GERRA UKRAINAN

Suediak baieztatu du lehergailuen arrastoak topatu dituztela Nord Stream 1 eta 2 gasbideetan

Stockholmek ondorioztatu du irail amaieran jazotako gertakaria «sabotaje larria» izan zela. Kremlinek esan du iragarpen horrek «berretsi egiten» duela Errusiako «informazioa».

Nord Stream 1 gasbidearen isuri bat, Itsaso Baltikoan, Suediako uretan. SWEDISH COAST GUARD / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko azaroaren 18a
12:18
Entzun

Suediako agintariek ostiral honetan baieztatu dutenez, lehergailuen arrastoak aurkitu dituzte Errusiako Nord Stream 1 eta 2 gasbideetan, eta irail amaieran jazotako gertakaria «sabotaje larria» izan zela ondorioztatu dute, baita «larritzat» jo ere. Gasbide horien aurkako «sabotajeak» lau gas isuri eragin zituen; horietako bi, Suediako uretan. «Itsaso Baltikoan egin ziren ikerketetan objektu asko konfiskatu zituzten, eta eremua zehatz-mehatz jasota dago. Egindako azterketen arabera, lehergailuen arrastoak atzeman ditugu hainbat objektutan», adierazi du Suediako Fiskaltzak ohar batean. Bide horretan, Kremlinek esan du iragarpen horrek «berretsi egiten» duela Errusiako «informazioa».

Mats Ljungqvist fiskala arduratu da kasuaz, eta esan du azterketa lanak aurrera jarraitzen duela, «gertakariei buruzko ondorio sendoagoak izateko», baina nabarmendu du ikerketa «oso konplexua eta zabala» izaten ari dela. Haren esanetan, ikerketaren bilakaerak zehaztuko du «susmagarriren bat identifikatu daitekeen ala ez». Suediako Fiskaltzak duela hilabete jakinarazi zuen ustezko sabotaje baten susmoak indartzen ari zirela, kaltetutako gasbideak ikuskatu ondoren. Segurtasun Zerbitzuak urriaren 6an adierazi zuenez, ikerketek ondorioztatu zuten «leherketek» eragin zituztela kalteak, eta nabarmendu zuen horrek indartu egiten dituela «sabotaje larriaren inguruko susmoak».

Horrekin lotuta, Kremlineko eledun Dmitri Peskovek nabarmendu duenez, Suediak Nord Stream gasbidean «lehergailuen arrastoak» aurkitzeari buruz egindako iragarpenak «berretsi egin du Errusiako informazioa», eta gogorarazi «oso garrantzitsua» dela «leherketa horren atzean egon zirenak aurkitzea».

Danimarkako eta Suediako gobernuek irailaren 27an jakinarazi zuten Nord Stream 1 eta 2 gasbideek —Errusiako ipar-mendebaldetik Alemaniara gasa garraiatzeko azpiegiturek— kalteak jasan zituztela beren eremuetan eta bi zulo topatu zituztela gasbide bakoitzean. Hain justu, egun bat lehenago Danimarkako Bornholm uharteko sismografoek bi leherketa atzeman zituzten inguruan. Bi gasbideak zerbitzutik kanpo zeuden ordurako. Kopenhagek eta Stockholmek «sabotajetzat» jo zituzten gertakari horiek.

Alemaniako, Suediako eta Danimarkako agintariak elkarlanean ari dira azpiegituren aurkako erasoen egileak identifikatzeko. Aldiz, Gazpromek, Nord Stream gasbideak kontrolatzen dituen Errusiako gas konpainia erraldoiak, urri amaieran ontzi bat bidali zuen inguru horretara kalteak aztertzeko. Gas ihesak topatu ostean, Danimarkako eta Suediako elektrizitate eta gas sektoreek euren instalazioen gaineko alarma igo zuten, eta gauza bera egin zuen Norvegiak ere, Itsaso Baltikoan kostarik ez duen arren.

Istripuak gertatu zirenean, bi gasbideak ez zeuden martxan. Abuztuaren amaieratik, Nord Stream 1ek ez du gasik garraiatu, Errusiak konpresore batean matxura bat zegoela argudiatuta. Nord Stream 2, berriz, ez dute inoiz martxan jarri. Alemaniak bertan behera utzi zuen otsailean gasbidearen ziurtagiria, Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi baino egun batzuk lehenago; zehazki, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Ukrainako Donbass eskualdeko Donetsk eta Luhansk herri errepubliken independentzia aitortzeari erantzuteko.

Errusia, ikerketatik kanpo

Alemaniako, Danimarkako eta Suediako agintariek gertatutakoaren ikerketatik kanpo utzi dute Errusia, eta, ondorioz, Moskuk kexa formala helarazi du. Kremlinek herrialde «anglosaxoiei» leporatu die gertatutakoaren atzean egotea, eta Ameriketako Estatu Batuek urteetan Errusiaren aurka izan duten jarrera salatu du, Mendebaldeko herrialde batzuek «kontrako norabidea» hartu duten bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.