Nafarroako Gobernuaren azaroaren 25erako kanpainak biktimak zalantzan ez jartzea izango du xede

Urtea hasi zenetik Nafarroako Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei osoko arreta emateko zerbitzuak 1.046 emakume artatu ditu.

Kanpainaren aurkezpena, gaur goizean. NAFARROAKO GOBERNUA
Irati Urdalleta Lete.
2022ko azaroaren 15a
13:15
Entzun

«Berak nahi izan du? Emakumeen aurkako indarkeria da biktima zalantzan jartzen duen delitu bakarra. Alda ezazu!». Horixe da Nafarroako Gobernuak azaroaren 25aren —Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna— harira egin duen gogoeta eta eskaera. Gaiari lotuta, kanpaina bat martxan jarri dute egun horri begira, eta gaur aurkeztu dute Eva Isturiz Nafarroako Berdintasuneko Institutuko zuzendari kudeatzaileak eta Mari Cruz Lerga zuzendariordeak.

Kanpainaren beharra ikusten dute bi ordezkariek. Izan ere, Isturizen hitzetan, oraindik ere zenbait diskurtsotan eta elkarrizketatan indarkeria matxistaren biktimak «ez dira sinesgarritzat hartzen», eta zalantzan jarri ohi dute haien kontakizuna, portaera edo erreakzioa: «Indarkeria legitimizatzeaz eta justifikatzeaz gain, jasaten duten emakumeak berriro biktima bihurtzen ditu». Kanpainaren helburua fenomeno matxista horri aurre egitea izango da.

Ikusi gehiago:Gizonak interpelatuko dituzte Azaroaren 25ean

Funtsa biktimen hitza zalantzan jartzen duten eguneroko esaldiak izango dira. Horietan, esango dute biktimak indarkeria jasan nahi izan duela, besteak beste, bikotekidearengandik lehenago ez banantzeagatik, parrandan ateratzeagatik edo «asko» edateagatik. Sortu dituzten materialak sare sozialen eta komunikabideen bidez zabalduko dituzte, eta, gainera, 5.000 kartel ere aterako dituzte.

Kanpaina beharrezkoa dela zalantzan jarri gabe, nabarmendu dute Nafarroako Gobernuak pausoak emanak dituela arlo horretan. Isturizen esanetan, horrelako indarkeria, diskurtso eta jardunbideen aurka «konpromiso irmoa» daukate.

Salaketak igotzen

Kanpainaz harago, indarkeria matxistaren datuak eman ditu Lergak. Hain zuzen, Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei osoko arreta emateko zerbitzuak 1.046 emakume artatu ditu 2022ko urtarriletik irailera, iazko epe berdinean baino %14,2 gehiago. Gainera, indarkeria matxistaz galdezka Nafarroako Berdintasuneko Institutura egindako deiak %23 igo dira. Deien %60an emakumeak berak eskatzen du laguntza; %24tan, profesionalen batek. Dena den, Lergaren esanetan, igoerak ez du esan nahi indarkeria matxista kasu gehiago daudela, gehiago jakinarazten dituztela baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.