Hizkuntza baskonikozko idazkunik zaharrena aurkitu dute Nafarroan, K.a. I. mendekoa: 'sorioneku'

Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariek topatu dute Irulegiko eskua, Arangurenen: eskuin esku baten forma du, brontzezkoa da, eta lau lerroko inskripzio bat dauka. Lehen hitzak zuzenean lotzen du gaurko euskararekin: sorioneku.

'Irulegiko eskua', eta hango zeinuen transkripzioa: 'sorioneku' da lehen hitza. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA
Andoni Imaz.
2022ko azaroaren 14a
10:59
Entzun

Antzinako euskarari buruzko aurkikuntza garrantzitsu baten berri eman du gaur Aranzadi zientzia elkarteak. Arangurengo Irulegi mendia aztertzen ari zirela (Nafarroa), esku baten itxurako pieza berezi bat topatu zuten, Kristo aurreko I. mendekoa. Gainaldean idatzirik dauka hizkuntza baskonikoan orain arte agertu den testurik zaharrena eta luzeena. Lau lerro ditu: lehen hitza sorioneku gisa transkribatu dute, eta ondorengo guztiek ez dute inolako antzik gaur egungo euskararekin. Aurkikuntzak frogatu du inguru horretako herritarrek baskonikoz hitz egiten zutela garai hartan, eta hizkuntza horretan alfabetatuta zeudela.

Aranzadi 2007an hasi zen Irulegiko ingurua aztertzen. Mendiaren gailurreko gaztelua ikertu zuten lehenik (2007-2017), eta, 2018az geroztik, talde batek gaztelua baino beherago dagoen Burdin Aroko herria aztertu du, Mattin Aiestaran arkeologoak gidatuta, EHUko doktore tesi baten barruan. Arangurengo Udalak hasieratik diruz lagundu du ikerketa, eta Nafarroako Gobernuak ere bai, azken lau urteetan. Ume baten gorpuzkiak aurkitu zituzten orain dela bi urte.

2020. urtetik hona, 370 metro karratuko eremu bat induskatu dute, eta antzinako herri horretako bi etxe eta kale bat bistaratu dituzte. Burdin Aroaren amaiera aldekoak dira, K.a. I. mendearen lehen laurdenekoak. Garai hartako herritarren zoritxarra gaurko ikerlarien zorte ona da: Sertorioren gerra betean, herriari eraso egin zioten, eta erre egin zuten; hortaz, inguru guztia lurpean «izoztuta» geratu da bi mila urtean, Aiestaranek azaldu duenez. Hori ondorioztatu dute karbono-14 probak egin eta gero, eta inguruan aurkitutako material guztia kontuan izanda: biztanleek dena etxean utzita ihes egin behar izan zutelako topatu dituzte hainbeste gauza.

«Ezohiko egoera horrek ezohiko pieza bat ekarri digu»: Irulegiko eskua. 2021eko ekainaren 18an aurkitu zuten, eta beste piezekin batera entregatu, uztailaren 13an. Indusketa bideoan grabatu zuten, eta piezaren kokapen topografikoa zehaztu, gainontzeko material guztiarekin egin bezalaxe. Hala ere, 2022ko urtarrilaren 18ra arte ez zuten jakin piezak idazkunik zuenik. Egun hartan, Nafarroako Gobernuarentzat lan egiten duen zaharberritzaile batek, Carmen Usuak, letra batzuk atzeman zituen eskuan idatzita. Ordutik, arkeologo, geologo, zaharberritzaile, kimikari, epigrafista eta hizkuntzalari talde batek aztertu du pieza.

Nolakoa da eskua?

Pieza bera brontzezkoa da, eta haren patinaren %53 eztainua da, %41 kobrea eta %2 beruna; gauza ohikoa antzinako aleazioetan, Aranzadiren esanetan. Eskuineko esku baten itxura du, tamaina naturalekoa. Gainaldeko eremua laua da, eta azazkalak markatuta dauzka, nahiz eta hiru hatzetakoak ez diren ondo kontserbatu —hatz nagikoa, hatz luzekoa eta erakuslekoa—.

Hatzak behera begira ditu eskuak, sei milimetro eta erdiko diametroa duen zulo bat duelako goialdean, eskumuturrari dagokion inguruan. Zuloaren ingurua aztertuta, jakin dute pieza ez zegoela zintzilik, baizik eta euskarri bigun batean iltzatuta; seguruenik, egurrean. 143 milimetro garai da, milimetro bat lodi eta 128 zabal, eta 36 gramo pisatzen du.

«Bertakoen mundua»

Piezaren «autopsiak» bi bileratan egin zituzten, Nafarroako Gobernuaren gordailu arkeologikoan. Lehenengoa Javier Velazarekin egin zuten, eta bigarrena, Joakin Gorrotxategirekin. Velaza Filologia Klasikoko doktorea da, eta Bartzelonako Unibertsitateko Latin Filologiako katedraduna. Aditua da Iberiar penintsulako erromatarren aurreko hizkuntzetan, besteak beste. Gorrotxategi ere Filologia Klasikoko doktorea da, eta EHUko Indoeuropar Linguistikako katedraduna. Euskararen historian espezializatutako hizkuntzalarien artean prestigio handikoa da.

