Eudelek laguntza emango die udalei enplegu publikoak egonkortzeko

Elkarteko udaletan 3.477 lanpostu eskaini dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 234 tokiko erakundetan. Foru aldundiekin lankidetzan, baterako prozesuak koordinatuko ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen elkarteak.

Gorka Urtaran, Eudelen 40. urteurreneko ekitaldian, aurten. RAUL BOAJO / FOKU
xabier martin
2022ko azaroaren 16a
11:51
Entzun

Eudel elkarteak Batzar Orokorra egin du gaur Laudion, eta topaketa hori tokiko agintaldi honetako azken ohiko bilera izan da, 2023ko maiatzean hurrengo udal hauteskundeekin amaituko baita agintaldi hori. Eudel elkarteko buru eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gidatu du Batzarra azkenekoz, eta, hitzaldi nagusian, 2023ko lehentasunezko jarduera ildoak aurkeztu ditu.

Euskal udalgintza bultzatzea eta laguntzea dute ardatz lehentasun horiek, «batetik, barne erronkei dagokienez, bai udal gisa, bai Elkarte gisa, eta, bestetik, herrialdearen, Euskadiren eta bertako udalerrien erronkei dagokienez», Urtaranek azaldu duenez. Bi barne erronka aipatu ditu: «kohesio instituzionala eta kohesio emozionala bultzatzea».

Lehenari dagokionez, esplikatu du euskal udalen interes orokorren defentsa eta ordezkaritza egin behar duela elkarteak, haiei dagozkien erabakiak hartzen diren lekuetan; modu horretan «euskal arkitektura instituzionala» osatuko dela esan du. Tokiko autonomia eta finantza nahikotasuna ere aipatu du Urtaranek, baita udalen arteko esperientzia trukea ere.

Enplegu publikoen egonkortasuna

Eta adibideak jartzen hasita, enplegu publikoen egonkortze prozesuez aritu da, eta azaldu Eudelen eta foru aldundien arteko lankidetza behar dela. Bitarteko langileak egonkortzeko (lehiaketa) eta sendotzeko (lehiaketa-oposizioa) prozesuak arautzen dituzten oinarriak aurtengo abenduaren 31 baino lehenago onetsi behar dira, eta 2024ko abenduaren 31 baino lehenago gauzatu.

Foru aldundiek kontabilizatutako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, hiru hiriburuak alde batera utzita, enplegu publikoko 3.477 lanpostu eskaini dira 234 toki erakundetan. % 90 merezimendu lehiaketako prozesuetarako dira, azterketa egin beharrik gabekoak. «Ehunka prozesu izango dira, eta udal gehienek ez dute ez baliabide materialik ez giza baliabiderik prozesu horiek aurrera eramateko», esplikatu dute. «Hortxe dago, hain zuzen, Euskadiko Udalen Elkartearen eginkizun nagusia, lurralde historiko bakoitzeko prozesu bateratuak koordinatzeko ardura bere gain hartuta, toki erakunde guztiek dagozkien deialdiak gauzatu ahal izan ditzaten», esan du Urtaranek.

Horretarako, Eudelek «euskal errealitatera egokitutako metodologia» diseinatu du, berme juridiko guztiak biltzen ei dituena. Lehiaketa prozesuetarako lehenengo oinarri bateratuak prestatu ditu, beraz. Oinarri horien arabera, administrazioan izandako esperientziari % 80 eman diote balorazioan, lehentasuna eskainiz erakunde deitzailean izandakoari, eta % 20, berriz, merezimenduei —besteak beste, prestakuntzari, hizkuntzei edo gaitasun digitalei—.

Zehazturik geratu da tresna hori borondatezkoa dela, eta tokiko autonomia errespetatzen duela, «tokiko erakunde bakoitzak erabakitzen baitu erabili ala ez». Edonola ere, Eudelen oinarriak onestea ezinbestekoa da foru aldundien laguntza izateko; izan ere, foru aldundiak laguntzaile dira prozesu horretan, epaimahai kalifikatzaileak eratuz eta foru aplikazio informatikoa eskainiz.

Kohesio emozionala

Kohesio emozionalaren haria ere garatu du Gasteizko alkateak. «Euskal gizartearen balioak, balio demokratikoak eta Europako espiritua sustatzea» jarri ditu helburu gisa, hau da, «giza eskubideak, elkartasuna, aniztasuna, elkarbizitza baketsua, tolerantzia, identitatea, ohiturak, kultura, hizkuntza...».

«Ezin ukituzko balioak dira guztiak ere, eta gizarte gisa batzen gaituzte, komunitatea areagotzen dute, hemengo izatearen sentimendua pizten dute, gure hiriekin eta herriekin dugun konpromisoa eta inplikazioa indartzen dute», azaldu du Urtaranek. «Kohesio emozionalak, euskal gizarte gisa, gugandik onena ateratzen du», gehitu du elkarteko buruak.

«Euskal komunitatea» egitearen eredu gisa, Euskaraldia aipatu du, halaber, Urtaranek. Dei egin du ekinbide horretan parte hartzera; ostiralean hasiko da, azaroaren 18an, eta 15 egunez egingo da: «Eudelen bat egiten dugu euskararekin, ondare linguistiko edo kultural bat ez ezik, euskal gizartearen lehiakortasunerako eta kohesio emozionalerako tresna ere badelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.