Tentsioa handitu da Errusiarekin, Polonian gertatu den leherketa batengatik

Varsoviak baieztatu du eztanda bat izan dela, baina ez du jatorria edo egilea aipatu. Pentagonoak ere ezin izan du argitu. Errusiak ukatu egin ditu jaso dituen akusazioak.

jarraia220745.jpg
Julen Otaegi Leonet.
2022ko azaroaren 15a
20:55
Entzun

Errusiaren bi misil Polonian lehertu direla argitaratu dute hainbat hedabidek, AEBetako inteligentziako iturri bat aipatuta. Ez Poloniako Gobernuak, ezta AEbetakoak ere ez dute halakorik baieztatu. Poloniako Gobernuak adierazi du hego-ekialdeko Przewodow herrian, Lviv (Ukraina) hiritik 100 kilometro ingurura eztanda bat izan dela. Pentagonoa eta Etxe Zuria «jakitun» daude Poloniako leherketaz; dena dela, ezin izan dute «berretsi» Errusiaren erasoa izan denik. Agentzien eta hedabideen arabera, bi hildako eragin dituzte leherketek.

Piotr Muller Poloniako Gobernuko bozeramaileak jakinarazi duenez, Mateusz Morawiecki herrialdeko lehen ministroak bilerara deitu du «urgentziaz», segurtasun nazionaleko batzordea elkartu dadin —Defentsako eta Justiziako eta Barne eta Kanpo Harremanetako ministerioak barne hartzen ditu—. Mullerrek baieztatu du eztanda bat izan dela, eta aztertzen ari direla NATOren 4. artikulua —defentsa kolektiboarena— aplikatzea eskatzeko motiborik ote duten, baina ez du akusaziorik egin.

Errusiako Defentsa Ministerioak ukatu egin du haren misilek Ukrainaren eta Poloniaren arteko muga zeharkatu dutela. Haren arabera, hedabideetan zabaldu diren Przewodoweko irudiek «ez dute zerikusirik» Errusiaren armekin. Horiek horrela, Errusiak «propio egindako probokazio» gisa hartu du erasoa hari leporatu izana.

Poloniak bezala, Hungariako presidente Viktor Orbanek ere defentsa kontseilua elkarrarazi du 20:00etarako. Batetik, Druzhba hodiak petrolioa hornitzeari utzi diolako, eta, bestetik, Polonian erori diren bi misilengatik.

Erreakzioak

Inguruko hainbat herrialdetako buruzagiek bat egin dute Poloniarekin. Letoniako Defentsa ministroak, Artis Pabriksek, zera adierazi du sare sozialetan: «Nire doluminak gure anaia poloniarrei. Errusiako erregimen kriminalak misilak jaurti ditu, eta horien helburua ez dira soilik zibil ukrainarrak izan; NATOren lurretan ere erori dira, Polonian. Letonia Poloniako lagunekin dago, eta krimen hau gaitzesten du».

Lituaniak ere salatu du Poloniako erasoa, eta «NATOren lurraldearen hazbete bakoitza» defendatu behar dela berretsi du. Estoniak «kezkagarritzat» jo du Poloniako erasoa, eta NATOren lurralde osoa babesteko prest agertu da:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.