A-25

Gizonei zuzenduta egongo da Emakundek eta instituzioek azaroaren 25erako landutako kanpaina

Kanpaina bateratua izango da, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzioak arituko dira elkarlanean. Gizonak gizonei zuzenduko zaizkie, eta ez beti ezetz dela gogoraraziko diote elkarri.

Irekia. 2022KO AZAROAREN 25ERAKO KANPAINAREN AURKEZPENA, GAUR, GASTEIZEN
iraia vieira gil
2022ko azaroaren 14a
14:31
Entzun

Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunerako kanpaina bateratu eta koordinatua jarriko dute martxan Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak –Emakunderen bitartez–, foru aldundiek eta EUDELek. Gaur egin dute kanpainaren aurkezpena, Gasteizen, Zer ez duzu ulertzen? Bai bakarrik baietz lelopean. Gizonak gizonei zuzenduko zaizkie emakumeen hitza errespetatu behar dela gogorarazteko. «Ezetz esateko modu asko daude, baina modu bakarra dago hori ulertzeko».

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi duenez, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko beharrezkoa da «elkarrekin lan egitea, herri gisa, taldeka eta jarraibide berberekin». Era berean, gizonak gizonei zuzentzearen garrantzia azpimarratu du, «emakumeen aurkako indarkeria gizarte osoaren arazoa delako» eta, bereziki, «gizarte matxista batean hezitako gizonena». Hala, aldarrikatu du gizontasun eredu berriak behar direla indarkeria amaitzeko, «korporatibismo maskulinoa» amaitzeko.

Gainera, Artolazabalek adierazi du kanpaina horrek bat egiten duela Istanbulgo Hitzarmenarekin, Berdintasunerako Lege berriarekin eta Berdintasunerako Herri Itunean jasotakoarekin, bertan biltzen den erronketako bat mutil eta gizonekin lan egitea delako.

Emilio Sola Gizarte Politiketako diputatuak, bere aldetik, adierazi du gizonek emakumeen aurkako indarkeria salatzeko erreibindikazio «historiko» horretan parte hartzeko ordua dela. «Gizonei maskulinitatearen eredua zalantzan jartzeko, opresioa eskubide ez dela salatzeko eta matxistak diren jarrerak amaitzeko eskatzen digu kanpainak». Are gehiago, helburu du gizonak jabetu daitezen emakumeek, beste gizon batzuek eta gizon edo emakume gisa identifikatzen ez direnek jasaten duten indarkeriaz.

Gorka Urtaran EUDELeko buruak bat egin du Solarekin, eta adierazi du gizonek «ezinbestez» parte hartu behar dutela emakumeen aurkako indarkeria gelditzeko borrokan; bai eremu publikoan, bai eremu pribatuan. Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketako batzarkidea ados agertu da harekin: «Emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, emakume eta gizonak ezin gara ikusle hutsak izan».

Kanpaina bateratuaren garrantzia

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak elkarrekin abiaraziko duten kanpainaren garrantzia azpimarratu du, haren ustetan etorkizunean instituzioen arteko lankidetza erraztuko duelako. Bereziki, biktima izan diren emakumeak artatzeko Instituzioen III. Akordioari eta biktima izan diren emakumeak integratzeko egiten ari diren lanari dagokienez. «Lan horiek koordinazio handia behar dute».

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia ere pozik agertu da emakumeen aurkako indarkeriaren arloan azken hamar urteetan egin duten lanarekin. Halere, bidea luzea dela gogorarazi du, eta oraindik ere lan asko dutela egiteko. «Horretan jarraitzen dugu, orain arteko sendotasunarekin, edota indar handiagoarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.