Bi ikerlariek testuaren irakurketa adostu zuten, eta hura aztertzeari ekin zioten. Haiek adierazi zuten, hasteko, «signario paleohispanikoan» dagoela, hau da, zeinuak erromatarren iritsiera baino lehenagokoak direla, eta, horiek ondo aztertu ondoren, ondorioztatu zuten hizkuntza baskonikoan zegoela idatzita. «Aparteko aurkikuntza bat da, erromatarren aurreko mundura garamatzalako», azaldu du Gorrotxategik. «Pieza horrek jasotzen du bertakoen hizkuntza, bertakoen idazkera eta bertakoen mundua: garai hartakoa».

Zirrara eragin dio Velazari ere: «Dokumentu harrigarria da. Ez dago zalantzarik: hizkuntza baskonikoan idatzitako lehenengoa da, signario baskoniko espezifikoan». Hori esan dute, batetik, sistema horrek bereizgarri batzuk dituelako —T itxurako zeinu bat, esaterako; oraindik ez dakite zer fonemari dagokion, baina ez zegoen horrelakorik sistema iberikoan—, eta, bestetik, lehenengo hitzak pista garbi bat eman zielako «ustekabean»: sorioneku.

Hitz horrek begi bistako lotura du gaurko euskararekin, baina oraindik ez dituzte ulertu haren atzetik datozenak. Konparazio baterako, bigarren lerroko hitza honela transkribatu dute: tenekebeekiratere[n].

Ikusi gehiago:Joakin Gorrotxategi: «Ematen du hizkuntza asko aldatu dela, eta ematen du ez dela batere aldatu»

Hortaz, ez dakite testu osoak zer esanahi duen, baina sorioneku horrek, eskuaren sinbologiak eta dekorazioaren testuinguruak —etxe atarian zegoen— aditzera eman diete etxekoei edo bisitariei zoriona opatzeko eta zoritxarra uxatzeko objektu bat zela; objektu apotropaiko bat, bestela esanda.

Hasiera-hasieran, ez ziren konturatu esku bat zenik ere. Berta Balduz zaharberritzaileak kontatu du hori: «Kasko baten apaingarri bat zela pentsatu genuen, Asterixek zeuzkan hegalen gisako bat». Eta uste hori edukitzea ez da harritzekoa, Velazaren esanetan: «Ez dago esku batean egindako inskripzio bakar bat ere mundu klasiko guztian, ez Greziakoan, ez Erromakoan».

Ikur multzo propio bat

Aurkikuntzak orain arte ezagutzen ez zen informazioa argitu du, bi gauza baieztatzen dituelako nagusiki. Batetik, lurralde horretan hizkuntza baskonikoa erabiltzen zutela K.a. I. mendearen hasieran; bestetik, inguru horretan bazegoela sistema grafiko espezifiko bat, signario iberikoaren aldaera bat zena, baina bazituena ezaugarri propio batzuk: signario baskonikoa.

Testurik luzeena da orain arte hizkuntza baskonikoan agertu direnen artean. Izan ere, aurkitu izan dituzte zeinu baskonikoak txanponetan, eta pieza batzuetako idazkiak baskonikoak ote diren eztabaidatzen ari dira oraindik —Andeloseko mosaikoa, Arangurengo brontzea eta Erriberriko harri gaineko inskripzio bat—. Nahiz eta orain arte ez den material askorik aurkitu, Irulegiko eskuak erakutsi du, behintzat, antzinako baskoiek idatzi egiten zutela, alfabetatuta zeudela, eta ez zirela idazten hasi alfabeto latinoan, erromatarren bidez.

Zientzialariek beste alderdi batzuk ere nabarmendu dituzte: euskarriaren itxurak —eskuin esku iltzatu bat, hatzak behera begira daudela— lotura bat duela Ebroren haraneko mundu kultural iberikoarekin, eta idazkuna egiteko erabilitako teknika berezia dela, letrei marrak egin zizkietelako lehenengo, eta marren gainean puntuak zulatu, ondoren.

Informazio horrek guztiak bide bat ireki du antzinako baskoien kulturari buruzko ideiak birpentsatzeko, eta kultura horren eta kultura iberikoaren arteko harremana aztertzen jarraitzeko. Zoriona bikoitza da, beraz: atzo baino gehiago ezagutzea, eta oraindik ezagutzeko dagoen guztia imajinatzea.

«Pieza honek testu gehiago aurkitzeko itxaropena ematen digu», adierazi du Velazak. «Autoritateek txanponetan idazten bazuten eta herritarrek idazki pribatuak bazituzten, signarioak bizia zuen, ez zuten asmatu lau kontu esateko».

Nafarroako Gobernuak dagoeneko argitu duenez, Nafarroako Museoan erakutsiko dute pieza, hemendik denbora batera. Aranzadik Irulegiko eskua izeneko liburu bat argitaratuko du aste gutxi barru, indusketaren berri zabal emateko; BERRIA dendan egongo da salgai.

Baskoien lurraldea

Neurri handi batean, erromatarrek idatzitako dokumentuen bidez jakin dute garai hartako egoeraren berri. Sertorioren gerra K.a. 81. urtearen eta K.a. 72. urtearen artean gertatu zen, eta erromatarrak orduan iritsi ziren Iruñe ingurura eta Pirinioaurrera; apur bat lehenago, Ebroko haranera.

Urte haietan, Ponpeio baskoien lurretan finkatu zen, eta bere izeneko Pompaelo hiria sortu zuen, lehendik existitzen zen Iruñea herri baskoiaren gainean.

Erromatarrek baskoi deitu zioten garai hartan Nafarroa Garaian, Gipuzkoaren ipar-ekialdean, Errioxan eta Aragoi iparraldean bizi zirenen tribuari. Gaur egungo euskaldunen arbasotzat jo izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.