Albistea entzun

Lan mundua

Glovoren banatzaileak soldatapekoak direla ebatzi du Iruñeko epaitegi batek

Iruñeko gizarte arloko lehen aretoak ebatzi du 2018ko abuztutik 2019ko urrira Glovorentzat lan egindako bizikleta banatzaileak soldatapekoak izan zirela, eta Glovok Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorreko kotizazioak ordaindu beharko dizkiela.

Irailaren 1ean, epaitegi aurrean egindako protesta.
Irailaren 1ean, epaitegi aurrean egindako protesta. Iñigo Uriz / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2022ko azaroak 14

Nafarroan, 2018ko abuztutik 2019ko urrira arte, 207 banatzailek egin zuten lan Glovorentzat, eta horietatik laurogei inguruk harreman finko bat izan zuten. Iruñeko gizarte arloko lehen aretoak ebatzi duenez, 207 bizikleta banatzaile horiek ez dira autonomoak, lan harreman bat baitzuten enpresarekin, eta, horregatik, Glovo behartu egingo du Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorreko kotizazioak pagatzera: 248.738,56 euro, alegia.

Epaia ez da irmoa oraindik. Glovok errekurtsoa aurkez dezake, eta, halako beste salaketetan bide hori hartu ohi duenez, litekeena da errekurtsoa jartzea. Ofizioz aurkeztu zuen salaketa Gizarte Segurantzak, lan ikuskaritza batek egindako ikerketa batek autonomo faltsuak zirela ondorioztatu ostean. Auzian parte hartu dute CCOOk, LABek, ELAk eta UGTk.

Ez da inondik ere lehen epaia. Iaz, Auzitegi Gorenak jurisprudentzia ezarri zuen: ebatzi zuen Glovorentzat lan egiten duten banatzaileak autonomo faltsuak direla, eta, enpresak argudiatzen duenaren kontra, ez dela bitartekari huts bat. Halaber, Bilboko gizarte arloko 11. aretoak ebatzi zuen Euskal Herrian iaz 285 soldatapeko banatzaile behar zutela izan.

Berta Garcia LABeko Zerbitzu arloko arduraduna pozik azaldu da, Iruñeko epaitegiak Auzitegi Gorenak iaz irekitako bidea jarraitu duelako. «Berandu dator», azpimarratu du, dena den. «Bitartean, esplotazioa jasan dute, inolako baldintzarik gabe lanean eta prekaritate handiarekin». Garciak gaineratu duenez, epe horretatik kanpo diren langileei ez die eragingo, eta gaineratu du beste auzi bat ireki beharko dela 2019ko urritik iaz rider-en legea kaleratu arte lan egin zuten banatzaileen lan harremana erreklamatzeko.

Carlos de la Torre CCOOko Lan Munduko Errealitate Berrien arloko idazkariaren arabera, epaiak sindikatuek aspaldidanik salatutako egoera baieztatu du, baina uste du oraindik lan handia dagoela langileen baldintzak hobetzeko. De la Torreren arabera, enpresari kotizazioak ordaintzera behartzeaz gain, epaiak «aukera berriak» irekitzen ditu, lan harremanetan iraupen iraunkorra egon dela agertzen baita, eta horrek kontratazioan ere eragin dezakeelako.

Askatasunik ez

Glovok argudiatzen du banaketa zerbitzuaren eta banatzaileen arteko bitartekariak baino ez direla, eta langileek ordutegiak aukeratzeko aukera dutela.

Alta, auzian euren lekukotza eman duten banatzaileen arabera, euren kontratuetan ordutegiak eta baldintzak aukeratzeko Glovok eskaintzen dien autonomia hori ez da erreala. Izan ere, enpresak ezarritako sisteman lan baldintza hoberenak izateko, puntuazio handia izan behar da, eta, horretarako, ordu askoan egin behar da lan; hala, ezinezkoa da ustezko askatasun hori. Ildo beretik, lana errentagarri egiteko, lan ordu asko egitera behartzen du sistema horrek.

Epaiak ondorioztatu du sistema horren bitartez Glovok banatzaileen ordutegiak eta lan baldintzak antolatzen dituela.

Glovok epaian ebatzi du salaketa jarri duten banatzaileek beste enpresa batzuentzat ere egin dutela lan, eta horregatik ezin dela Gorenaren epaia aplikatu. Haatik, epaitegiaren arabera, euren kontratuetan zehazten da ez daudela derrigortuta Glovorentzat esklusiboki lan egitera, eta lan munduan enplegu bat baino gehiago izatea baimenduta dago.

Espainian, rider-en legea sartu zen indarrean iaz, eta orain Glovok aldatu egin du banatzaileekin duen aplikazio sistema eta algoritmoa. «Orain, banatzaileek nahi duten ordutegian egiten dute lan, baina, oraindik ere, langilearen gaineko balorazio sistema baten arabera banatzen dituzte lan eskariak, eta hark aukeratutako tarifaren arabera», salatu du De la Torrek. Hala, tarifarik merkeena duten langileei lan gehiago ematen diete, eta lan gehien egiten dutenek dute baloraziorik onena. Legeari izkin egiteko modu bat dela salatu du.

Berta Garciaren arabera, legeak ez du aldatu banatzaileen egoera. «Langileak autonomo faltsuak dira oraindik. Kontratuak ez ziren iritsi Iruñera, eta autonomo faltsu izaten jarraitzen dute. Prozedura berria irekiko dugu». 2019tik legea iragan urtean legea indarrean sartu aurreko banatzaileei dagokionez, espero du epai horrek kotizazioak ordaintzeko aukera erraztea.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Afrika itotzen duen zorra

Iker Aranburu

Mendearen hasieran behera egin ondoren, Afrikaren zorrak gora egin du atzera, interes tasa apalen eta mailegatzaile berrien eskutik. Orain, baina, interesak handitzen ari dira, diru beharrak ez dira desagertu, eta Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeen erdiek arazoak dituzte zorrari aurre egiteko.
Ibilgailuak, A63 autobidean, artxiboko irudi batean. ©Guillaume Fauveau

Frantziako Gobernuak 100 euroren laguntza emango die autoa lanerako behar dutenei

Iker Aranburu

Abenduaren 31n amaituko da erregaiaren hamar zentimoko deskontu orokorra, eta hortik aurrera langile apalenentzat izango da laguntza. 

Etxebizitzak salmentan eta alokairuan Iruñeko Alde Zaharrean ©Iñigo Uriz (Foku)

Hipoteka izoztu ahalko dute Kutxabankeko bezero «zaurgarrienek»

Jokin Sagarzazu

Finantza erakundeak bat egin du Espainiako Gobernuaren Praktika Onen Kodearekin. Interes tasen igoeragatik, hipotekaren zenbatekoa orain berrikusi behar dutenek batez beste 200 eurotik gorako igoera izango dute hilero.

Macron, atzo, Albaniako hiriburuan. ©Malton Dibra / EFE

Macron: «Fikzioa dira argindar mozketak»

Berria

Argindar mozketei buruzko eztabaida beroa hoztu nahi du Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidenteak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...