Euskal presoak

Jaurlaritzak ez ditu onartu Euskal Herriratze eskaeren erdiak, toki «mugatua» duelako

Artolazabalek esan du guztira 437 presoren eskaerak jaso dituztela eta 222renak atzera bota dituztela. Horietatik zortzi euskal preso politikoak dira.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, gaur, legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko azaroaren 16a
11:44
Entzun

Urtebete igaro da Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeak kudeatzeko eskumena hartu zuenetik. «Jasotako herentzia» kudeatzea ez da samurra izan, baina Jaurlaritza «pozik» dago egindako bidearekin, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez. PP+C’s taldeak eskatuta, agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean.

Hainbat datu esanguratsu eman ditu Artolazabalek. Jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritza atzera botatzen ari da zigorra Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kartzeletan bete nahi duten presoen eskaerak, toki faltagatik. Egoera horrek «lekuz aldatzeko aukera mugatzen» duela esan du Artolazabalek, eta zortzi euskal presori eragin diela. Urtebetean, Jaurlaritzak atzera bota ditu 222 presoren gerturatze eskaerak, eta beste 178 baimendu ditu; horietatik 81 euskal preso politikoei dagozkie.

Iluntzean, Jaurlaritzako Justizia Sailak ñabardura batzuk egin dizkio Artolazabalek goizean esandakoari. Baieztatu dutenez, tokiaren aldetik «mugatuta» egoteak ez du esan nahi Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeak erabat beteta daudenik. Espainiako espetxe erakundeekin betetze maila batzuk adostu dituzte espetxe batzuetatik besteetarako lekualdatzeak erraztu ahal izateko, baina gaur egun «gehieneko betetze mailatik urrun» daude.

Zaballako, Martuteneko eta Basauriko espetxeek ez dute preso gehiago hartzeko gaitasunik, sailburuak goizean azaldu duenez: guztira, 1.562 preso daude hiru espetxeetan, 2021eko urtarrilean baino 272 preso gehiago. Igoera hori bi faktorek eragin dute. Lehenengoa da preso gehiago espetxeratzen direla aske geratzen direnak baino. Espetxeen kudeaketa transferitu baino lehen, arazo hori konpontzen zen presoen zati handi bat beste autonomia erkidego batzuetako espetxeetara eramanda, baina orain ez da horrela: «Hemen sartzen diren ia guztiak hemen geratzen dira», esan du sailburuak.

Preso kopurua handitzearen atzean beste arrazoi bat dagoela esan du Artolazabalek: Euskal Autonomia Erkidegoaren eta beste autonomia erkidego batzuen arteko «lekualdatze fluxua»: azken urtean 178 pertsona lekualdatu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetara –horietatik 81 «terrorismoagatik» zigortutakoak–, eta 120, berriz, kanpoko espetxeetara eraman dituzte. Presoen kopuruaren igoera horrek ez du eragin negatiborik izan espetxe barruko bizi baldintzetan, baina mugatu egin du zigorra Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetan bete nahi duten preso guztien eskaerak onartzeko aukera, sailburuak azaldu duenez.

Horrez gain, jakinarazi du hiru espetxeetan preso daudenei arreta emateko 675 langile daudela; kopuru hori ez da aski, sailburuaren ustez. Lan eskaintza publiko batekin beteko dira falta diren lanpostuak. Hori gertatzen den bitartean, «behin-behineko irtenbideen» alde egingo du Justizia departamentuak, eta, besteak beste, 60 langile dituen lan poltsa bat sortuko du: urtea amaitu baino lehen lanean hasiko dira langile horiek.

Espetxeen datuak eguneratu egin ditu Artolazabalek, halaber. Jakinarazi duenez, urtebetean 500dik gora presori eman zaie hirugarren gradua. «Iparraldeko herrialdeetan garatutako erdi askatasuneko politikaren isla da hori», sailburuaren esanetan. Gaur egun, 1.562 preso daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetan: horietatik 1.381 zigorra betetzen ari dira, eta 181 behin-behineko espetxealdian daude. 441 hirugarren graduan daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.