Enpresak
Iñigo Uzinek Ulmari eta Oronari: «Elkarrekin indartsuagoak gara»
Mondragoneko presidenteak batasunerako deia egin die bi kooperatibei, eta ohartarazi bi enpresek taldea uzteak ez diola inori mesede egiten. Kongresuan ez dute parte hartu bi enpresetako ordezkariek.

Oronari eta Ulmari mezu argia eman nahi izan die Iñigo Uzin Mondragon korporazioko presidenteak, baina hitz gogorregietan sartu gabe. «Elkarrekin indartsuagoak gara», esan die, batasunerako eta elkar ulertzeko deia eginez. Eta ohartarazi die erabakiak ez diola inori mesede egingo, «ez Oronari, ez Ulmari, ez gainerako kooperatibei eta ez Mondragon osoari».
Atzoko Kongresu Nagusiaren osteko prentsa agerraldi batean egin zituen adierazpenok Uzinek. Euskal Herriko industria talderik handienak urteroko batzarra egin zuen goizean, eta hori baliatu zuen Ulmaren eta Oronaren gaiaren inguruko lehen balorazioa egiteko. Izan ere, bi kooperatibek Arrasateko saretik irteteko nahiak erabat baldintzatu zuen biltzarra. Batetik, gai zerrendan jasoa ez bazegoen ere, hizpide izan zutelako nahi eta nahi ez; eta, bestetik, taldea osatzen duten 95 kooperatibetako ordezkariak biltzen zituen bilera izan arren, ez zutelako parte hartu ez Oronako ez Ulmako ordezkariek.
Mondragon, «espazio naturala»
Zeharka erantzun zien presidenteak bi kooperatibei, baina taldeko gainerako kooperatiben babesa duela erakutsita. Izan ere, aho batez onartu zuten kongresuan eztabaidagai izan zuten txosten bakarra: Laboral Kutxak kooperatiben arteko lankidetzarako eta elkartasunerako funtsetara egin beharreko ekarpenak egokitzen dituena. Txosten hori jo zuten Oronak eta Ulmak korporazioarekin duten desadostasunen adibidetzat. Hala adierazi zien Oñatiko (Gipuzkoa) kooperatiba taldeak bazkideei.
Uzinek argi utzi zuen, ordea, Mondragonek ez dakiela zeintzuk diren taldea uzteko bi enpresek abiarazi dituzten prozesuen «benetako arrazoiak», ez baitute asmoen jakinarazpen ofizialik jaso. Edonola ere, adierazi zuen Oronaren eta Ulmaren etorkizuna Mondragonen barruan ikusten duela, hori delako bi kooperatiben «espazio naturala». Eta gogorarazi zuen elkarrekin jarraitzen badute lankidetzarako aukera gehiago izango dituztela, batez ere «gero eta konplexuagoa den eta ziurgabetasunez betetako agertoki batean».
Korporazioaren barruan autonomia gehiago eskatzen dute bi kooperatibek, bereizgarri egiten dituzten ezaugarriei eta kudeaketa eredu propioei eutsi ahal izateko. Mondragonen iritziz, baina, egun kooperatibek badute nahikoa askatasun eta ahalmen erabakiak beren kabuz hartzeko. Are gehiago, uste du horri esker iritsi direla gaur egungo egoerara. «Uste dugu negozioen autonomia, kudeaketa askatasuna, elkartasuna eta lankidetza direla honaino ekarri gaituztenak. Eta jarraitzen dugu pentsatzen horiek guztiak funtsezko elementuak direla gure negozioek hazten jarraitu dezaten», azpimarratu zuen atzo. «Gure errezeta lankidetza da».
Bi kooperatibak korporaziotik aterako balira, kolpe handia litzateke Mondragonentzat. Ez alferrik, bien artean korporazioak enplegatzen dituen langileen herenak dituzte, 10.000 behargin baino gehiago, eta industria atalaren fakturazioaren erdia dagokie, besteak beste. Agerikoa da, beraz, Oronaren eta Ulmaren irteerak taldea txikiago egingo lukeela, eta indarrez «ahulago», lankidetzarako gaitasuna murriztuta, Uzinek aitortu zuenez.
Horregatik, hitz egiten jarraitzeko «borondate irmoa» agertu zuen Uzinek: «Mondragoneko organoen ateak zabalik daude». Eta adierazi zuen erabakia edozein dela ere korporazioak errespetatu egingo duela.
Emaitza onak lagun
Etorkizunera begira jartzeko baliatu zuen hitzartzea Uzinek, eta korporazioa bide onetik doala berretsi zuen: «Mondragon ondo doa». Iazko emaitzak jarri zituen horren adibide; izan ere, korporazioaren salmentak %5 handitu ziren 2021ean, eta 11.400 milioi euroren langa gainditu zuten.
Aurten ere haztea espero du kooperatiba taldeak. Uzinek aurreratu zuen iraila arteko emaitzek erakusten dutela Mondragoneko enpresak bolada onean direla. Korporazioak espero du 12.000 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa egitea 2022an. Erdia baino gehiago industria arloko enpresek lortuko lukete (Ulmak berak, besteak beste): 6.500 milioi euro inguru; aurten baino %14,2 gehiago da hori. Hamarretik zazpi inguru nazioartean lortuko lukete. Enpleguari dagokionez ere, aurrerantzean ere hazi egingo direla aurreikusten du, oraintxe bertan 80.100 lanpostu zuzen baititu.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.