GERRA UKRAINAN

Ukrainako zerealen esportaziorako akordioa lau hilabetez luzatzea adostu dute

Kieven arabera, beren asmoa zen gutxienez urtebetez luzatzea. Errusiako laboreen eta ongarrien esportazioari trabak kentzeko konpromisoa hartu du NBEk.

Ukrainako zereala daraman ontzi bat Istanbulen, hilaren hasieran. EFE
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 17a
10:30
Entzun

Moskuk eta Kievek adostu dute Ukrainako zerealen esportaziorako akordioa lau hilabetez luzatzea. Horren bidez, jarraitu ahal izango dute, Ukrainako hiru portutatik abiatuta, Itsaso Beltzetik barrena laboreak esportatzen. NBE Nazio Batuen Erakundeak babestuta eta Turkiaren bitartekaritzarekin sinatu zuten ituna, uztailaren 22an, inbasioaren ondorioz zerealen irteerari ezarritako blokeoa kentzeko asmoz. Etzi amaitzen zen duela lau hilabete sinatutako akordioa.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak berak Twitterren jakinarazi du ados jarri direla berriro, eta itunaren balioa aldarrikatu du: «Ukrainak, Antonio Guterresekin batera [NBEko idazkari nagusia], ezinbesteko erabaki bat hartu zuen elikadura krisiaren aurkako borrokan». Inbasioaren aurreneko hilabeteetan, Errusiaren blokeoaren ondorioz aterabiderik ez zuten 22 milioi tona zereal pilatu ziren Ukrainako portuetan: artoa, garia eta beste. Labore horiek ez merkaturatzeak elikagai krisia handitu du, besteak beste. Recep Tayyip Erdoganek atzo iragarri zuen akordioa luzatzear zirela aldeak. Turkiako presidenteak eskerrak eman dizkie gaur NBEri, Errusiari eta Ukrainari.

Ikusi gehiago: Ukrainako zerealen esportazioari blokeoa kentzeko ituna sinatu dute

Eta Guterresek berak akordioa luzatzea txalotu du, NBEren webgunean kaleratutako ohar baten bidez. «Diplomazia diskretuaren eta alde askotariko irtenbideen garrantzia erakusten du ekinbideak». Idazkari nagusiak nabarmendu du, bide batez, Errusiako elikagaien eta ongarrien esportazioari jarritako trabak kentzeko konpromisoa duela NBEk. Izan ere, aintzat hartu behar da hori blokeatuta dagoela; ez zuzenean inbasioaren harira Mendebaldeak Moskuri jarritako zigorrengatik, baizik eta horiek aseguruei, portuetarako sarrerei eta logistikoki ezinbestekoak diren alderdiei eragiten dietelako.

Hain zuzen, duela bi aste Kremlinek adierazi zuen Ukrainako zerealen esportaziorako akordioa luzatzeko konpromisoa hartuko zuela, baldin eta AEBek eta EB Europako Batasunak trabak kentzen bazizkieten beren esportazioei. Halakorik ez da gertatu oraingoz, baina Kremlin Ukrainaren laboreei bide emateko akordioa luzatzeko prest agertu da. Dmitri Peskov Kremlineko buruak azpimarratu du atzera beren ongarriak, elikagaiak eta laboreak esportatzeko «prozesua» martxan jartzeko «bermeak» eman dizkiela NBEk

Urri amaieran akordioa eten zuen Moskuk, argudiatuta Ukrainak bere itsasontzi militar batzuei eraso egin ziela Sebastopolen (Krimea). Egun batzuk geroago, berriz, Vladimir Putin Errusiako presidenteak bermeak eskatu zituen, frogatzeko Ukrainak Itsaso Beltzeko korridore humanitarioa ez duela «helburu militarrekin» erabiltzen.

Ikusi gehiago: Zerealen itunera itzuliko da Putin, frogatzen badu Kievek ez duela «asmo militarrik»

Yuzhnitik, Chornomorsketik eta Odesatik ateratzen dira ontziak, eta, Oleksandr Kubrakov Ukrainako Azpiegitura ministroak gaur zehaztu duenez, 11 bat milioi tona esportatu dituzte 38 herrialdetara —kopuru bera eman du Erdoganek—. «Kopurua esanguratsua da, baina ez da nahikoa». Jakinarazi du, bide batez, Kievek gutxienez urtebetez luzatu nahi zuela akordioa, eta proposatu duela ontziak Mikolaiveko portutik ere abiatzea.

Turkiak begirale rola jokatzen du. Izan ere, itunaren koordinazio zentroak Istanbulen du egoitza, handik, Bosforoko itsasartetik igarotzen baitira Ukrainara bidean doazen ontziak edo handik ateratakoak. Zentroan zama ikuskatzen dute.

«%100 ez dago argi»

Zelenskik gaur adierazi duez dakiela «%100» nork jaurti zuen misil bat herenegun Polonian, Ukrainako mugatik gertu. Bi pertsona hil ziren. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak, AEBek eta Poloniak atzo adierazi zutenez, lehen ikerketen arabera, uste dute Ukrainak berak bota zuela, Errusiako misil bat erorarazteko. Zelenskik atzo esaten zuen, oraindik, Errusiak egin zuela erasoa, baina Ukrainako presidentea ez da hain argi mintzatu elkarrizketa batean. «Munduak ez daki %100 zer gertatu zen. Ezin dugu esan Ukrainaren aireko defentsa izan zenik».

Ikusi gehiago: NATOk uste du Polonian lehertutako misila Ukrainak bota duela

NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan Errusiak duen enbaxadore Vasili Nebenziak Ukrainari eta Poloniari egotzi die NATOren eta Errusiaren arteko «konfrontazio zuzen bat probokatu nahi izatea». Horrekin lotuta, Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroa eta Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria telefonoz mintzatu dira, eta, ondoren jakinarazi dutenez, berretsi dute gertatutakoaren erantzukizuna Errusiarena dela.

Gertakariaren harira, Poloniako Segurtasun Kontseiluko bozeramaile Jacek Siewierak gaur jakinarazi du Andrzej Duda presidenteak ez duela «oztoporik» ikusten, Ukrainak ere ikerketan parte har dezan. Eskaera hori egin zuen Kievek atzo.

Ikusi gehiago:Tentsioa areagotu da Polonian, haren mugan izandako leherketa batengatik

Gerra frontean, bestalde, Ukrainak salatu du Errusiak jarraitzen duela herrialdeko energia azpiegiturei eraso egiten. Ukrainako hedabideen arabera, herrialde ia guztian entzun ahal izan dira erasoez ohartarazten duten sirena hotsak. Zaporizhia eskualdean bi pertsona hil dira bonbardaketa batean, eta Errusiak eta Ukrainak elkarri egozten diote erantzukizuna.

Arma nuklearrez

AEBek eta Errusiak arma nuklearrez hitz egingo dute Kairon (Egipto), hilaren 29tik abenduaren 6ra, START Berria itunaren barruan. Hori iragarri du gaur Serguei Riabkov Atzerri ministrordeak. 2010ean sinatu zuten bi herrialdeek, eta bide ematen die elkarri armak ikuskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.