Enpresak
Twitterrek bulegoak itxi ditu ehunka langilek dimisioa eman ondotik
Elon Muskek lan baldintzak zorroztu dizkie langileei, eta gogor mehatxatu ditu. Konpainiak prebentzioz itxi ditu bulegoak, langileek sare soziala sabotatuko duten beldur.

Twitter ixteko zorian al da? Munduko sare sozial handienetakoak hondoa joko al du? Oraingoz badirudi ezetz, baina kinka larrian dago, eta astelehenera arte salbuespen egoeran egongo da. Izan ere, Elon Musk jabe berriak asteburu honetan bulegoak ixtea erabaki du, langileekin izaten ari den arazoen eraginez. Duela astebete lantaldearen erdia kaleratu zuen, eta, gelditzen zirenei lan baldintzak asko gogortuko zizkiela iradoki ondoren, askok dimisioa eman dute. Horiek horrela, ikusteke dago mantenuarekin edo zibersegurtasunarekin loturiko lan guztiak modu egokian egiten diren.
Bi aste baino ez dira igaro Muskek Twitter 41.000 milioi euroan erosi eta haren kontrola hartu zuenetik. Hartaz geroztik Teslaren fundatzailea ia egunero izan da albiste. Ordainpeko erabilera ezartzearen aukerarekin hasi zen, gero erabiltzaile batzuek hainbat enpresaren Twitter kontu ofizialak erostea lortu zuten, ondoren iritsi zen kaleratzeen zaparrada, eta azkenik gaurko ihesaldia.
Muskek aste hasieran jakinarazi zuen langileak estu hartzeko asmoz zebilela. «Oso gogor lan egiteko prest» egon zitezela esan zien, edo bestela lana utz zezatela. Joaten zirenei hiru hilabeteko soldata hitzeman zien kaleratzeen kalte ordain gisa, eta ehunka langilek onartu dute. Atzo hainbatek eman zuten bere irteeraren berri Twitterren, eta sare sozialetan beren curriculumak jarri zituzten lana bilatzeko. Gehienak prestakuntza bereziko langileak dira: ingeniariak, programatzaileak...
Dimisioa emanagatik ere, askok Twitterren barrunbeetara sartzeko modua zuten oraindik, eta hori eragozteko itxi ditu bulegoak Muskek. «Sabotajea jasateko» arriskua murriztu nahi izan du. Bulegoetako sarreraren itxiera ez da fisikoa bakarrik, langile ohien konpainia barneko profilak eta haien posta elektroniko helbideak ere itxi ditu.
Zibersegurtasunarekin kezka
Dimisio horiek egoera zaurgarrian utzi dute sare soziala. Adituen ustez, egun bi dira arazo gehien eman ditzaketen arloak. Batetik, zibersegurtasuna dago. Egun, edozein enpresa handik milaka zibereraso jasaten ditu egunero, eta Twitterren gisako sare sozial batek, are gehiago. Iragan asteko kaleratuen artean Lea Kissner zegoen, zibersegurtasun arloko arduradun nagusia.
Bestetik, Twitterren burmuina diren zerbitzarien mantenua dago. Haiek etengabeko berritze prozesu bat behar dute, eta zerbaitek kale eginez gero sare sozial osoa erortzeko arriskua dago. Lan horrek jende asko behar du egunerokoan.
#RIPTwitter
Twitter sarearen akaberari buruzko mezuz bete da. #RIPTwitter traola izan da zabalduena. Muskek, berriz, harengan ohikoa denez, txantxak egin ditu bere profilean. Hilerrira joan eta hilarri baten aurrean selfie-a ateratzen duen gizonaren memea jarri du, sare sozialak ikur duen txoriarekin. Horren aurretik mezu hau zabaldu zuen: «Eta... erabiltzaile kopuruaren langa igo dugu berriz, kar- kar-kar...».
Enpresaren itxiera fisiko eta birtualak egonkortasun pixka bat bermatu beharko luke asteburuan, baina ikusteke dago zein ekaitzek astintzen duen astelehenean. AEBetako webgune berezituetan nabarmendu dute Muski asko kostako zaiola galdu duen eskulan berezitu hori ordezkatzea. Bitartean, asko igo da Instagram eta Mastodon sare sozialen erabiltzaile kopurua.
Ikusi gehiago: Twitterretik at bada biderik
Twitter agurtzen hasiak
Twitterreko erabiltzaile askok harriduraz hartu dute albistea, eta jadanik sinetsiak dira sare sozialari laster ailegatuko zaiola iraungitze data. Hasiak dira agur esaten, txio bidez. Gainera, batzuek mezu bera baliatu dute Mastodon sare sozialera mugituko direla iragartzeko.
Jo, ba gertatzen bada, izugarrizko pena emango dit Twitter gabe geratzeak ð;Â;Â;Â;ÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂ
— Aiora (@probatxoa) November 18, 2022
Mastodonen @urtziurkizu naiz, hemen bezala. Mila esker 12 urteotan sare honetan bizitako guztiagatik. Mundialak zarete. Zeren, pikutara doa Twitter berehala ezta?
— Urtzi Urkizu (@urtziurkizu) November 18, 2022
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.