Erdizko galdeketak

Baztango Batzar Nagusiak elkarretaratzera deitu du iganderako

Galdeketak ez dituzte jotzen jadanik «harrobia bai ala ez» erabakitzeko auzitzat, «demokrazia» auzitzat baizik. Bihar iluntzean ere, protesta eginen dute Iruritako frontoian, 'Erran.eus' atariak azaldu duenez.

Erdiz Bizirik plataformak eginiko protesta bat, iragan urrian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
xabier martin
2022ko azaroaren 14a
11:11
Entzun

Iragan ostiralean, Guardia Zibilak kuartelera deitu zituen Baztango alkateak, eta jakinarazi zien bi eguneko epean bertan behera utzi behar zituztela azaroaren 20rako deituak dituzten galdeketak. Magnesitas de Navarra enpresaren Erdizko proiektuari buruzko galdeketak dira. Alkateek antolatu dituzte, Baztango herri lurrak kudeatzeko ordenantzak baliatuta, eta Almandozen ez beste herri guztietan egitekoak ziren. Bada, hamalau alkateek adierazi dute «arras larritzat» jotzen dutela debekua, eta «sekulako bidegabekeria» iruditzen zaiela herritarren iritzia jasotzeko aukera kendu izana. Horregatik, azaroaren 20an batzarretara deituko dute herri guztietan, eta, arratsaldean, elkarretaratzera deitu dute Elizondon.

«Zer kalte egin dezake herritarren iritzia jakiteak? Zertaz ez digute Baztango herritarroi iritzia ematen uzten? Zertarako balio dute Baztango ordenantzek? Non daude baztandarron eskubideak?», galdetu dute alkateek, Iruritan (Nafarroa) egindako agerraldian. Debeku horrek eta lehen izandakoek Erdizko auzia «gainditu» egin dutela uste dute. «Dagoeneko, eztabaida ez da harrobia bai ala ez. Hemen benetako parte hartzeaz eta demokraziaz ari gara solastatzen», azaldu dute. «Bidegabekeria salatzeko», batzarretara joateko eskatu diete herritarrei, eta elkarretaratzean parte hartzeko.

Herritar talde batek ere «elkarretaratze masiborako» deia egin du, Erran.eus atariak jakinarazi duenez. Bihar eginen dute protesta,19:30ean, Iruritako frontoian, Herri galdeketak eginen dira lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.