Behobia-Donostia herri lasterketarekin lotuta, kataluniarrak albiste izan dira aste honetan: lehen aldiz, izena eman duten korrikalarien artean, gehiago izan dira kataluniarrak gipuzkoarrak baino. Gaur, gainera, erakutsi dute ez direla kopuruan soilik gailendu. Hangoak izan dira gizonezkoen zein emakumezkoen lasterketetako azkarrenak: Nan Oliveras (1.01.29) eta Cristina Silva (1.11.32).

Eguraldi onak lagunduta, ia 30.000 lagunek osatu dituzte Behobia (Gipuzkoa) eta Donostia lotzen dituzten 20 kilometroak (29.732 lagun zeuden izena emanda). Beroak sufriarazi egin die dozenaka lasterkariri.

Ez, ordea, Oliverasi eta Silvari. Lehia estuagoa izan da gizonezkoen lasterketan. Oliveras hasieratik izan da lasterketa buruan, eta Errenteria parean egin du ihes Artur Bossyrekin batera. Mirakruzera iritsi arte, ordea, ez du atzean utzi hura. Oliverasen lehen parte hartzea izan da Behobia-Donostia lasterketan; triatloilaria da izatez.

Amaitutakoan, azaldu du ez zuela irabazlea esprintean erabakitzerik nahi, eta argi zuela lehenago jo behar zuela erasoaldia. Bossyk nekea nabaritu du azken kilometroetan, eta, azkenean, hirugarren postuarekin konformatu behar izan du. Atzetik aurrerakoa eginda, bigarren amaitu duena Jesus Olmos izan da, irabazlearengandik 22 segundora. Laugarren izan da Chakib Lachgar errenteriarra, lehen euskal herritarra.

Emakumezkoen lehian, berriz, nagusitasuna erakutsi du Silvak. Bartzelonakoa ez zen hautagai nagusia, baina alde handia atera die gainontzekoei: Mireia Guarner izan da bigarren (1.13.16) eta Elena Silvestre, lehen euskal herritarra, hirugarren (1.14.02). Hasieratik egin du ihes garaileak, eta haren aurkariek onartu dute uneren batean edo bestean txakalaldiak emango ziola uste zutela.

Silvak, berriz, esan du «amets bat» bete duela Behobia-Donostia irabazita, gainera, «horrenbeste kataluniarren artean». Emakumezkoen lasterketak lehen hamarretatik sei izan dira hangoak.

Bi bihotzeko eta 125 arta

Lehen postuetatik atzera, Behobia-Donostiako ohiko beste irudia izan ohi dira osasun arazoak. Gaur, gainera, ezohiko beroari ere aurre egin behar izan diote korrikalariek. Iñigo Etxeberria lasterketako koordinatzaileak EITBri baieztatu dionez, bi bihotzeko izan dira lasterketan, eta larrialdi zerbitzuek 125 lagun artatu behar izan dituzte. Gehienak, bero kolpeengatik. Guztiak onik daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.