Aurrekontuak

Arabako Foru Aldundiak 650 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du, «familia eta enpresak babesteko»

Aurrekontua %13 igoko da, aurtengoarekin alderatuta. Araba Lagun planaren bidez, aldundiak neurri fiskalak aurreikusten ditu «ziurgabetasun egoerari» aurre egiteko.

Itziar Gonzalo eta Ramiro Gonzalez, gaur, aurrekontu proiektua aurkezten. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Edurne Begiristain.
2022ko azaroaren 14a
13:59
Entzun

Arabako Foru Aldundiak 650 milioi euroko aurrekontu egitasmoa aurkeztu du gaur. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, proiektuaren helburua da pertsonak, familiak eta enpresak «babestea» eta herrialdeak datozen urteetan behar dituen «proiektu eraldatzaileetarako» inbertsioak egitea.

Egungo krisi egoerari aurre egiteko neurriak jasotzen ditu proiektuak, Gonzalezek azpimarratu duenez. «Erakundeoi dagokigu urrats bat aurrera egitea eta ahulenak babestuko dituzten politikak garatzea». Hala, iragarri du datorren urteko aurrekontuetan jarduera estrategiko sorta bat martxan jarriko dutela Araba Lagun planaren bitartez, familiak eta enpresak babesteko. Plan horrek zuzeneko jarduerak eta neurri fiskalak aurreikusten ditu. Besteak beste, pertsonak eta familiak babestea, mugikortasuna, jarduera ekonomikoari laguntzea, energiaren aurreztea sustatzea eta energiaren gainkostuari aurre egiteko laguntzak ematea aurreikusten dute.

Esaterako, 24,5 milioi jarriko dira zaintza zerbitzuak indartzeko. Neurri sorta horren barruan, besteak beste, desgaitasuna duten pertsonei bizitza independentea bermatzeko prestazio berri bat sortuko dute. Era berean, 7,8 milioi euro erabiliko dira adinekoen egoitzetako toki kopurua handitzeko.150 toki irekiko dituzte Arabarren egoitzan, eta itunpeko egoitzetan beste ehun toki sortuko dituzte.

Mugikortasunari dagokionez, Gonzalezek azaldu du eskualdeko garraioaren hobaria osatzen jarraitzeko funts bat aurreikusi dutela erakundeen arteko akordio bat egonez gero. «Ezin dugu pertsona guztientzako garraio guztia linealki eta denbora mugarik gabe diruz lagundu, baina bai beste erakunde batzuekin koordinatuta jardun, 2023an inflazioa kontrolik gabe igotzen bada». Araba Lagun planean beste laguntza batzuk luzatzea aurreikusita dago, bereziki energia eraginkortasuna eta aurrezpena indartzeko. Zehazki, 800.000 euro jarriko dira galdara komunitarioa dutenen hornidura kostua murrizteko, Gasteizko Udalak emandakoen osagarri, eta, gainera, herrialde osora zabalduko da. Zerga alorreko hainbat neurri ere jasotzen ditu planak. Autonomoek jarduera ekonomikoa mantentzeagatiko kenkari bat sortu da, 800 eurokoa gizonentzat eta 1.000 eurokoa emakumeentzat. Eta tasak, prezio publikoak eta katastro balioak izoztuko dira.

Gizarte politikekiko konpromisoari eusten diola azaldu du Gonzalezek. Helburu honekin, 286,1 milioi euro jarriko dira gastu sozialerako, hau da, «867 euro arabar bakoitzeko», ahaldun nagusiaren hitzetan. Arlo ekonomikoan, berriz, Aiaraldea planak 5,7 milioi euro jasoko ditu, enplegua sustatzeko 2,4 milioi euro eta zerbitzuen sektorerako 2,3 milioi euro. Atal horretan, nekazaritza politikak eta landa garapena bultzatzeko baliabide ekonomikoak ere sartzen dira (7,4 milioi), milioi bat mahastizaintza eta ardogintza sektorea sustatzeko, eta 2,2 milioi abeltzaintza sektorea laguntzeko eta suspertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.