Kanpo merkataritza

Esportazioak %24,6 handitu dira irailera arte

Are gehiago handitu dira inportazioak (+%43,7), gas erosketa handien eta garestien ondorioz

Edukiontziak Bilboko portuan, Santurtzin. MIGUETOƱA / EFE
Iker Aranburu.
2022ko azaroaren 17a
11:35
Entzun

Motelaldi txiki bat ikusten hasi da kanpo merkataritzan. Urtarriletik irailera, Hego Euskal Herriko enpresek 32.170,2 milioi euroren esportazioak egin zituzten, inoizko kopururik handiena urte bateko lehen bederatzi hilabeteetan. Iaz baino %24,6 gehiago dira, eta aise gainditzen dituzte pandemia aurreko kopuruak ere (+%21,9).

Irailean, baina, esportazioen hazkundea %18,5ekoa izateak adieraz dezake indarra galtzen ari dela nazioarteko eskaera, ekonomiak hozten ari baitira, inflazio handiaren eta hari borroka egiteko interes tasen igoeraren ondorioz.

Joera bera ikus daiteke inportazioetan ere: urteko lehen hiru hiruhilekoetan %43,7 hazi dira, baina %31,4 irailean soilik.

Energiaren garrantzia

Inportazioak esportazioak baino gehiago hazteak txikitu egin du kanpo saldoa: 6.822,1 milioi eurorena izan zen 2021eko lehen bederatzi hilabeteetan, eta aurten, berriz, 4.862,4 eurorena. Neurri oso handi batean produktu energetikoen inportazio handiari eta haien prezio garestiei egotzi behar zaie saldoa apaltzea. Izan ere, Petronorrek iaz baino garestiago erosi behar du bere findegira iristen den petrolioa, eta gauza bera geratzen zaio gasarekin Bahia de Bizkaia Gasari. Azken horrek GNL gas natural likidotua erosten du, eta portuko plantan tratatzen du, eta lanez lepo egon da Ukrainako gerra hasi zenetik, Europak GNLarekin ordezkatu duelako Errusiatik iritsi ohi zitzaion gasaren zati handi bat. Gainera, udan erreserbak betetzeko ahalegin handia egin du EB osoak, eta horrek 300 euroraino eraman du gas naturalaren megawatt ordua.

GNLa sartzeko bideetako bat da Bilboko portua, eta horrek ekarri ohi du lurralde hori izatea kanpo saldo negatiboa duen bakarra. Azken urtean, gainera, izugarri handitu da: 775,7 milioi eurotik 3.327,6 milioira.

Hego Euskal Herriko beste lurraldeetan, berriz, esportazioak askoz handiagoak izan ohi dira inportazioak baino, eta haietako bitan, Araban eta Gipuzkoan, kanpo saldo positiboa zabaldu egin da.

Makinak eta autoak

Ekipo ondasunak (beste ondasun batzuk egiteko beharrezkoak diren makinak eta osagaiak) dira Hegoaldeko enpresek gehien esportatutakoak (9.774,5 milioi, +%12,4), eta haren atzetik doaz autoak (6.897,1 milioi, %18,2).

Bi herrialde dira esportazioen jomuga nagusiak: Alemania (4.995,7 milioi) eta Frantzia (4974,8 milioi). Urrunago geratzen dira Italia (1.985,1 milioi), Erresuma Batua (1.962,7 milioi) eta AEBak (1.918,5 milioi).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.