Populazioa

Munduko biztanleriak 8.000 milioi pertsonaren langa gainditu du

NBEk emandako datuen arabera, populazioa Indian ari da gehien puzten, eta Txina gaindituko du 2030erako. Munduan, aurreikusi dute 10.500 milioi biztanle  izanen direla 2080an.

Haur jaio berri bat Santo Domingon, Dominikar Errepublikan. EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko azaroaren 15a
09:44
Entzun

Hazkunde demografikoa nabarmen moteltzen ari da azken urteotan, baina joera goranzkoa da oraindik ere. Munduko jaiotza eta heriotza kopuruak ekuazio berean jarri, eta emaitza positiboa da oraindik. Gero eta biztanle gehiago dira Lur planetan, eta mugarri bat erdietsi da gaur: 8.000 milioi pertsona baino gehiago munduan bizirik. 09:00etan gainditu da langa.

NBE Nazio Batuen Erakundea arduratzen da kontaketaz, eta badira egunak notizia iragarria zuela. Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresen iritziz, 8.000 pertsonaren langa gainditzea «mugarri historikoa da gizateriaren garapenerako». Azaldu du osasun arloan eginiko aurrerapenei esker lortu dela kopuru horretara iristea, batik bat. Dioenez, horrek ahalbidetu baitu «zorrotz» apaltzea amen eta haurren heriotza tasak.

Dena dela, oroitarazi du urteko hazkunde demografikoa gero eta geldoagoa dela 1950eko hamarkadatik aitzina, eta ohartarazi du herrialdeen arteko berdintasunik ezak nabarmenagoak direla egunetik egunera. Datu bat eman du NBEko idazkariak: «Munduko errentaren bostena munduko %1 aberatsenen artean dute banaturik, eta herrialderik aberatsenetako biztanleen bizi esperantza herrialde pobretuetako jendearena baino 30 urte handiagoa da».

Halaber, krisiei aurre egiten ahalegindu beharra aldarrikatu du Guterresek. Klima krisia, COVID-19aren krisialdia eta gerra aipatu ditu. «Mundua arriskuan dago».

Indian, Txinan baino gehiago

Aurreikuspenak ere plazaratu ditu NBEk. Azaldu dutenez, espero dute 2030ean India izatea biztanle gehieneko herrialdea munduan; Txina da gaur egun lehenbizikoa sailkapenean. Gainera, munduko populazioari dagokionez, azpimarratu dute kopurua puztu egingo dela aurrerantzean ere. Honako hauek aurreikusi dituzte: 2030ean, 8.500 milioi biztanle izanen dira; 2050ean, 9.700 milioi, eta 2080an, berriz, 10.400 milioi baino gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.