Sindikatuak
Patronalen jokaera «klasista eta matxista» salatu du Arroyok
Sektore feminizatuetan enpresaburuek jarrera gogorragoa daukatela ziurtatu du LABeko koordinatzaileak. Enpresetan eta sektoreetan sindikatuen elkarlana badagoela nabarmendu du, baina kexu da planteamendu orokorrik ez duelako ikusten.

Borroka sindikalen argazki gazi-gozoa egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak. Uste du langileak ahalduntzen ari direla, «aberastasuna banatzeko borroka ziklo bat zabaltzeko beharra» barneratu dutela, eta txalotu egin du sindikatuen arteko elkarlana. Jakinarazi du elkarlan horren ondorio gisa azken hilabeteetan itunak eguneratu direla hamar sektoretan eta horietan langileen erosahalmena bermatu ahal izan dutela.
Hurrengo hilabeteotan beste hainbat hitzarmen egongo direla aurreratu du Arroyok, baina ikusteko dago horietatik zenbat izango diren oso feminizatuta dauden sektoreetan, uste baitu horietan «planteamendu bereziki gogorrak» dituztela Confebask eta CEN enpresaburuen elkarteek. «Patronala, klasista izateaz gain, matxista ere bada. Negoziazio kolektiboan blokeo nagusia sektore feminizatuetan gertatzen da, eta hor jartzen ari gara geure indar guztiak».
Beste orban bat «planteamendu orokor baten falta da», sektore eta enpresa jakinetatik kanpo sindikatuak ez direla gai elkarrekin aritzeko, alegia.
LABen Ipar Hegoa fundazioaren azken txostenaren aurkezpenean, Arroyok nabarmendu du LABek proposamen zehatzak egin dituela, lan kode eta Gizarte Segurantza propioak esaterako, baina ELAri ez dio nabaritu «borondate» handirik ildo horietan aurrera egiteko. «Bide horretan jarraituko dugu, eta espero dugu halako batean posible izango dela».
Tentuz bada ere, beste kritika bat egin dio Mitxel Lakuntzaren sindikatuari: borroka batzuetan, Bizkaiko metalgintzan, esaterako, bere aldetik jokatu izana: «Ez dugu ulertzen».
Lehendakariei kritika
Borondaterik ez die ikusten Iñigo Urkullu eta Maria Txibite lehendakariei ere, baina, kasu honetan, «langileen aldeko politikak» egiteko asmoa da ikusten ez duena. «Krisi orokorra bizi dugu langileek, baina ez da fenomeno meteorologiko bat: politika ekonomikoen ondorio da».
Bereziki kritikagarria iruditu zaio orain haien jarrera, LABk uste baitu Europako Batasunean zerga politikari eta estatuen parte hartzeari buruzko eztabaida irekitzen ari dela. Beren proposamenak helaraziak dizkiote jada Urkulluri, eta aurki egingo dute gauza bera Txibiterekin, baina Arroyo ez da oso baikor erantzunaren inguruan.
LABeko koordinatzaile orokorrak «deformetzat» jo du Hego Euskal Herriko autogobernua: «Indartsua da enpresen interesen aldeko politiketan, baina ahula langileen bizi baldintzak hobetzeko».
Ipar Hegoak fundazioaren txostena
Ipar Hegoa fundazioak Ikusmiran Euskal Herriko langileen lan eta bizi baldintzei buruzko txostena eguneratu du. Hona ondorio nagusi batzuk:
1) Bi langiletik bat, prekario: Hego Euskal Herriko 25 eta 64 urte arteko herritarren %53,52 prekaritatean bizi direla dio LABen fundazioak. 812.068 herritar izango lirateke: 1.400 euro baino gutxiagoko soldata gordina jasotzen duten 402.400 langileak, 115.600 langabeak eta egoera inaktiboan daudenak (etxeko andreak barne) sartu ditu LABek multzo horretan.
2) Hiru pentsiotik bat, mila eurotik beherakoa: 2021eko datuen arabera, Hego Euskal Herriko pentsiodunen %34,5ek dute mila eurotik beherako pentsioa, eta horietatik bi herenak emakumezkoak dira. 1.000 eta 2.800 euro arteko pentsioa dutenak %57 dira, eta 2.800 eurotik gorako pentsioa dutenak, berriz, %9.
3) Soldata arrakala, egiturazkoa: Soldatetan arrakala handiak daude, eta sakontzen ari direla dio txostenak. Emakumeak, gazteak eta etorkinak dira arrakala horren biktimak. 2020an, Hego Euskal Herrian batez besteko soldata 29.582 eurokoa izan zen, baina hortik 3.171 euro beherago izan ziren andreak, 5.925 euro beherago 25-34 urteko gazteak, eta 9.214 euro beherago migranteak.
4) Pobrezia gora doa: Pobrezia arriskuari dagokion tasa %21,3 da Nafarroan, eta %17,8 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; EBn, %17,4 da. Pobrezia larrian dauden herritarrak 2008an halako bi dira jada; EAEn, %6,1 dira.
5) Behin-behinekoak, lautik bat: Gizarte Segurantzaren afiliazioaren datuetan neurtuta, Hego Euskal Herriko behin-behinekotasun tasa %24,5 izan zen aurtengo abuztuan; EBn, %14,4 da. Azken lan erreformak behin-behinekotasun hori txikitzeko helburua zuen, eta lortu du kontratu mugagabeak handitzea –urrian, %29 izan ziren–, baina LABek ziurtatu du patronalak «neurria hartu» diola egoera berriari: aldizkako finkoak ugaritu dira, eta probaldia ez gainditzeagatik kalera bidalitako langileak lehen halako hiru dira.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.